Adostu dituzten gaien artean inbertsioak nabarmendu gura izan dituzte. Inbertsio horiek izango dira inguruko baso eta larre publikoak hobetzeko eta mantentzeko, lurraldeko fauna eta flora zaintzeko, flora exotikoa ezabatzeko, arriskuan dauden espezieak babesteko eta kultura ondarea bermatzeko.
Patronatua osatzen dute, besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak, Gipuzkoa eta Arabako Partzuergo Orokorrek, Elkarte ekologista eta kontserbatzaileek, Euskadiko Basogintza Elkarteak eta Mendizale Federazioak eta hainbat udalek, Oñatikoak, Aretxabaletakoak, Eskoriatzakoak eta Leintz Gatzagakoak, horien artean. Eta horren helburua da parkearen balio naturalak zaintzea, lurraldearen garapen sozioekonomikoa eta parkearen ezagutza bultzatzea, eta baita aisialdiko ekintzak sustatzea ere.
16.000 hektareako hedadura
Gipuzkoa eta Araba artean dago Aizkorri-Aratz parkea, 16.000 hektarea ditu eta hainbat mendi inguru ukitzen ditu: Altzania, Aratz, Aizkorri, Urkila, Elgea eta Zaraia. Biodibertsitate aberatseko eremua dela nabarmendu dute Foru Aldunditik florari zein faunari dagokionez. Saguzarrentzat zona inportantea dela gaineratu dute baita latxa ardiaren artzaintzarako leku garrantzitsuenetako bat ere.