Debagoieneko Mankomunitateko Garapen Agentziak Hazilan+ programaren lehen edizioa jarriko du martxan irailean, bailarako kualifikatutako langabeen premiei eta ezaugarriei erantzunez, euren laneratzea lortzea xede. Horretarako, ordea, hiru baldintza bete behar dira: Debagoieneko herriren batean erroldatuta egotea; langabea izatea; eta amaituta izatea erdi mailako edo goi mailako lanbide heziketako zikloa, unibertsitate gradua edo unibertsitate ondokoa. Adinari dagokionez, berriz, ez dago mugarik, baina bereziki bi profili zuzenduta dago programa: titulua lortu berri duten gazteei eta langabetuei, batik bat, 45 urtetik gorakoei.
Hain justu, Euskadiko 2021-2027 Programa Operatiboaren bidez jarriko da martxan proiektu hau, eta asmoa da urtean bi edizioa egitea 2028ra arte: lehen seihilekoan bata eta iraila-urria aldera bestea.
Proiektuaren banaketa
Proiektuaren banaketari dagokionez, bi fase ditu: batetik, zeharkako konpetentziak lantzeko tailerrak egingo dira, 80 ordu zehaztuta horretarako; bestetik, lanpostu batean trebatzeko praktikaldia egingo da eskualdeko enpresetan, 200 ordutan edo bi-bederatzi hilabete bitarteko praktika ordainduetan. Hala, Garapen Agentziako arduradunek helburu dute partaideen "ahalduntzea eta lan aktibazioa" sustatzea.
Kezkaren bat izanez gero, programari buruzko informazioa jasotzeko aukera izango da ekainaren 18an, martitzenean, 10:00etan, Debagoieneko Mankomunitatean, baina izena ematea komeni da inprimakia beteta edo hazilan@debagoiena.eus helbidera mezu bat bidalita. Irailean hasiko den edizioan parte-hartzeko epea, berriz, uztailaren 2an bukatuko da; aurrez aurre ez ezik, erregistro elektronikoaren bidez ere egin daiteke. Ondoren hautaketa egingo dute.