Eskuin muturrari adi daude denak

Xabier Urtzelai 2024ko eka. 4a, 14:42

Europako Parlamentua.

Ekainaren 9an egingo dituzte Europako Parlamenturako hauteskundeei begira klabe nagusiak eman dituzte Ane Irazabal eta Juanjo San Miguel kazetariek. Biharamunean izango den joko-taula berrian eskuin muturreko alderdiek izango duten protagonismoan jarri dute arreta biek; hazi egingo da euren eragina.

Puntua aldizkariaren 413. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Ekainaren 9ko Europako Parlamenturako hauteskundeetan asko dago jokoan, eta, kontrara, herritarrek urrunen sentitzen dituzten hauteskundeak dira hauek. Juanjo San Miguel (Arrasate, 1959) kazetariaren esanetan, oker handia da hori: "Herritarrok garrantzi handiagoa ematen diegu Gasteizko Parlamentura edota Madrilgo Parlamentura begira egiten dituzten hauteskundeei. Baina Europan hartzen diren erabakien eragina gure egunerokoan izugarri handia da. Arauak, legeak, zuzentarauak... Izugarri baldintzatzen dute herrialde baten politika; arlo guztietan, gainera. Horrenbestez, oso garrantzitsua da botoa ematea, besteak beste, guk ematen ez badugu beste batzuek emango dutelako gure partez. Badirudi hauteskundeetako lelo bat ematen duela horrek, baina halaxe da. Axolagabekeriaz jokatzen dugulako edo Europa urrun ikusten dugulako, baina abstentzio altua egoten da hauteskunde hauetan, eta, ondorioz, eskuin muturreko alderdiak asko indartzen dira".

San Miguelek jendeak galduta duen pertzepzio baten gainean ere egin du berba: "Demokrazia defendatu beharra den zerbait dela, alegia. Demokrazia inperfektu baten bizi gara, zalantzarik gabe, baina demokrazia hori herrialde gutxitan dago, eta nik uste dut maila batean arriskuan dagoela. Besteak beste, eskuin muturra zilegitasuna irabazten dabilelako. Italian Gobernuan daude, Hungarian Gobernuan daude, Herbehereetan Gobernuan sartu dira, Frantzian eta Alemanian egundoko indarra hartu dute... Eta bai, hemengo eskuin muturrari barre egiten diogu, baina Trumpi ere barre egiten genion, eta begiratu ze eragin izan zuen...".

Aldaketa handiak Europan

Aurreko hauteskundeetatik hona gauza asko gertatu dira Europan, eta aldaketa handiak ekarri dituzte gertaerok: brexit-a –Erresuma Batua 2020ko urtarrilaren 31n irten zen EBtik–, pandemiaren eragina, Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerra, immigrazioa, defentsa auzia, klima aldaketaren aurrean zenbait herrialdek hartu dituzten energiari buruzko neurriak, estatuen arteko harreman geopolitikoak... Hala, orain arte Europarlamentuan agintzen ibili diren hiru talde nagusiak izan dira popularrak, sozialistak eta liberalak, baina, inkesten arabera, liberalen hirugarren postu hori ultraeskuinaren eskuetan egongo da, eta baita laugarren alderdi bozkatuena ere. Hori horrela, orain arteko hiru alderdi nagusiek euren artean itunak egiteko gaitasuna galtzen badute, Europako politika nagusietan aldaketak izango direla diote adituek.

ANE IRAZABAL: "VON DER LEYENEK ESKUIN MUTUR ONA ETA TXARRA BEREIZI DITU"

Alemania bera da tenperatura neurtzeko termometro ona, eta Ane Irazabalek dio han eztabaida politiko osoa eskuin muturrean zentratzen ari dela: "Alde batetik, inkestek alderdi horien gorakada nabarmena aurreikusten dutelako, eta, bestetik, uste dutelako hautesleek orain arteko hiruko koalizioa osatu duten alderdiak zigortu egingo dituztela: sozialdemokratak, liberalak eta berdeak. Eta, bereziki, Olaf Scholz-en sozial demokratek jasoko dute zigor handiena. Eta hau guztia gertatzen dabil giro erabat nahasia dagoela; izan ere, azken asteotan areagotu egin dira Alemaniako politikarien kontrako erasoak, eta eraso horien atzean eskuin muturreko talde edo mugimendu neonaziak daude. Eraso horiek kanpaina egitera joan diren hautagaiek jasan dituzte, eta, bereziki, Alemaniako ekialdeko herrixketan izan dira erasoak. Gauzak horrela, hemen garrantzitsua dena da ikustea zein izango den panorama hauteskundeen ostean. Izan ere, hemen oso garrantzitsuak dira Ursula von der Leyenek kanpainako lehen debatean esan zituenak. Orduan, Europako Batzordeko presidenteak bereizi egin zituen Europan dauden ultraeskuindar taldeak, esanez batzuk onak zirela –Meloni, VOX...– eta beste batzuk txarrak –Marine Le Pen eta Alemaniako Alternatiba–. Zergatik egin zuen hori? Ikusten duelako aritmetika parlamentarioa aldatu egingo dela, eta posible delako ultraeskuindar on horien babesa behar izatea agintzen jarraitzeko. Horrenbestez, egoera oso arduragarrian gaude Alemanian, ikusten dugulako garai baten Angela Merkelek ultraeskuinaren aurrean ezarritako babes hesia desagertu egingo dela".

Armategian gastatu beharrekoa

JUANJO SAN MIGUEL: "DEMOKRAZIA DEFENDATU BEHARREKO ZERBAIT DA"

Ukrainaren eta Errusiaren arteko gerrak bestelako alarma gorriak ere piztu ditu Europan. Batetik, herrialde askok duten menpekotasun energetikoa bistaratu du Ukrainako inbasioak. "Alemaniarrek azken bi urteotan oso galduta ikusi dute euren burua. Euren eredu energetiko eta ekonomikoa berregituratu egin behar izan dute, krisi energetikoak inflazio handia ekarri du, eta, hori horrela, ekonomia ere izango da hauteskundeetako beste ardatz bat", dio Irazabalek. Eta San Miguelek beste eztabaida bat plazaratu du. "Aspaldian inork usteko ez lukeena mahai gainean jarri du mandatari batek baino gehiagok; alegia, Europa barruan gerrak izateko dagoen aukera. Eta kasurik txarrenean, beti uste izan dugu hor egongo direla AEBak gu defendatzeko. Baina Suediak eta Finlandiak NATOn sartzea eskatu berri dute, Europako hamahiru herrialdetan soldaduska derrigorrezkoa da eta agintariak ari dira esaten armategian geroago eta diru gehiago gastatu behar dugula. Hori erabaki egin behar da, eta guk aukeratzen ditugun horiek erabakiko dituzte halakoak. Eta ondoren, erabaki horiek eragin zuzena izango dute gugan".

Europa, geroago eta zaharragoa

Immigrazioaren auzia da hauteskundeetara begira egongo den beste klabeetako bat. "Europa zahartzen dabilen gizartea da, eta zahartze horrek dakar beldurra, kezka eta kanpokoarekiko mesfidantza. Hori guztia eskuin muturrak ondo baliatzen du, baina ahaztu egiten dugu Europa bera emigranteen lurraldea izan dela, XX. mendean milioi asko joan zirela kanpora etorkizun hobe baten bila, eta orain datozenak helburu berberaz datozela. Eta gainera, Europatik esaten digute ongizate honi eusteko datozen 25 urtetan 60 milioi etorkin beharko ditugula".

Paulo Bikuña: "Irlandan ukrainar errefuxiatuen laguntzak izan dira berbagai"

Paulo Bikuña bergararra Irlandan bizi da 2014tik. Lehen, Dublin hiriburuan bizi zen, baina, pandemiaz geroztik, Kerry konderrira lekualdatu da. Eta Europako hauteskundetara begira eztabaida nagusia immigrazioaren bueltan dagoela nabarmendu du. "Aurrekari batzuk jartzearren, 2022an kanpotar batek emakumezko gazte bati eraso egin zion korrika zebilen bitartean, eta hil egin zuen. Horrek klik moduko bat eragin zuen irlandarren artean, eta, kasualitatez, hilketa haren gaineko epaiketa egiten ari zirenean, iaz, gizonezko bat haurtzaindegi batera sartu zen Dublinen eta 5 eta 6 urte arteko hiru ume eta irakaslea zauritu zituen labanarekin. Gertaera haiek eskuin muturrak ondo baliatu zituen bere mezua zabaltzeko, eta hurrengo egunetan sekulako istiluak izan ziren kaleetan. Eta bestalde, Irlanda izan da Ukrainako errefuxiatu gehien hartu dituen herrialdea, 78.000 lagun etorri ziren hona. Esaterako, ni bizi naizen herrian hiru hotel bete zituzten Ukrainako errefuxiatuekin. Ukrainar haiei Irlandako Gobernuak astero 220 euroko dirulaguntza eman die eta irlandarrek hori ez dute begi onez ikusi, Irlandan bestela ere gazteriaren artean langabezia tasa handiak daudelako, kale gorrian bizi den jende asko dagoelako... Orain, baina, ukrainarren dirulaguntzak 38 eurora murriztu dituzte, eta protesta egin dutenean istiluak izan dituzte ultraeskuindarren kontra. Hor dago eztabaida".

Maialen Urizar: "Austrian legez kanpoko immigrazioak ematen die buruko mina"

Maialen Urizarrek (Aramaio, 1987) hamar urte egin ditu Alemanian eta Austrian bizi izaten, eta gaur egun Tirolen bizi da, Wolg-en. "Hemen eskuinak agintzen du, eta austriarrak orokorrean nahiko eskuindarrak dira. Baina esango nuke ondo bereizten dutela eskuinaren eta ultraeskuinaren artean, eta orokorrean eskuin muturrarekin ez dute ezer jakin nahi izaten, erotzat hartzen dituzte. Baina bai, hemen immigrazioak zeresana izango du hauteskundeetan; azken batean, ekialdetik datozen etorkinendako Austria da bizi-kalitate ona eskaintzen duen lehen lurraldea, eta, askok Alemaniarako bidea hartzen badute ere, beste asko hemen geratzen dira. Eta immigrazio ilegal horrek buruko min handia ematen dio Gobernuari. Adibidez, ez dakit onartzear dagoen edo dagoeneko onartu duten, baina errefuxiatu eskaera egiten dutenei DNA probak egin nahi dizkiete, eurekin datozenak benetan senitartekoak diren edo ez ikusteko".

Austriarrak ez dira irekiak

Urizarrek onartzen du, baina, zaila egiten zaiola austriarrek hauteskundetara begira ze asmo duten iragartzea. "Esan dezaket hamar urtean ez dudala lagun austriarrik egin, oso gizarte itxia dira. Kanpotarrei esaten diete ez direla integratzen, baina gero, ikusten duzu ia ezinezkoa dela bertako gizartean integratzea. Alde horretatik, euskaldunon kuadrilletan ere gauza bera gertatzen da"

Jon De Andres: "Portugalen aldatu egin da etorkinen jatorria"

Jon De Andresek (Arrasate, 1992) lau urte eta erdi daramatza Portugalen, Porton, eta lehenago bi urte egin zituen Brasilen eta beste bi AEBetan. Teach for Portugal izeneko gobernuz kanpoko erakundean egiten du lan, eta dio han ere immigrazioa zeresana ematen dabilela. "Kanpotik datorren jendearen jatorria aldatu egin da. Lehen, brasildarrak etortzen ziren Portugalera, Cabo Verdekoak... Baina azken urteotan hori aldatu egin da, eta Asiatik, Afrikatik... etortzen dira. Etorkin horiekin dagoen talka kulturala handiagoa da, eta ghetto modukoak sortu dira. Hala, Chega moduko alderdi ultraeskuindarrek gora egin dute eta Europa gurea da edota Islametik babestu egin behar dugu moduko leloak behin eta berriro entzuten eta ikusten ari gara, komunikabideetan eta sare sozialetan ere zarata handia ateratzen dabiltza eta klase ertainean barneratzen dabilen mezua da. Hemen martxoan hauteskundeak izan ziren, gobernu aldaketa izan zen eta eskumarako joera egon da. Lehen partidu sozialistaren alde zeuden asko Chegara joan dira, eta partidu komunistak boto gehien zituen tokietan egin dute gora.

Hauteskunde arraroak

Alde horretatik, baina, De Andresek dio hauteskunde hauek arraro samarrak direla: "Jendeak ez die garrantzi handirik ematen, eta alderdiek aurkeztu dituzten hautagaiak orokorrean nahiko ezezagunak dira".

Goizeder Caballero: "Suedian ghettoak sortu dira hiri handietan"

Goizeder Caballerok (Arrasate, 1985) zazpi urte daramatza Stockholmen (Suedia) eta dio hauteskunde hauetan egoera nahiko korapilatsua ikusten duela. "Batetik, eskuin muturra indar handia hartzen dabil, baina, hala ere, azken hauteskundeetan ez ziren Gobernuan sartu. Ezkerrak nahiago izan zuen eskuma babestu, alderdi ultraeskuina kanpoan uztearen truke". Hala, Caballerok nabarmendu du arlo ekonomikoak pisua izango duela, Suediak duen inflazio altuagatik, eta immigrazioarekin ere jendea arduratuta dagoela. "Azken urteotan jende asko etorri da inolako kontrolik gabe, eta ghettoak sortu dira, bereziki, Stockolmen eta Gotemburgon. Eta ghetto horietan izaten diren liskarrek zeresan handia ematen dute komunikabidetan. Tiroketak egon dira... Drogekin sorturiko liskarrak... Taldeen arteko gorabeherak izaten dira, eta jendea arduratuta dago horrekin. Eta, noski, horrek ere eragina izango du hauteskundeetan, seguru.

Errusiaren gertutasuna

Ukrainaren eta Errusiaren arteko gerrak ere eragina izango du hauteskundeetan. "Errusia oso gertu daukagu, bizilagunak gara, eta Stop Putin lelodun kartelak ikusten ditugu kalean. Kontuan izan Suedia NATOn sartu berri dela, eta jendea arduratuta dago gai horrekin. Eta amaitzeko, Suediako koroa oso baxu dago, eta eztabaida dago txanpon moduan euroa hartu ala ez".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak