MUk ezin hobeto hasi du igoera fasea, Granadako taldea mendean hartuta (68-54)

Xabier Urtzelai 2024ko mai. 23a, 21:14

Igoera fasea ondo hastea ezinbestekoa zen, eta Mondragon Unibertsitateko jokalariek ez dute kalerik egin. Lehenengo bi laurden parekaturen ondoren, hirugarrenean laurdenean goitik behera menderatu dute moreek partidua, eta etxean jokatzen zuten Granada Mas Baloncestokoek amore eman besterik ezin izan dute egin (68-54). Argazkiak: Angel Ayastuy.

Lehenengo laurdena indarrak neurtzen hastekoa izan da, faseko lehenengo kontrarioak noraino eman dezakeen ikustekoa. Ligan sekulako denboraldia egitetik zetorren Granada Mas Baloncestokoak, baina Arri-ren neskek ezustean harrapatu dituzte erabat. Lehenengo laurdenean moreek hobeto hasi dute partidua (14-7). Baina bigarren laurdenean granadarrak esnatu egin dira eta berdintasuna eraman dute markagailura (35-32). 

Orduan, baina, Ointxe!ko ordezkariek azeleragailua zapaldu dute, eta harmailetako animoek bultzatuta partidua erabakita ez, baina oso bideratuta uztea lortu dute laurden horretan (56-44). Hala, laugarren laurdenean moreek abantaila kudeatzen jardun dute, Granadakoek inongo momentuan ez dute eta Mondragon Unibertsitatea estuasunetan jarri. Hala, igoera fasea ezin hobeto hastea lortu dute arrasatearrek, eta hori zen gaurko helburu nagusia. "Guk nahi genuen moduko partidua egin dugu. Hasieran gogor ibili gara denok, baina ondoren jakin dugu erasoan tokatzen zenean ondo ibiltzen, eta baita ondo defendatzen ere. Uste dut partidua guk gidatu dugula, baina eurek etxean jokatzen zuten, publikoa alde zuten eta ez da erraza izan. Baina, garaipen hau betirako geratuko dira Ointxe!-rendako". Gaurko partidua ikusteko, egin klik hemen.

Biharkoa, zailagoa

Bihar, 17:00etan, Zaragozako Casablanca taldea izango dute zain: "Gaurkoa zaila bazen, biharkoa gehiago. Zaragozako Casablanca oso talde ona da eta ez da batere erraza izango. Baina, gaur erakutsi dugu taldea ez dela oporretan etorri, eta orain neskak ahalik eta ondoen errekuperatu behar ditugu, ondo jan, atseden hartu eta bihar gehiago".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak