Denboraldi erdialdean dator Intxortako I. Rallysprinta; hiruzpalau jokatu dira aurretik, eta beste bizpahiru gelditzen dira ondoren. Lehenengo aldiz jokatuko da Intxortakoa, eta zaleak gogotsu daude probak emango duena ikusteko. "Ez da entrenamendu saiorik izango, eta tarte kronometratu bakarra izango du: Bergarako garbigune paretik Kanpanzarrerainokoa, Angiozartik eta Asentziotik pasata", azaldu du Mendi Mendi Racing taldeko pilotu Mikel Beretxinagak. "Lau pasada izango dira, eta lau denboren baturan azkarrenak irabaziko du".
Ibilbide oso azkarra dela esan du pilotu elgetarrak: "Oso azkarra da eta, aldi berean, denetik dauka: hasieran, lautada; eta gero, aldapak gora, aldapak behera, eremu azkarrak, eremu motelak... Denetik".
Proba 12:30ean hasiko da eta sarrera 10 eurokoa izango da. "Hiru sarrera-puntu izango dira: garbigune parean bat eta Asentzion eta Kanpanzarren beste biak". Ikusteko, Asentziora heltzeko faltan 500 bat metrora gelditzen den gunea gomendatu du Beretxinagak: "Leku ona da rallysprinta ikusteko".
Rallysprint falta bailaran
Bailarak merezi zuen rallysprint bat. "Inguru honetan badugu halako proben falta; denak gelditzen zaizkigu Gipuzkoa barrualdean. Orain urte batzuk egin genuen rallysprint bat antolatzeko saiakera, baina pandemia heldu zen eta bertan behera geratu ziren proba gehienak", esan du elgetarrak. Beretxinagak uste du zaleak gogoz daudela. "Laguntza eskatu dugu komisario lanak eta beste egiteko, eta berehala bete dira postu guztiak. Oso eskertuta gaude".
Elgetako auto bat lehian
Mikel Beretxinagak badu Intxortako I. Rallysprintean parte hartzeko asmoa. "Autoarekin arazo batzuk ditugu, baina espero dugu garaiz konpontzea eta listan egotea", esan du. Oskar Sarasua izango du kopilotu.
Maiatzaren 11n jokatutako Gorlako Igoeran estreinatu zuten auto berria: "2022an Goilurrako rallyan izandako istripuaren ondoren, osorik berritu dugu. Gorlako Igoeraren ostean, aldaketa batzuk egiten ari gara; ea egunerako heltzen garen".