Euskararen normalizazioan eta biziberritzean aurrera egiteko herritarren bultzada "ezinbestekoa" dela adierazi du Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak, baina ez dela aski: "Euskararen normalizazioan aurrera egingo badugu ezinbestekoa da hizkuntza politiketan jauzi bat egin eta euskararen aldeko politika publiko sendoagoak indarrean jartzea". Hala, dei egin die agintariei eta hizkuntz politiketan eragin indarra duten eragile politiko guztiei herritarren bultzada aintzat hartzera eta urratsak egitera.
Euskalgintzaren Kontseilua ez ezik Baionan gaur goizean eginiko agerraldian izan dira euskalgintzako eragileetako ordezkariak, hala nola Euskaltzaleen Topagunea, Euskal Konfederazioa, AEK, Euskal Herriko Ikastolak, Euskal Hedabideak, Elkar, Berria, Udako Euskal Unibertsitatea, Elhuyar, Euskal Herrian Euskaraz, Maizpide Euskaltegia, Hezten Aisialdi Euskaltzalea, Karmel Aldizkaria, Konkolotx, Biga Bai, Mintzalasai, Bai Euskarari eta Eusko Ikaskuntza. Hain justu, Korrika bukatu zen toki berean egin dute aurkezpena, 2025eko Euskaraldia hasteko urtebete falta denean, maiatzaren 15etik 25era egingo baita.
Olatu "berri" bat
Haien arabera, euskarak "hegemonia hartzeaz" dihardute; alegia, "euskara erdigunera ekartzeaz", eta, diotenez, 23. Korrikan Euskal Herri "harroa" ikusi dute. "Euskal hiztun izan edo ez izan, harro zabaldu dugu lau haizetara ekosistema bat eraiki behar dugula euskararen bueltan: euskal komunitatea, euskara ardatz duen komunitatea. Euskararentzat etorkizun hobea eraikitzeko adostasun zabala dugu", azaldu du Ane Elordik, AEKko eta Korrikako koordinatzaileak. Irati Iciar Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria ere han izan da, eta honako mezua zabaldu du: "Euskal Herri luze zabalean euskaraz hitz egiteko eta bizitzeko aukerak eta baldintzak biderkatzeko, gizarte aktibazioa eta herritarron indarra ezinbestekoak dira".