Fabrikazio aurreratuko BIEMH azoka liderra den heinean, aurtengo aldia benetako ikuskizun industrial eta teknologikoa ari da izaten. Gainera, enpresendako aberasgarria izan dela adierazi dute Fagor Automation-etik eta Soraluce enpresatik.
Fagor Automation-eko Estatuko merkaturako CNC salmenta arduradun Joaquin Olabek balorazio hau egin du: "Fagor Automation aurreikuspen onekin heldu zen Biurtekoaren edizio honetara, besteak beste, erakusketari asko zeudelako izena emanda. Jakin bagenekien jende asko etorriko zela, eta horrela izan da. Gure aurreikuspen guztiak bete dira. Jende asko gerturatu da, bezero ugari etorri dira, harreman berriak ere egin ditugu… Gainera, agenda bete bat genuen bezeroekin jarririko hitzorduekin, eta guztiak etorri dira, guztiekin egoteko aukera izan dugu. Biurtekoaren balorazio positiboa egiten dugu".
Soraluce enpresako zuzendari nagusi Rafa Idigorasek, berriz, hitz hauek erabili ditu balorazioa egiteko: "Ikuspegi kuantitatibotik, bisitei eta aukera berriei buruzko datuak % 30 hobetu ditugu. Anbizio handiko helburua geneukan, aurreko edizioa ez baitzen batere txarra izan, baina emaitzak hobeak izan dira. Bestalde, eremu kualitatiboago batetik, Soralucek bere lidergo-posizioa sendotu du sektorean, eta harreman estua izan gure egungo bezeroekin eta bezero potentzialekin. Azokak erakusleiho ezin hobeak dira, agian oraindik ondo ezagutzen ez gaituzten enpresa batzuei gurea bezalako marka baten potentziala erakusteko".