74 bertsolarik abiatu zuten, apirilean, Gipuzkoa Bertsotan ekimena, eta dagoeneko 34 bertsolarik dute udazkenerako txartel bana; bost debagoiendar daude haien artean.
Orain arteko lanarekin "pozik"
Eskualdeko bederatzi bertsolari ziren hasieran, eta Oñatiko Maider Arregik eta Aitor Tatiegik, Arrasateko Ane Zuazubiskarrek eta Eskoriatzako Haizea eta Oihana Aranak egin dute aurrera. "Gustura" daude sailkapen faseko saioekin. "Gauza batzuk ondo egin izanaren sentsazioa dut eta gauza batzuk
fintzeko eta hobetzeko gelditzen zaizkit", dio Oihana Aranak, eta zera gaineratu du Zuazubiskarrek: "Lan txukuna eginda, pozik nago ni ere". Bide beretik jardun du Maider Arregik, "lasai eta lagun artean bertsotan gustura" ibili dela gaineratuta.
Saioetan izan duen jarreragatik "pozik" dago Tatiegi, nahiz eta "penaz" dagoen eskola bereko Urko Arregi atarian geratu delako. Eta Haizea Aranak ez zuen azkenekoan "askorik gozatu", baina "pozik" dago eman duen irudiarekin.
Udarako, etxeko lanak
Oporrak entrenatzeko aprobatxatuko dutela diote guztiek: "Lagun artean bertsotan egingo dugu eta bestelako ariketa gehiago ere egin beharko ditugu formatuak, formak, doinuak, gaiak eta errimak lantzeko".
Gaur, Señora sariketa
Udazkena heldu bitartean, bestelako plazak ere entrenamendu-gune izango dituzte, eta horien artean gaur, zapatua, Portugaleten jokatuko duten Señora sariketa. Zortzi bertsolarik jardungo dute; haien artean, Arrasateko Ane Zuazubiskarrek. Egun osoko egitaraua prestatu dute Ahalduntze bertso-eskolako kideek: 12:30ean, bertso-poteoa; bazkaria 14:30ean; eta 17:30ean, berriz, bertso saioa.