Zer moduzkoak ari dira izaten azken egunak?
Normaltasun osoz ari dira igarotzen, lan askorekin ari gara eta. Ez dut astirik izan erretiroan pentsatzeko ere. Datorren ostiralean izango da nire azken eguna, baina oraindik ez dut guztiz asimilatu.
Labur-labur, nolakoak izan dira berrogei urte hauek?
Nire mundua izan da, oso gustura aritu naiz bezeroekin, bizilagunekin eta hemen inguruan aritu den guztiarekin. Pena handia ematen dit, baina erretiroa hartzeko data bat ezarri behar izan dut. Arrasateko jende askorekin oso harreman ona sortu dut, eta ez bakarrik arrasatearrekin; inguruko herrietako jende asko etorri izan da gurera eta guztiekin oso harreman ona izan dut.
Asko aldatu dira gauzak urte hauetan zehar?
Bai, asko. Lehen, dendan zenuen guztia saltzen zenuen; orain, gehiago kostatzen da saltzea. Orduko arazoa zen bizikleta guztiak hutsetik muntatu behar zirela, eta lan handia eskatzen zuen horrek. Bezero kopurua ere asko aldatu da: gaur egun, jendea topera aritzen da eta duela urte batzuk ez zen horrenbeste jende aritzen bizikletan.
"Pandemia garaian guztia saltzen genuen, orduan ez zegoen bizikleta zakar edo politik"
Zein da bizi izan duzun une hoberena?
Arrasaten hasi nintzen unea izan daiteke. Ekartzen genuen guztia saltzen genuen eta bizikletan jende asko ibiltzen hasi zen orduan. Pandemia garaian ere guztia saldu genuen; ez zegoen bizikleta zakar edo politik, eta iritsi ginen ia bizikletarik gabe gelditzera.
Eta txarrena?
Txarrena izan daiteke pandemia ostea. Bizikleta asko saldu ziren pandemian, baina askok ez zuten erabili eta plataformak erabilita saltzen zituzten. Orain, egoerak bira eman du, eta, gurean eragin izugarria izan ez badu ere, ezagutzen dut oso ongi pasa ez duen jendea.
Kosta egingo zaizu errutina alde batera uztea?
Ez da erraza izango; urte asko izan dira hemen lanean eta egun batetik bestera lanera itzultzeko aukerarik ez izatea ea nola kudeatzen dudan. Hasiera batean, etorriko naiz laguntzera behar dutenarekin; izan ere, orain pertsona bat gutxiago egonda lanean, eta zenbait gauza aldatu nahi badute, laguntza beharko dute. Hala ere, orain arte egiterik izan ez dudana egiteko balioko dit erretiroak. Emaztearekin eta alabekin denbora gehiago igarotzeko, merkatura joateko edo etxean lasai eta inongo presarik gabe egoteko. Bizikletan aritzeko gogoa ere badaukat; bizi guztia aritu naiz bizikleta gainean, eta domeketan bakarrik aritzen naiz, tarteren bat aurkitzen dudanean. Orain gauza berriak eta ez horren berriak egiteko denbora aprobetxatuko dut, eta ziur ez naizela geldirik egongo.
Esku onetan gelditzen da denda?
Jon Lizarralderen eskuetan geldituko da, eta esan dezaket hemen inguruan ez dagoela hura bezalako mekanikaririk. Urte askoan aritu da profesionalekin lanean eta esperientzia handia duen pertsona da. Oso esku onetan gelditzen da denda. Kuriosoa da, gainera, abizen bera dugula, eta, beraz, dendak ere izen bera izaten jarraituko du. Bezeroek asko maite dute eta, horrenbestez, ziur nago bide onetik jarraituko dutela.
Zer gertatuko da Oñatiko dendarekin?
Jabez aldatuko da hura ere eta izena ere aldatuko du dendak. Zugasti Bike izena izango du aurrerantzean; izan ere, Roberto Zugastik izango da dendaren arduraduna. Dagoeneko hasi da lokalean nahi dituen aldaketak egiten eta ziur Zugastirekin ere dendak bide onetik jarraituko duela. Urte hauetan guztietan ere, ni Arrasateko dendan egon izan naizenez, berak izan du Oñatiko dendaren ardura eta profesional handia da.