Mondragon Korporazioko Euskara Batzordearen ekimenez, hamarkada bat egin du sariketa honek, eta xede nagusietako bat, funtsean, euskarazko ikasketa amaierako proiektuak bultzatzea da. Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultatean, Goi Eskola Politeknikoan eta Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean ikasturte honetan aurkeztutako 947 proiektutatik 308 izan dira euskarazkoak –alegia, %32,5– eta Mondragoneko kooperatibetan landutako 211 proiektutatik, berriz, 61 egin dituzte euskaraz –hau da, %28,91–. Horien artean bi izan dira hautatuak, baina epaimahaiak jakinarazi du proiektu "guztiek" dutela "maila tekniko handia", eta, beraz, euskaraz "ongien" idatzita daudenak saritu dituztela.
Ainhoa Mugertza Iguaranendako izan da, bada, lehen saria. Goi Eskola Politeknikoan gauzatu du, Baterien segurtasun-egoera iragartzea (SOS) izenpean. Bigarren sariari dagokionez, berriz, Elene Gisasola Sagarduik eskuratu du. Goi Eskola Politeknikoko ikaslea da Gisasola ere, eta Lean metodologiaren hobekuntza bertikalki artezteko makinaren muntaketa prozesuan da bere proiektuaren izena.
Epaimahaikideak
Bederatzi kidek osatu dute epaimahaia, eta jakinarazi dute proiektuak "sakon" aztertu ondoren, "ados" jarri direla puntuazioarekin eta saridunekin. Hain justu, honakoak izan dira parte: Eneko Bidegain eta Asier Irizar (HUHEZI), Rafael Altuna eta Mireia Uribetxebarria (Enpresagintza Fakultatea), Xabier Arrasate eta Pedro Urteaga (Goi Eskola Politeknikoa), Ander Etxeberria (Mondragon Korporazioa), eta Abel Irizar eta Koldo Urrestarazu (Emun).