Finalerako bigarren txartela zegoen jokoan atzo Biarritzen, eta Barrocal-Agirre bikotea 22-10 nagusitu zitzaion Iturriaga-Orbegozo bikoteari. "Oso gustura nago atzoko partiduarekin. Markagailua ikusita ez dirudien arren, partidu gogorra izan zen, bereziki hasiera. Hamargarren tantotik aurrera, gu askoz ere hobeto ibili ginen, gehiago asmatu genuen. Nik sakearekin asko asmatu nuen eta tantoak bukatzeko konfiantzarekin nengoen. Naroa, berriz, atzean oso sendo aritu zen. Partidu borobila izan zen", adierazi du bergararrak.
Adierazi du, halaber, haiek egindako partidu borobilak aukera gabe utzi zuela Iturriaga-Orbegozo bikotea. "Toki guztietan geunden gu eta erasoan asko asmatzeaz gain, defentsan ere ikaragarri ondo aritu ginen".
Behin sailkatuta, "finala borrokatzeko prest" azaldu da Barrocal.