Hasi dira Debagoieneko auzoetako jaiak

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko api. 27a, 17:24

Udan izan ohi dira Debagoieneko herrietako jaiak, baina auzoak dagoeneko motorrak berotzen hasiak dira, festak eztanda egin baitu zenbaitetan.

Elorregin, esate baterako, atzo hasi ziren jaiak: plaza garbitu ondoren, txopoa igo zuten elizaren aurrealdean, eta, ondoren, afaria egin zuten auzotarrek; gaur, berriz, auzo bazkaria egin dute, Anjel Mari Peñagarikano, Aitor Tatiegi eta Ane Zuazubiskar bertsolariekin. Hala ere, egunak ez du akaberarik izango, 21:30ean kontzertuak izango baitira pilotalekuan: Sukena, Zentzu okerra, 3ttu erromeria eta DJ Ziorlako Astoak.

Elorregi, ordea, ez da festa giroan murgilduta dagoen auzo bakarra, hala egin baitzuen atzo ere Oñatiko Olabarrieta auzoak. Kalejirarekin, txorimaloekin eta etxafuegoekin ekin zieten jaiei, eta pilota txapelketako finalerdiak izan dira gaur; ondoren, bazkaria egin dute auzotarrek, erromeriak jarraituta. Bihar, azkenik, meza nagusia, gazta eta sagardo dastatzea, jolasak eta txorimaloak izango dira.

San Andresko jaiak

San Andres auzoko jaiak dira Arrasaten atzotik, eta bihar arte luzatuko dituzte ekintzak jai batzordeko kideek; are gehiago, maiatzaren 1ean ere izango dute zer egina hara gerturatzen direnek, egun osoko egitaraua antolatu baitute. Hala ere, izan da gertaera lazgarri bat ere: garbiketa lanetan zebiltzan bi udal-langile eraso baitituzte bi gizonek gaur goizean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak