2023ko emaitzen irakurketa "positiboa" egin du Iñigo Ucinek, Mondragon Korporazioko lehendakariak, 11.056 milioi euroko salmentak izan baitzituen iaz; aurreko urtearekin alderatuz gero, %5,1eko igoera, hain justu. 70.500 pertsonako plantilla izan du, eta inbertsioak ere aipagai izan dituzte: 369 milioi eurokoa izan da, 2022koa baino %6,4 gehiago. "Zenbaki horiek berresten dute kooperatiba guztiak gai izan direla ekitaldi korapilatsu bat aise gainditzeko, non geopolitikak ekonomiaren eta merkatuen bilakaera baldintzatu duen". Halaber, Ucinek gaineratu du 2024ko lehen lauhilekoan negozio guztien bilakaerak "azken urteetako ildotik" jarraitu duela: "Nahiz eta mundu osoko egoera geoestrategiko konplexuak eta guretzat garrantzitsuak diren herrialde batzuen ahultasunak ziurgabetasuna eragin, batez ere Alemaniaren, Europako erdialdearen eta baita Txinaren ahultasunak ere".
Eremuz eremu, banaketa eta finantza arloan, esaterako, Eroskik 5.729 milioiko salmentak izan zituen, eta 109 milioiko emaitzak; Laboral Kutxak, berriz, 222 milioi euroko emaitza izan du, eta, hala, izan duen "portaera ona" nabarmendu du Mondragon Korporazioak. Horrez gain, industrian, bi puntu azpimarratu ditu: "Industria kooperatibetan batez besteko plantilla 27.487 pertsonek osatzen dute, aurreko urtearekin alderatuta igoera txiki batekin, eta 256 milioiko emaitzekin eta 5.035 milioiko fakturazio agregatuarekin (%3,9) amaitu zuen urtea". Are gehiago, nazioarteak emaitza horietan izan duen garrantzia goratu du: "Atzerriko merkatuetako salmentak industria arloaren %75 dira".
Beste sei arlo
Eraikuntza dibisioari dagokionez, Korporazioak aitortu du iazko salmentek "nolabaiteko atzerapena" izan dutela, batez ere enbalajearen eta etxerako konfortaren arloetan. Ekipo ondasunetan, berriz, enpresek "nabarmen" egin dute aurrera, eta, hala, "eskaera zorroa nabarmen handitu" dute. Ingeniaritza eta zerbitzuei loturiko proiektuetan ere hazkundea izan da: %12tik gorakoa, zehazki, batik bat jasangarritasunean. Horiez gain, beste hiru arlo hartu ditu aintzat: ekipamenduetan, aurreko urteetako "bilakaera positiboari" eustea erdietsi dute; automobilgintzan, "kooperatiba guztiek %14ko salmenta hazkundearekin" amaitu dute urtea; eta azkenik, ezagutzaren arloan, berrikuntzaren alde eginiko apustua aipatu du.
Kongresua
Bilboko Euskalduna Jauregian egingo dute kongresua uztailaren 17an, eta Korporazioko kooperatiba guztiak ordezkatuta egon daitezen, 650 konpromisario daude deituta hitzordura. Are gehiago, lehendakaritzan zortzi urte egin ondoren, Ucinek azken agerraldia izango du, Pello Rodriguezek ordezkatuko baitu karguan abuztuaren 1etik aurrera. Horrez gain, 2025-2028 Politika Sozioenpresariala ibilbide orria aurkeztuko dute egun berean.