Elene Guridi: "Finala partidu batera da, ezustea eman dezakegu"

Xabier Urtzelai 2024ko mai. 17a, 12:23

Elene Guridi Realeko jokalaria eta Oihana Aldai Realeko jokalari ohia, joan den astean Azkoagainen, Oñatin. Argazkia: Ander Monedero.

2019an Oihana Aldaik Realarekin Kopa irabazi zuenean Elene Guridi talde txuri-urdinera iritsi berri zegoen; zapaturako deialdian sartu du Natalia Arroyok. Finalaz berba egiteko, GOIENAk Azkoagaingo berdegunean egin du hitzordua biekin.

Bost urte pasa dira Realak Granadan Erregina Kopa irabazi zuenetik. Oihana Aldaik (Aretxabaleta, 1992) egun hura –eta ondorengoak– ez ditu inoiz ahaztuko; Realeko bigarren atezaina zen, eta, finalean jokatu ez bazuen ere, jokalari batek izan dezakeen ametsetako bat bete zuen. Hala, bost urte geroago, Elene Guridi (Oñati, 2002) oso egoera antzerakoan dago. Erdilari oñatiarrak aurten egin du Realeko lehen taldearekin debuta, hain justu, Bartzelonaren kontra, eta biharko finalera begira (La Romareda, 19:00) deialdian sartu du Natalia Arroyo entrenatzaileak.

Elene, zer moduz finalaren atariko egun hauek?

Elene Guridi: Ondo! Tira, egia da dagoeneko hasi garela sabelean urduritasunak igartzen. Egunerokoari dagokionez, bestelako asteen errutina berbera mantendu dugu, baina bai, zapatuko finala hor dago eta igartzen dugu, bai. Ea zapatuan urduritasunak alboratu eta guk egin beharreko lanean ondo zentratzen garen.

Azken jardunaldian irabazi izanak konfiantza emango dio taldeari, ez zeundeten boladarik onenean.

E.G.: Ez; emaitzei dagokienez, denboraldiko azken zati hau ez da batere ona izan. Joko aldetik partidu batzuetan sentsazio onak izan ditugun arren, ez ditugu emaitza onak batu, eta azken jardunaldian Tenerifekoa moduko zelai zail baten partidua irabazi izanak konfiantza eta motibazio puntu hori eman dizkigu; sentsazio horiek oso garrantzitsuak dira final baten atarian.

Halako final bat jokatzea da jokalari batek izan dezakeen ametsetako bat?

E.G.: Zalantza barik, eta, gainera, zure txikitako taldearekin jokatzen baduzu... Duela bost urte Realera etorri nintzenetik amestu izan dut halako esperientzia bat bizi izatea, eta zapatuan izango dugu horretarako aukera. Irabazi edo galdu, biziko duguna nirekin eramango dut bizitza osoan.

Oihana, nola bizi izan duzu Reala ostera ere Kopako finalerako sailkatu izana? Barrenak mugitu dizkizu?

Oihana Aldai: Poztasun eta emozio handiarekin. Atletico Madrilen kontrako finalerdietako partidua Reale Arenan ikusi nuen, harmailetan, eta emozio handiko norgehiagoka izan zen. Egia da aste barruan izan zela eta asteburuan izan balitz harmailetan askoz jende gehiago egongo zela, baina, hala ere, asko ginen partidua ikustera joan ginenak. Zapatuan lana daukat eta ezin izango naiz Zaragozara joan, baina, modu batera edo bestera, jarraituko dugu partidua, bai.

Bartzelona beste maila batean dago, baina duela bost urte Atletico de Madril Reala baino talde hobea zen, eta...

O.A.: Bi finalei antzekotasun handia ikusten diet; izan ere, orduan Atletico oso talde indartsua zen, eta, hala ere, finala irabazteko gauza izan ginen, ezustekoa eman genien. Eta orain, gauza bera gertatzen da, Bartzelona da faboritoa, baina partidu batera edozer gerta daiteke.

E.G.: Bartzelona mundu mailan dagoen talde onenetakoa izango da, onena ez bada. Besteak baino koska bat gorago daude eta garbi dugu gure lana oso ondo egin beharko dugula finala irabazteko. Ez ditugu aukera asko izango, baina izango ditugunak ondo aprobetxatu behar ditugu, eta gero, atzean oso sendo egon behar dugu.

Ez dakit Bartzelonaren halako nagusitasunak emakumezkoen futbolari mesede egiten dion...

O.A.: Batetik, bai, halaxe da. Azken urteotan ia dena irabazi dute. Esan daiteke Bartzelona liga batean dagoela eta besteak beste liga batean. Azken batean, talde hori Txapeldunen Ligan nabarmentzeko diseinatuta dago, eta liga desorekatu samar geratzen da; gaur egun, inork ez die itzalik egiten.

E.G.: Baina beste alde batetik, Bartzelonak gainontzeko taldeei erakusten digu nora iritsi behar dugun, zein den helburua. Alde horretatik, positiboa da erreferentziazko talde bat izatea.

Oihana, baduzu Elenerendako gomendiorik?

O.A.: Halakoak oso partidu bereziak dira, eta goza dezala ahalik eta gehien. Egia da gaur egungo jokalariak gu baino ohituago daudela ikusle askoren aurrean jokatzera. Izan ere, emakumezkoen futbola bost urte hauetan asko aldatu da. Nik ez dut gogoan gure finalaren atarian halako ikusminik piztu zenik. Zentzu horretan, Realak bidea egin du, emakumezkoen futbolak berak ere bai, komunikabideek... Eta partidura begira egon daitezela elkarrekin, izan daitezela talde bat. Momentu zailak izango dituzte, eta hor elkarrekin egon behar dute Bartzelona moduko bati min egiteko.

Granadan Realak bi mila zale izan zituen harmailetan...

E.G.: Ba, zapatuan Zaragozan izan daitezela lau mila! Kar-kar. Egia da Zaragoza Granada baino gertuago dagoela, eta dagoeneko badakigu zale asko joango direla finala bertatik bertara ikustera [Realak 4.000 zale izango direla aurreratu du dagoeneko, eta, guztira, 25.000 ikusle aurreikusten dituzte finalean]. Bereziki guk asko eskertuko dugu zaleen berotasuna.

O.A.: Granada lekutan dago, eta final hartan harmailetan horrenbeste elastiko txuri-urdin ikustea emozionantea izan zen. Zaragoza Bartzelonaren eta Gipuzkoaren erdibidean dago; hor antolatzaileak argi ibili dira. Seguru giro paregabea izango dela.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak