Debagoieneko autobus zerbitzuari buruzko kezkak azaleratu eta autobus zerbitzu egokia aldarrikatu dute hainbat alditan hainbat agentek.
Batetik, ezinegona dago erabiltzaileen artean; izan ere, diote, esaterako, puntualitatea ez dela errespetatzen sarritan. Langileen aldetik ere, Avanza enpresakoak hainbat alditan kexatu dira; besteak beste, esaten dute autobusak ez dituztela behar bezala zaintzen. Debagoieneko alkateak –EH Bildukoak– Gipuzkoako Mugikortasun arduradunekin batzartu ziren iazko abenduan, bailaran autobus zerbitzu hobea eskaintzeko aurrerapausoak emateko. Eta Debagoieneko Ernai gazte erakundetik ere gaia lantzen dabiltza 2022a ezkero, eta mobilizazioa deitu dute biharko, zapatua, Bergaran, autobus zerbitzu "duina" aldarrikatzeko.
Gaiak kezka eragiten jarraitzen du eta askotariko hobekuntzak egiteko eskatzen jarraitzen dute.
Egungo egoera
Avanzako autobus gidari eta LAB sindikatuko ordezkari Marijo Arzak eta Fermin Iregik gaur egun eurek bizi duten egoera zein den azaldu dute: "Hiriburuak lotzeko diren autobus batzuk berritu egin dituzte; Donostiara, Bilbora eta Gasteizera doazen autobusen zerbitzu horiendako. Baina hemen bertan herri barruko zerbitzuak betetzeko dauzkagun autobusak dezente zahartuta daude, eta, datorren urtean hamar urte beteko dituztenez eta pentsatzen denez aldatu egingo dituztela hamar urte betetzean, egiten zaien mantentzea eskasa da. Eta zer gertatzen da? Askotan, matxuraren bat gertatzen bada, gelditu egin behar dugula. Adibidez, Eskoriatza-Aretxabaleta-Bergara-Zumarraga linean, zerbitzua askotan bertan behera utzi beharra izaten dugu eta erabiltzaileei ez zaie soluziorik ematen".
Horregatik, hau eskatzen dute: "Autobusei mantentze-lan gehiago egitea eta autobusek benetan gutxieneko baldintza batzuk betetzea. Izan ere, gertatzen zaiguna da ohitzen ari garela hartzen ditugun autobusak zerbait gaizki edukitzera, eta horrek gure gainesfortzu bat eskatzen du. Zortzi ordu egon behar duzu lanean, eta, materiala ez badago baldintza onetan, gure osasuna ari gara behartzen". Eskatzen dute baita ere linea bakoitza berriro aztertzea; izan ere, diote herrietako abiadura mugak leku batzuetan murriztu egin direla 30era edo 20ra eta kasu batzuetan gertatzen dela ez direla iristen geltokietara dagokien orduan.
Kexa horiek alkateei
Avanzako langileen kexa horiek alkateei iritsi zitzaizkiela adierazi du Oñatiko alkate Izaro Elorzak, eta, aurretik ere jasotzen zituzten kezkei irtenbidea bilatu nahian, Debagoieneko alkateak Azahara Dominguez Mugikortasun diputatuarekin batzartu ziren iazko abenduan.
Bertan bi gairen inguruan hitz egin zutela adierazi du Elorzak: "Alde batetik, gaur egun autobusen egoerak kezkatzen gintuela adierazi genion Debagoieneko alkateok; izan ere, matxura asko izaten ari ziren/dira eta garraiolarien aldetik ere kezka eta kexak jaso genituen; ez ziren gure kontrako kexak, herrien arteko autobus zerbitzua ez baita gure eskumenekoa. Egoeraren berri eman ziguten, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin genuen harremanean kontuan izateko. Bestetik, bailarako autobus zerbitzuaren arazo eta gabeziez hitz egin genuen. Gure ustetan, mugikortasun jasangarria bultzatu nahi bada, Aldundiak arlo horretan badauka zer hobetua. Mugikortasun iraunkorra bultzatu gura bada, estrategikoa izan behar du autobus zerbitzua hobetzeak, eta hori horrela izan dadin egingo dugu lan Debagoieneko alkateok".
Arrasateko alkate Maider Morrasek azaldu du, bestetik, bilera hartan erabaki zutela bailarako proposamen bateratu bat egiteko, eta, handik abiatuta, lanean jarri ziren ikusteko zeintzuk diren herri bakoitzak dauzkan lehentasunak. Hau azaldu du: "Premiazko lehentasun bat daukagu eta da autobusen matxurak eta autobusen kalitatea hobetzea. Eta bestea da komunikazioa. Erabaki genuen arlo horretan herri bakoitzak zehaztuko zituela zeintzuk diren bere lehentasunak. Gure bailara da Gipuzkoan okerren komunikatuta dagoena, eta, era berean, da pertsona gehien jasotzen dituena eta joaten dena bailaratik egunero. Unibertsitatea eta enpresa ugari dauzkagu eta mugikortasunerako izugarrizko arazoak ditugu".
Mugikortasun Taldea
Ondorioz, eta gaiari duen garrantzitik heldu eta irtenbide egokia bilatzeko asmoz, Mugikortasun Taldea eratu dute. Bertako partaide dira bailarako alkate guztiak, baina horren ardura hiruk daramate: Arrasateko alkate Maider Morrasek, Aretxabaletako alkate Gari Iturbek eta Elgetako alkate Ibon Unzetabarrenetxeak. Hiru horiek elkartuko dira Gipuzkoako Mugikortasuneko arduradunekin ekainaren 13an, Foru Aldundian.
Gazteak ere kezkatuta
Ernaikoek 2022an abiatu zuten, bestetik, Garraio publiko duina ekimena. Eta lau aldarrikapen nagusi dituztela azaldu du taldeko Beñat Loidik: "Enpresa pribatuen esku hartzeekin amaituz, garraio publikoa guztiz publifikatzea; eskualdeko 4.000 biztanletik gorako herrien arteko linea zuzenak ezartzea; gaur egun behar handiena duten lineen maiztasuna handitzea; eta langileen eta erabiltzaileen segurtasuna bermatuko duten autobusak erabiltzea. Gure eskualdean garraioa duintzera bidean hartu daitezkeen oinarrizko batzuk dira soilik horiek, argi dago beste neurri batzuk ere hartu beharko direla garraio publikoa guztiz duintzeko".
Beste kexa batzuk
Arrasateko alkateak beste hobekuntza batzuk ere eskatuko ditu Mugikortasun Taldetik herriarentzat: "Onartu behar dugu Arrasate bailarako herri handiena denez autobus zerbitzurik onena daukagula, baina izugarrizko arazoak dauzkagu detektatuta aspaldidanik. Hauek, esaterako: goizetan, adibidez, Gasteizera eta hiriburuetara doazen autobusak –baina, batez ere, Gasteizera doana– sekulako eskaria dauka eta jendeak joan behar du oso-oso azkar autobusa hartzera, bestela ez da heltzen lanera; Bilborekin komunikazioak hobetu behar dira bai edo bai; puntualitatea da beste bat; eta matxurez gain, autobusetan nola joaten garen ere aztertu behar dela uste dut. Izan ere, legala izango da, baina Gasteizera joateko zutik joan behar baduzu autobusean autobidetik edo autobiatik, segurtasuna ez dakit bermatzen den. Legala izango da, baina segurua ere bai?".
Ildo horretatik, kexu dira baita ere autobus gidari eta LAB sindikatuko Marijo Arza eta Fermin Iregi: "Eskoriatzatik Gasteizerako linean 13:30eko ordu horretan jende asko zutik eraman beharra egoten da. Horrelako zerbitzu gehiago ere badaude; esaterako, zapatu goizetan ere badakigu arazoak egoten direla. Nahiz eta abiadura 80ra jaitsi, egunen batean istripu bat izaten baldin badugu, horko eragina oso gogorra izango da, zutik doan jendea despedituta aterako delako. Benetan guri ez zaigu gustatzen jendea zutik eramatea, baina legala da, eta, legala den bitartean, enpresak ez du ezer egingo".
Morrasek gaineratu du gautxorietan eskaripean gelditu beharko litzatekeela autobusa, batez ere, emakumezkoen segurtasuna bermatzeko, beste herri batzuetan egiten den moduan.
Bestetik, Oñati "isolatuta" dago, eta Elorza alkateak kezka hauek nabarmendu ditu: "Oñatiren kasua harrigarria da. Oso linea gutxi ditugu bertatik igarotzen direnak, eta oso zaila da lineen arteko loturak egitea. Gainera, gaur egun, lekualdatze gehienetan dugu Elorregira joan beharra beste autobus bat hartzera. Eta hori gutxi balitz, bertara joateko aukerak gura baino urriagoak dira, eta, maiztasunagatik eta ordutegiagatik, gura genukeen autobusa galtzen dugu edo denbora asko egon beharra dugu autobusa etorri zain. Finean, zailtasun ugari ditugu autobus publikoa erabiltzeko. Gauza asko dago aldatu beharra herri arteko autobus zerbitzuak Oñatiri eskaintzen dizkion aukeretan. Aldaketa sakona behar da. Duela zenbait urte, hobekuntzak izan ziren, bai. Urte batzuk geroago, ordea, bertan behera gelditu ziren hobekuntza haiek. Hitzez asko egiten da berba mugikortasun iraunkorraz. Horregatik da unea bide horretako politikak abiarazteko".
Sinadura bilketa
Hori guztia kontuan hartuta eta egin beharreko hobekuntzak eskatzeko asmoz, Debagoieneko Ernaikoek sinadura bilketa dute martxan. Momentuz, 2.000 inguru jaso dituzte –bai modu fisikoan, zein digitalki–, eta ekain amaierara arte izango da horretarako aukera. Esaterako, euren sare sozialetako profileko loturatik joan daiteke sinadura egitera edota hainbat autobus geltokitan jarri dituzten QR kodeen bitartez ere iritsi daiteke sinatzeko formulariora.
Mobilizazioa bihar Bergaran
Garraio zerbitzu publiko "duinaren" aldeko mobilizazioa ere deitu du Ernaik. Bihar, zapatua, 17:30ean izango da, San Martin plazan. Loidik adierazi du bertan parte hartuko dutela eskualdeko hainbat subjektuk; ikasleek, langileek, Avanzakoek, sindikatuetako langile ordezkariek eta, nola ez, gazteek protagonismoa izango dutela aurreikusten dute, eta gaineratu du "lehen lerroan" egongo direla. Horrekin, Diputazioan eragin nahi dute.
Helburua, zerbitzua hobetzea
Arrasateko eta Oñatiko alkateek, bestetik, Foru Aldundiaren aldetik prestutasuna ikusi dute lanean lehenbailehen hasteko, baina hitzetatik ekintzetara pasa beharra azpimarratu dute. Elorzak hau adierazi du: "Nik uste dut aukera bat badaukagula, baina argi dago Aldundiak apustua egin behar badu baliabide gehiago bideratu beharko dituela arlo horretara. Hitzetatik ekintzetara pasa beharra dago. Guk argi dugu gure ikuspegia, ezagutzen ditugu gure lehentasunak… Beste aldeak erabaki beharko du zeintzuk diren harenak".
Eta Morrasek hauxe gaineratu du: "Eskatzen dut neurriak hartzea ahalik eta azkarren. Datorren kurtsorako posible baldin bada, guk eskertuko genuke. Izan ere, herriak zenbat eta konektatuagoak izan, mugikortasuna orduan eta hobea izango da. Guk gure herrietako mugikortasuna hobetzeko, Diputazioak bere eskumenekoak ere hobetu egin behar ditu".
Diputazioa eta alkateak, bileretan
Bailarako alkateak abenduan bildu ziren Gipuzkoako Foru Aldundian Mugikortasuneko arduradunekin. Beste batzar bat ere zehaztuta zuten, baina bertan behera utzi behar izan zuten. Dagoeneko, baina, badute data berria: ekainaren 13an elkartuko dira bigarrenez.
Zerbitzua hobetzeko nahia
Oñatiko alkateak azaldu du zerbitzuaren "arazo eta gabeziez" hitz egin zutela lehen bileran eta Arrasateko alkateak gaineratu du bailarako proposamen bateratu bat egingo zutela. Dagoeneko, gainera, zehaztuta dituzte herri bakoitzak dituen lehentasunak. Diputaziotik adierazi dute Avanzak ematen duen zerbitzuaren "azterketa sakona" egiten jarraitzeko konpromisoa hartu zuela orduan Azahara Dominguez diputatuak. Eta hauxe gaineratu dute: "Jarraipena etengabea eta jarraitua da jardun dezakegun fronte guztietan, eta horrela jarraituko dugu. Batzar Nagusietan azaldu genuen moduan, Departamentuak erabiltzaileek zein gidariek zerbitzuaren inguruan jakinarazten dituzten gorabeheren jarraipena egiten du ia denbora errealean. Erabiltzaileen eta gidarien kexak nabarmen jaitsi dira azken hilabeteetan. Ibilgailuei dagokienez, 21 berri izango ditu Avanzako flotak".
ALDUNDIAK ESAN DU 21 AUTOBUS BERRI IZANGO DITUELA AVANZAKO FLOTAK
Hobekuntzak Leintz Gatzagan
Urrats batzuk egin dituzte Aldunditik Leintz Gatzagan: "Badakigu beharrak etengabe aldatzen direla, eta, beraz, zerbitzuak egokitu behar direla, eta harreman estua daukagu udalekin Lurraldebuseko zerbitzua geroz eta hobea izan dadin. Horrela egin dugu, adibidez, azken asteetan, Leintz Gatzagako Dorleta Elkorobarrutia alkateak egindako eskakizun konkretu batzuekin. Baita beste eskualde batzuetako hainbat herrirekin ere", adierazi dute.