Mikel Garcia Arruabarrena: "Proiektu berrientzat bultzada dira sari hauek"

Iñigo Barrena Kortabarria 2024ko eka. 8a, 10:00

Mikel Garcia, bigarren eskuko bateriekin lotutako proiektua alboan duela. Argazkia: Mikel Garcia.

Iazko Mondragon tFM-tFg sarietan orbea mugikortasun osasungarria eta iraunkorra saria lortu zuen; duela gutxi zabaldu da aurtengo lanak entregatzeko epea

Mondragon TFG-TFM sarietarako proiektuak aurkezteko epea zabaldu dute duela gutxi. Urtero, XXI. mendeko erronkei ekarpena egiten dieten TFG edo TFMak saritzen dituzte, eta, era berean, gazteek erronka horiei aurre egiteko dituzten ideia eta proiektu berritzaileak bistaratu. Iazko sarietako bat Orbea saria izan zen, eta mugikortasun osasungarria eta iraunkorra ditu oinarri. Irabazlea Mikel Garcia Arruabarrena izan zen (Irun, 1999), Kataluniako Unibertsitate Politeknikoan masterra egiten ari zela. Orain, Ikerlanen dihardu lanean, eta harekin izan da GOIENA, iazko esperientziari buruz jarduteko.

Zertan datza zure proiektua?

Helburu nagusia bigarren bizitzako bateriak aprobetxatzea zen, eta bigarren aukera bat ematea bateria horiei. Kasu honetan, aplikazioa azken miliako ibilgailu elektriko batean izan zen. Nik erabili nituen bateria horiek Nissan auto batekoak ziren, eta erretiratuta zeuden, degradatuta zeudelako. Haiei bigarren bizitza bat emateko beste aplikazio bat eman nien.

Zergatik aukeratu zenuen proiektu hori lantzea?

Dagoeneko ezagutza bat banuen bateriekin; izan ere, praktikak baterien gainean egin nituen. Horrez gain, masterra ere elektronikaren gainean zen, eta ikusten zen elektronikako hainbat aspektu landuko nituela proiektu hori garatuz.

Ze erronka izan zenituen?

Bateriek ez zituzten hasierako prestazioak betetzen. Degradatuta zeudela ikusten zen, eta, hain zuzen, ezin zituztela prestazio berak eman.

Nolako prozesua izan zen?

Lehenengo, ibilgailuan txertatu behar nituen osagaiak identifikatu behar izan nituen, hala nola kargadorea, bateria maneiatzeko sistema eta dena komunikatzeko beharrezko txartela. Ondoren, bakoitzaren espezifikazioak ulertu eta dena bat zetorrela ikusi nuen. Behin dena nuela, ekipo bakoitzarekin lanean hasi nintzen, funtzionatzen zuela baieztatzeko, eta, gutxinaka, denak elkartzen joan nintzen: alde batetik, karga; eta bestetik, komunikazioa.

Ze inpaktu dute bateria horiek ingurumenean?

Lehenik, jakin behar da ze elektrizitate motarekin kargatu den bateria hori. Esaterako, energia berriztagarrietatik kargatzen bada, agian, bateria horrek ez du eraginik izango potentzia ematen ari denean; bestetik, berriz, bateria hori kargatzeko ikatzetik sortutako elektrizitatea erabiltzen bada, esan daiteke kliman eragina izango duela. Horrez gain, bateriak ere hondakin bihur daiteke, eta, beraz, kontuan izan behar dugu horiek nola berritu daitezkeen edo nola eman diezaiekegun bigarren bizitza bat.

Etorkizunera begira ze erronka dituzte ibilgailu elektrikoek?

Hasteko, esango nuke karga azkarrak bateriaren degradazioan izan dezakeen inpaktua aztertu beharko dela, eta egun aztertzen den gauza bat da. Horrez gain, potentzia iturrien hibridazioa, hau da, baterien degradazioan hartzen duen energiaren kudeaketa ere kontuan hartu behar da. Eta, nola ez, bateria bera nola birziklatzen dugun ere bai.

Ze aukera ematen diete Mondragoneko TFG-TFM sariek gazteei?

Proiektu berritzalieei bultzada bat emateko balio dute. Zure proiekturako motibazioa aurkitzen baduzu, askoz hobeto garatuko duzu. Nire kasuan, ez nintzen konturatu sari ekonomikoa zegoenik, hasieratik proiektuan interesatua nengoelako. Horrelako sariek gazteen arten interesa pizten dute, era berean, proiektu berritzaile gehiago sortzeko. Aukera paregabea da gazteek dituzten ideia eta proiektuak bistaratzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak