Kontseilu Errektoreko kideak izango dira hitzaldian eta honako gaiak landuko dira:
- Instalazio fotovoltaikoaren egoera eta hurrengo urratsak.
- Bazkideen argindar enpresa merkaturatzailearen aldaketaren prozesua.
- Behin instalazioa martxan jarri ondoren, bazkideek jasoko duten fakturaren edukiak eta azalpena.
Bazkidetza kanpaina abian da
Bestalde, Leintz Bailarako Ekiolatik gogora ekarri dute, bazkidetza kanpaina martxan dela Leintz Bailarako lau herrietan –Arrasaten, Aretxabaletan, Eskoriatzan eta Leintz Gatzagan–, eta prozesua abiatzeko modua leintzbailara.ekiola.eus web gunean sartzea dela.
Instalazioa, maiatzean martxan
Maiatzean, Garaiako eguzki plaken instalazioa martxan egotea aurreikusten da. Izan ere, aurreratu dutenez, instalazioaren zertifikazio eta baimen kontuak martxa onean doaz.
Leintz Bailarako Ekiola kooperatibak bostehun watteko 2.520 panel ezarrita ditu Arrasateko Garaia Gunean, eta, aurreikuspenen arabera, gai izango dira 1.375 megawatt sortzeko orduko, 550-600 familiaren beharrak asetzearekin batera. Kontsumo horren kostua jasangarria eta egonkorra izango da bazkideentzat, merkatu elektrikoan gertatuko diren aldaketak ekidingo direlako.