Domekan, maiatzak 26, da Zegama-Aizkorri mendi maratoia eta aurten ere Oñatiko Udala laguntzaile izango da lasterketaren Oñati aldeko zirkulazioa antolatzen. Horrela, aurten ere indartu egingo dute Oñati eta Arantzazu arteko autobus zerbitzua eta ibilgailuendako aparkalekuak ere egokituko dituzte.
Autobusak, Arantzazuko Ama kaletik
Autobusei dagokionez, domekan sei autobusek emango dute zerbitzua: 07:00etatik 11:00etara –10-15 minutuko maiztasunarekin– eta 11:00etatik 19:00etara –30 minutuko maiztasunarekin–.
Bezperan, zapatuan, ere egongo da autobusa Oñatitik Arantzazura joateko. Orduro egongo da autobusa; lehenengo autobusa 07:30ean Oñatin eta azkenengoa 19:00etan, Arantzazun.
Autobus zerbitzuak geltoki bakarra izango du: Arantzazuko Ama kaleko geltokia.
Aparkalekuak
Bestalde, herri barruan, Oñati, egongo dira ibilgailuak uzteko aparkalekuak ere.
- Arantzazuko aparkalekuetan, maiatzaren 25-26ko asteburuan, 60 plaza egokituko dira autokarabanentzat (bost metro baino luzeagoak diren ibilgailuentzat). Autokarabanak ezingo dira aparkatu haientzat gordetako lekuetatik kanpo.
- Aparkalekuak seinaleztatuta egongo dira, baita handik kanpo aparkatzeko debekua ere.
- Bost metro baino luzeagoak diren ibilgailuek bi eremutan (AK Guneak) aparkatu ahal izango dute, Oñatin:
- Ibarra Zelaia 2: postetxearen ondoan. Herriko plazara, bost minutu oinez.
- Garagaltza auzoa 50: hilerriaren behealdean. Herriko plazara, hamar minutu oinez. - Gainerako ibilgailuek bost leku hauetan aparkatu ahal izango dute:
- Doako aparkalekuak: Eltziako, Berezao industrialdeko eta anbulatorioko aparkalekuak
- Ordainpeko aparkalekuak: Kalegoienako eta Zubikoa kiroldegiko lur azpiko aparkalekuak
Errepidea itxita zapatu gauetik
Zapatu gauean, Ertzaintzak Arantzazuko bidea itxi egingo du, egoiliarrentzat eta baimendutako ibilgailuentzat izan ezik. Bestalde, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak Arantzazura igotzen diren autokarabanak kontrolatuko dituzte egubakoitzetik aurrera. Aparkatzeko 60 plazak betetzen direnean, debekatu egingo diete autokarabanei Arantzazura igotzea.