Duela 50 urte, 1974ko udazkenean, sortu zen Langile Abertzaleen Batzordeak (LAB) euskal sindikatu independentista eta sozialista, eta Maiatzaren 1ean, Langileen Nazioarteko Egunean, manifestazio eta jaialdi nazionala egin ditu Iruñean. Sindikatuko afiliatuak dira Jose Luis Loidi Rossli (Bergara, 1961), Amaia Arana (Gasteiz, 1962), Ana Sebal (Bergara, 1980) eta Aitor Atxa (Oñati, 1995) debagoiendarrak, eta haiekin egin du GOIENAk LABen mende erdiaren errepasoa.
Bakoitza arrazoi ezberdinengatik afiliatu zen LAB sindikatura. 1988an zortzi urte zeramatzan lanean Amaia Aranak, eta beti lan egin izan du Aita Mennin, baina "beti" azpikontratatutako enpresa batekin: "Une hartan egon zen enpresa aldaketa bat, eta kaleratu egin ninduten. Haurdun nengoen eta oso momentu gogorra izan zen. Kaleratu ninduten egunean esan nuen zerbait egin behar nuela, ezin nuela hori horrela utzi, eta LABera joan nintzen". Epaiketa irabazi zuen eta 1991n haren enpresako LABeko ordezkari izendatu zuten: "2011n liberatu nintzen, eta, gaur egun, LABen Arrasateko egoitzan egoten naiz eta Auzolaguneko komiteko delegatua naiz".
Rossli 1983an hasi zen Union Cerrajeran lanean. "Birmoldaketa garaian sartutakoa naiz; orduan, 1983-1984an izan zen Labegaraiak Bizkaian eta Euskalduna itxi zituztela. Garai nahiko korapilatsuak izan ziren. Hemen ere Union Cerrajeratik fusio bat egin zen eta Laminor Amorebieta itxi eta Bergarakoarekin bat egin zuten. Oso garai ezberdinak izan ziren", dio. 1987an hasi zen langileen ordezkari, eta 2018ra arte horretan aritu da. Liberatu moduan 1996tik 2000ra egon zen, eta iazko Gabonetan jubilatu zen.
"Niretzako ezberdina da istorioa", dio Atxak, lauretatik gazteenak. Batxilergoan hasi zen militatzen ezker abertzaleko antolakundeetan, eta unibertsitatean eta ondoren ere horrelaxe jarraitu zuen. "Lanean jarraitu nuen militatzen. Duela pare bat urte esan zidaten industrian, Debabarrenean, arduradun baten beharra zegoela eta ea animatuko nintzen liberatzera bertan. Orduan, nire lana utzi nuen, eta dedikazioa horretara pasatu". Ordutik, Debabarreneko industriako lantaldeko kidea da oñatiarra.
Sebal, berriz, 2008an, "mundu mailako krisia bete-betean eztanda eginda" zegoenean, hasi zen sindikatuan: "Greba orokor pila egiten ziren. Nik ezagutu dudana izan da enpresen itxiera; oso gogorrak izan ziren LABeko nire lehenengo urteak. Aurrerago, LABek egin zuen euskal sindikalismoaren birpentsatze prozesu bat, non ordura arteko kapitala-lana dikotomiatik pasatu ginen kapitala-bizitza dikotomiara. Orduan, eraldatze prozesu haiek izan ziren sektore berrietara iristeko apustua, sektore feminizatua ere aintzat hartzea, etxez etxeko langileak… Orduan ezagutu ditut sindikatu barruan beste arlo batzuk". Zerbitzu pribatuetako LABeko ordezkaria da gaur egun.
50 urteko bilakaera
Langileen lan- eta bizi-baldintzen alde borrokatzeko helburuarekin jaio zen LAB, 1974an; baita eraldaketa sozialak eta eraldaketa politikoak eragiteko ere. "Azkenean, sindikatu politiko-sindikala da, ez bakarrik arlo sindikalean enpresetan borrokatzen dena, baizik eta arlo sozial eta politikoa ere jorratzen dugu burujabetza bidean, eta beste hainbat esparrutan ere eragin nahi dugu. Sindikatu nazionala den bakarra garela esan dezakegu –Ipar Euskal Herrian ere bai–, eta horrek esaten du gure kokapen politikoa zein den", dio Ana Sebalek. Atxak gehitu du helburua independentzia eta sozialismoa eta nazio askapenaren prozesua izanik, horren baitan beharrezkotzat zen sindikatua sortzea erabaki zela, ezker abertzalearen ildo estrategikoa jarraituko zuena, enpresa munduan eta gizarteko beste hainbat arlotan.
Rossli: "Klase kontzientzia eratuago zegoen langileen artean duela 50 urte"
1974tik gaurdaino sindikatua "asko profesionalizatu" da, Rossli-ren iritziz. Uste du hasierako urteetan arlo politikoak askoz ere pisu handiagoa zeukala gaur egun daukana baino. Edozelan ere, lan-gatazkak azken urteetan handiagoak dira, haren ustez: "Baina orduan hildakoak zeuden, greba orokorrak edozein egunetan... Gaur egun, sindikatua formakuntza aldetik esango genuke garai hartan baino askoz ere jantziago dagoela, eta eraginkorragoak ere bagarela lan munduarekin zerikusia duten gatazka eta arazoekin".
Oñatiarraren esanetan, LABen sorreran "beste problematika handiago batzuk" zeuden: "Frankismo garaian sortu zen LAB. Orduan, langileen egunerokotasuneko arazoei ez zitzaien horrenbeste erantzun ematen, bazegoelako gatazka oso handi bat, eta erantzuna eman behar zitzaion gatazka politiko hari lehenengo". Horrekin batera, dio LABek asmatu egin duela jakiten langile klasea ez dela "gauza estanko" bat eta sindikatuak jakin duela unean uneko erantzunak ematen: "Lehen, hildakoak zeudenean, beste eduki politiko bat zeukaten sindikatuek; gaur egun, ez dago beste indar hori; orduan, beste erantzun bat eman beharko zaio".
Geroz eta emakume gehiago
Sindikatuaren bilakaera horretan, Ana Sebalen esanetan, sindikalismoa eremu maskulinizatua izan arren, feminismoa sartu da sindikatuan: "Datuek esaten digutena da afiliatuen %44 emakumeak direla". Gogoan du Amaia Aranak hasierako urteetan emakumeen presentzia "oso-oso txikia" zela: "Manifestazioetan eta grebetan elkartzen ginen, baina egoitzan oso emakume gutxi ginen. Etortzen zena, batik bat, ez zegoen afiliatuta, eta euren gizonen ondoan etortzen ziren. Emakumeek zeukaten arazoa, baina gizonezkoek kontatzen zuten. Asko harritzen ninduen horrek".
Amaia Arana: "Egun, emakumeek badakite bakarrik etortzen egoitzara euren arazoekin"
Hala ere, egoera aldatu egin dela dio, eta, egun, emakumeak bakarrik etortzen direla egoitzara euren arazoekin: "Emakumea kontzienteagoa da zer egin dezakeen berak bakarrik; ez duela gizonezko bat behar haren ondoan borrokatzeko". Sebalek gehitu du emakumeek erakutsi dutela gai direla greba orokorrak deitzeko eta aurrera eramateko. Rossli-k azpimarratu du emakumeak ahaldundu egin direla.
Harremana sindikatuekin
Langileen interesen alde lan egin behar izan dute, besteak beste, ELA sindikatuarekin, eta Sebalek dio elkarlanak eman dituela fruituak; esaterako, Karta Soziala eta gehiengo sindikala kontzeptua. Rossli-k gogoan du 1998ko Lizarra-Garazi hitzarmena: "ELAko eta LABeko idazkari nagusiak sintonian egindako fruituaren lana izan zitekeen. Garai hartan, Lizarra-Garazi txikiak ere herrietara etorri ziren, eta uste dut elkarlan hark emaitza onak eman zituela. Baina, askotan, horrelako batuketak izaten dira pertsonen harremanen arabera".
Ana Sebal: "Langileak antolatzen eta borrokak bultzatzen jarraituko dugu"
Aitor Atxaren iritziz, harremana "derrigorrezkoa" da, euskal langileria ordezkatzen duten gehiengo bi sindikatu direlako. Hala ere, ez du uste harremanak unerik onenetan daudenik: "Bi euskal sindikatu gara oso proposamen ezberdinekin. Oso ibilbide eta historia ezberdinekin. Ez daukagu zerikusirik".
CCOO, UGT eta beste sindikatuekin duten harremanaz galdetuta, Sebalek aurreratu du akordio puntualak egin ditzaketela: "Baina badakigu ez direla gure bidelagunak izango. Gu abertzaleak eta euskaldunak gara. Beste aldarrikapen batzuk ditugu; esaterako, UGTrekin hasiera puntutik ez daukagun komunean ezer. Kontziente gara gure apustua dela euskal gehiengo sindikalarena".
Sindikatuen indarraz
Orokorrean, sindikatuen indarraz galdetuta, Rossli-ren ustez, klase kontzientzian galera egon da, eta dio gaur egun fabrika barruan indibidualizatu egin direla harremanak eta zailagoa dela lehen izaten ziren elkartasun harremanak ikustea.
Aitor Atxa: "LABek jakin izan du unean uneko erantzunak ematen"
Aitor Atxak nabarmendu du LABen kasuan afiliazio kopurua gehiengo historikoetan dagoela, eta inoiz baino beharrezkoagoak ikusten ditu sindikatuak, bi arrazoirengatik: "Ikusten ari gara kapitalismo fase berri honetan, neoliberalismoak hartu duen fase politikoan, dauden pribatizazioak… Hor ikusten da sindikatuan konfrontazio behar bat hori gelditzeko. Beste puntu bat uste dut oso garrantzitsua dela, Rossli-k aipatu duena. Ikusten da klase kontzientzian lausotze bat egon dela eta uste dut lausotze horretan sindikatuak kapitalismoaren klabeak direla hori bukatzeko eta klase kontzientzia hori gizarteratzeko, edo inportantzia emateko".
50. urteurreneko ospakizunak
Maiatzaren 1ean, LABen Iruñeko manifestazio nazionalean 3.000 lagun elkartu ziren. Ondoren, festa nazionala egin zuten; esaterako, 1.000 herritarrek bazkaldu zuten herri bazkarian. Bezperan hasi zuten festa, zenbait herrialdetako sindikatuetako ordezkarien hitzaldiekin.
Urteurrenaren harira, eskualdez eskualde aurkezpenak egiten ari da eta Debagoienean hilaren 22an izango da, Arrasaten, Kulturaten. Eskuz esku. LAB zabaltzen ikus-entzunezkoa izango da ikusgai, eta Juan Luis Loidi Rossli-k, Amaia Aranak eta Aitor Atxak hartuko dute hitza. 50 urteotako ibilbidea jasotzen duen Euskal langile mugimenduaren 50 urte, 50 mugarri (1974-2024) liburua ere kaleratu dute.
Hastapenak Debagoienean
Garbiñe Aranburu (Legorreta, 1973) da LABeko koordinatzaile orokorra eta Rossli-k kontatu du lehen pausoak ibarrean eman zituela: "Antzuolan zebilen taberna baten lanean eta etorri zen aukera eskualdean liberatu bat gehiago izateko. Zeukan profilagatik aukeratua izan zen eta gaur egun idazkaria da. Harrotzeko gauza bat da".