Debagoienean gutxi batzuek izango dute domekan (09:00) Zegama-Aizkorriko mendi maratoian dortsala janzteko aukera. Orotara, 11.000 korrikalarik eman zuten izena, eta 550 aukeratuen artean hamalau dira ibarrekoak: Oñatiko Malen Osa, Ainara Uribarri, Mikel de Jesus eta Xabier Lete; Bergarako Ainhoa Lendinez, Jose Mari Anduaga, Andoni Gomez eta Ander Uriarte; Aretxabaletako Ainara Urrutia eta Igor Olalde; eta Arrasateko Iker Agirreurreta, Gorka Caballero, Aritz Kortabarria eta Ander Nafarrate.
Hutsune nabarmenen artean Oihana Kortazarrena dago; Salomon etxeko ordezkariak birritan irabazi du etxeko lasterketa, baina elgetarrak beste helburu zorrotz batzuk ditu buruan, datorren asteburuan Annecyn (Frantzia) jokatuko duten Europako Txapelketan Espainiako selekzioarekin lehiatuko da eta. Ainara Urrutiaren eta Malen Osaren kasuan, euren debuta izango da lasterketa entzutetsuan, eta garaipenaren lehian ibiliko direnak dira iazko irabazle Daniela Oemus, Catlin Fieder eta Theres Lebouf korrikalariak. Gizonezkoei dagokienez, Kilian Jornet nabarmentzen da gainontzekoen gainetik; besteak beste, sare sozialetan argitaratu dituen entrenamendu saioek tente jarri dituzte gainontzekoen belarriak. Baina gertu izango ditu iazko irabazle Manuel Merillas, Davide Magini, Elhoussine Elazzaoui eta Robert Pkemboi.
Dena ez da maratoia
Asteburuan hitzordu gehiago egongo dira Zegaman. Gaur, egubakoitza, kilometro bertikaleko proban (16:00) ibarreko beste hamabost atleta izango dira: Aretxabaletako Garazi Abasolo, Ane Alonso, Maite Zabaleta eta Alfonso Tesoro; Oñatiko Ainara Uribarri, Aitor Beitia, Joseba Molinero eta Mikel Urrutia; Arrasateko Iñigo Alzola eta Iñaki Hormaetxe; Elgetako Eleder Lozano, Urko Lozano Etxaniz, Alazne Lozano, Martin Egizabalek eta Unax Agirre Osa; eta Bergarako Aritz Unamuno. Domekan egingo duten junior mailako lasterketan (10:30), berriz, lau gazte debagoiendar izango dira: Alazne Lozano (Elgeta), Urko Lozano (Elgeta), Eider Trujillo (Arrasate) eta Julen Azkarate (Aretxabaleta).