Bertan dira Eusko Legebiltzarrerako hamahirugarren hauteskundeak; 09:00etan zabalduko dituzte hauteslekuak, eta irekita egongo dira 20:00ak arte. 75 ordezkari izango dira hautatuak egun horretan, 25 probintzia bakoitzetik.
Hauteslekuak eta mahaiak
Debagoien osoan 21 hautesleku egongo dira aurten. Antzuolan, Aramaion, Aretxabaletan, Elgetan, Eskoriatzan eta Leintz Gatzagan hautesleku bana izango da. Oñatin lau egongo dira, bost Bergaran eta sei Arrasaten.
Hauteskunde-mahaiak berriz, 78 izango dira. Elgetan eta Leintz Gatzagan bakarrak egongo dira, Antzuolan eta Aramaion bina, lau Eskoriatzan, zazpi Aretxabaletan, hamabost Oñatin, hamazazpi Bergaran eta Arrasaten, berriz, 29. Hauteskunde-mahaietan, guztira, 234 debagoiendar izango dira botoak jaso eta zenbatzen.
Boto emaileak
49.518 debagoiendarrek izango dute botoa emateko aukera. Arrasate da botoa emateko pertsona gehien dituen herria; zehazki, 16.921. Jarraian, Bergara (11.245), Oñati (8.793), Aretxabaleta (5.561), Eskoriatza (3.231), Antzuola (1.598), Aramaio (1.138) eta Elgeta (861) daude. Azkenik, botoa eman dezaketen pertsona kantitate txikiena duen herria Leintz Gatzaga da (170). EAE guztia kontuan hartuta, 1.712.301 pertsonak dute botoa emateko eskubidea; horietatik, 557.054ek Gipuzkoan, 253.091k Araban eta 902.156k Bizkaian.
Parte-hartzea beherantz
Azken urteetan beheranzko joera izan du hauteskundeetako parte-hartzeak Debagoienean. 2016ko hauteskundeetan debagoiendarren %64ak eman zuen botoa. 2020ko hauteskundeetan berriz, %59a izan zen botoa eman zuena. Jaitsiera gehiago nabaritzen da 2001eko hauteskundeekin alderatuta, %81ak hartu baitzuen parte urte hartan.
Hamalau alderdi
Hamalau alderdi aurkeztu dira, guztira, hauteskundeetara, baina guztiak ez dira hiru lurraldeetan aurkeztu. Gipuzkoan hamaika alderdi dira aurkeztutakoak: EH Bildu, EAJ, PSE-EE, Elkarrekin Podemos, Sumar, PP, Vox, Bidezko Mundurantz, Aulki Zuriak, Pacma eta Izan.
Araban ere hamaika alderdi aurkeztuko dira: EH Bildu, EAJ, PSE-EE, Elkarrekin Podemos, Sumar, PP, Vox, Bidezko Mundurantz, Aulki Zuriak, Pacma eta Ongi Etorri. Azkenik, Bizkaia da alderdi kantitate handiena duen lurraldea, hamahiru: EH Bildu, EAJ, PSE-EE, Elkarrekin Podemos, Sumar, PP, Vox, Bidezko Mundurantz, Aulki Zuriak, Pacma, Izan, Partido Comunista de los Trabajadores de España eta Partido Humanista.
Hamahiru debagoiendar
Hamahiru debagoiendar aurkeztu dira hainbat alderdiren zerrendetan. EAJ da bailarako pertsona gehien dituen alderdia, zortzi ordezkarirekin: Elena Lete Garcia bergararra –zazpigarren–, Aitor Urrutia Oianguren eskoriatzarra –zortzigarren–, Marijo Etxegoien Arzuaga oñatiarra –hamargarren–, Agurne Juldain Alcalde arrasatearra –22. postuan–, Iosu Ezkurdia Santamaria eskoriatzarra –23. postuan– eta Xabier Otxoa Muñoz aretxabaletarra –24. postuan–. Maite Agirre Iribar bergararra eta Unai Elkoro Oianguren aretxabaletarra, berriz, ordezko modura ageri dira.
Jarraian, EH Bildu eta Sumar alderdia daude, bakoitza bi debagoiendarrekin. EH Bildutik Lore Martinez Axpe aretxabaletarra –bosgarren– eta Rebeka Ubera Arantzeta elgetarra –zazpigarren– ageri dira zerrendetan. Sumarren, aldiz, Juan Luis Merino Sanabria eskoriatzarra –seigarren– eta Isabel Salud Areste bergararra –26. postuan– aurkeztuko dira.
Azkenik, bailarako ordezkari bakarrarekin Alderdi Sozialista dago. Alberto Alonso Martin oñatiarra da –laugarren–, baina, gainontzeko alderdietako debagoiendarren gisan Gipuzkoatik aurkeztu beharrean, Arabako zerrendetan doa oñatiarra.