Gaur dira Europako Parlamenturako hauteskundeak eta 49.483 debagoiendarrek eman ahal izango dute botoa. Ohi bezala, hauteskunde mahaiak goizeko bederatzietan zabalduko dituzte eta arratsaldeko zortziak arte egongo da botoa emateko aukera. 720 europarlamentari aukeratuko dira, guztira, eta Euskal Herriko herritarrek Espainiari dagozkion 61 eta Frantziari dagozkion 81 parlamentariren ordezkaritza bozkatuko dute.
Boto-emaileak
Debagoienean ia 49.500 herritar daude deituta bozkatzera, Espainiako Estatistika Institutuak (INE) emandako datuen arabera, eta honako hauek dira kopuruak, herriz herri: Arrasaten 16.924 lagun daude deituta; Bergaran, 11.213; Oñatin, 8.789; Aretxabaletan, 5.554; Eskoriatzan, 3.241; Antzuolan, 1.600; Aramaion, 1.135; Elgetan, 858; eta Leintz Gatzagan, 169.
EAEko hiru lurraldeei dagokienez, Gipuzkoan 557.031 pertsonak eman ahal izango dute botoa; Araban, berriz, 253.146k; eta Bizkaian, 901.886k.
Hautesleku aldaketa Oñatin
Debagoienean hogei hautesleku daude Europako hauteskundeei begira. Arrasaten sei gune egongo dira; Bergaran, bost; Oñatin, hiru; eta Aretxabaletan, Eskoriatzan, Antzuolan, Aramaion, Elgetan eta Leintz Gatzagan bana.
Alabaina, Legebiltzarreko hauteskundeetan baino hautesleku bat gutxiago egongo da –orduan 21 izan ziren–, Oñatin Olakuako dorrean eta Txiki Txokon egon ohi diren mahaiak Natur Eskolako eraikinean egongo direlako. Hortaz, Olakuako, San Lorentzoko eta Ugarkaldeko boto-emaileek Natur Eskolan emango dute botoa.
Hauteskunde mahaiei dagokienez, berriz, 79 izango dira –78 izan ziren A21ean–: Arrasaten, 29; Bergaran, hamazazpi; Oñatin, hamabost –hauteslekua murriztu arren, mahai kopurua mantentzen da–; Aretxabaletan, zortzi –Legebiltzarrekoetan baino bat gehiago–; Eskoriatzan, lau; Aramaion eta Antzuolan, bina; eta Elgetan eta Leintz Gatzagan, bana.
Zenbait alderdi koalizioan
EAEko alderdi nagusiak –EH Bildu eta EAJ– koalizio banatan aurkeztu dira gaurko hauteskundetara. EH Bildu Orain Errepublikak izenpean aurkeztu da Kataluniako Ezker Errepublikanoarekin (ERC), Galiziako Bloke Nazionalistarekin eta Balear Uharteetako Ara Mes alderdiarekin batera. Euskal Herriko ezker abertzaleko alderdiko zerrendaburua Pernando Barrena da, baina Orain Errepublikak alderdiko zerrendako bigarren hautagaia da.
EAJren kasuan ere, koalizioan aurkeztu da, Europa Solidarioaren Aldeko Koalizioaren (CEUS) izenburupean Nafarroako eta Espainiako beste zenbait alderdirekin; hain zuzen ere, Geroa Nafarroako Sozialberdeak Europarekin, Atarrabia Taldearekin, Kanariar Koalizioarekin eta Balear Uharteetako Uharteetarako Proposamena alderdiarekin. Alderdi jeltzaleko Oihane Agirregoitia da CEUSeko zerrendaburua.
Denera, 34 alderdik aurkeztu dituzte euren hauteskunde programak eta horien artean aukeratu ahal izango dute herritarrek. Besteak beste, gainerako alderdi nagusiek ere aurkeztu dituzte euren hautagaitzak: PSOE, PP, Sumar edota Podemos alderdiek.
Abstentzioa
Europako Parlamentuko hauteskundeak izaten dira hauteskunde guztietatik parte-hartze baxuena izaten dutenak, eta, inkestek diotenaren arabera, domekan parte-hartzea %50etik beherakoa izango da. Horrekin lotuta, Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak abstentziorako dei egin du, haien esanetan gaurko hauteskundeek "ez dutelako inolako aldaketarik ekarriko". Besteak beste, Europako Parlamenturako hauteskundeak "Mendebaldeko oligarkia indartu eta zilegitzeko eginda" daudela nabarmendu du mugimendu sozialistak. Hori dela eta, NATOri eta Europako Batasunari ez lelopean, "gerraren, genozidioaren eta austeritatearen aurkako" aldarriak plazaratzeko asmoz, manifestazioa egin zuten egubakoitzean Donostian.
Emaitzen jarraipena Goienan
Gainerako hauteskundeetan bezala, atari honek hauteskunde egunaren eta Debagoieneko hauteslekuen zuzeneko jarraipena egingo du. Halaber, emaitzak gaueko hamaiketatik aurrera kontsultatu ahal izango dira.