Abenduan hasi zuten Ados Binakako Txapelketa azken txanpa erabakigarrian sartu da. Datorren asteburuan, apirilaren 21ean, jokatuko dute Antzuolan final handia, eta dagoeneko herrikide bat sailkatu da norgehiagoka erabakigarrirako: Leire Galeano. Antzuolakoak joan den asteburuan jokatu zuen finalerdia, Labriten, eta Ruiz de Infanterekin bikotea osatuta 22-20 irabazi zieten Zabaletari eta Zabalari. Txapelketa osoan egon den emozioa izan zen nagusi baita finalerdian ere. Tentsio handiko partidua jokatu zuten lau pilotariek, eta igarri egin
zitzaien zama. "Partidua ondo hasi dudala esango nuke, baina ondoren kosta egin zaigu norgehiagoka irabaztea. Bagenekien lana ondo egiten bagenuen norgehiagoka gogorra izango zela", adierazi zuen antzuolarrak. Bi bikoteek azken unera arte izan zuten partidua irabazteko aukera, baina urdinek amaieran lortu zuten markagailua iraultzea (22-20), eta finalerako txartel preziatua eskuratu. Hala, finala etxeko zaleen aurrean jokatzeak ekar dezakeen presioari lotuta, zera erantzun zuen Galeanok. "Norgehiagoka berezia da, eta bai, etxean beti izaten da presio handiagoa, baina etxeko jarraitzaileen aurrean gustura jokatzen dut beti".
Barrocalek, bihar, Biarritzen
Oraindik, baina, posible da beste debagoiendar bat ere finalean egotea, Maddi Barrocal bergararrak bihar, zapatua, izango duelako finalerdia Biarritzen (18:30, Plaza Berri pilotalekua). Bergararrak Agirrerekin dihardu jokatzen, eta aurrean izango dituzte Iturriaga eta Orbegozo; sarrera 5 euro da.