Intxortako rallysprinta egingo da lehenbiziko aldiz datorren ekainaren 1ean, Amasgas taldeak antolatuta. 12:30ean emango diote hasiera lasterketari Bergarako San Kristobal auzoan eta Kanpazarren bukatuko da, Angiozartik eta Asentziotik pasa ostean. "Errebueltak, pendizak eta aldapa aldaketa asko" izango dituen ibilbidea dela aurreratu dute antolatzaileek eta gaineratu hiru buelta luzek eta laugarren motz batek osatuko dutela lasterketa; motz hori Angiozartik helmugarakoa izango da bakarrik.
Eguerdian, 12:30ean, hasiko da rallysprinta eta 10:30ak aldera itxi egingo dute errepidea. Telleria industriagunean, autoen egiaztapen gunea eta asistentzia parkea egokituko dituzte, baina ibilgailuendako aparkaleku bat ere. Ikusleendako ere egongo dira apropos egokitutako gunean ibilbidean zehar, "segurtasuna bermatzeko". Angiozarko frontoian egingo da sari banaketa eta taberna ere han jarriko dute.
Gipuzkoako eta Euskal Herriko federazioetako ordezkariekin batera egindako aurkezpenean azaldu zuten Amasgas elkarteko kideek lasterketaren nondik norakoak. Mezua ere helarazi dute antolatzaileek: "Etorri, errespetatu eta gozatu".