Txirrindularitza zaleek Euskal Herriko Itzulia bertatik bertara ikusteko aukera paregabea izango dute gaur gurean. Eta baliteke, lasterketako une erabakigarriak ere bertan izatea. Izan ere, Debagoienetik pasako den ibilbide zatian ziklistek oso tarte laburrean malda gogorrak izango dituzte.
Itzuliko 4. etapa Etxarri Aranatzen irtengo da eta 159 kilometroren ostean, Legution amaituko da. Ibilbideak lau mendate puntuagarri izango ditu: Opakua (1.020m), Oleta (747m), Untzilla (479m) eta Leintz Gatzaga (617m).
4. etapako ibilbidea
Etaparen 116. kilometroan helduko da lasterketa Debagoienera, eta honakoa da aurreikusitako ordutegia:
1978ko Itzuliaren amaiera Untzillan
Duela 46 urte Untzillan amaitu zen Itzulia. Araba eta Gipuzkoa batzen ditu Untzillako errepideak, 1978an gaurkoaren kontrako noranzkoan egin zuten mendatea, Aretxabaletatik abiatuta igo zuten eta. Gaurkoan, Krutzeta jaitsi eta Ibarrara sartuko dira, Aramaiora. Hortik, Suña aldera joko dute, Untzillako malda gogorrari ekiteko. 1978an Jose Antonio Gonzalez Linares izan zen Itzuliko txapelduna, eta Untzillan amaitu zen etapa Jose Enrique Cima asturiarrarentzako izan zen.
Seigarrena, Bergaratik
Laugarren etapa ez ezik, seigarrena ere pasako da Debagoienetik, kasu honetan Bergaratik. Apirilaren 6an izango da, eta, ohi moduan, azken etapa menditsua izango da –Eibar-Eibar–. Ziklistek Azurki, Gorla –Elosutik–, Krabelin, Trabakua, Izua eta Urkaregi igoko dituzte. Gorlako gainetik 15:10 inguruan pasako dira, eta 8 minutu geroago zeharkatuko dituzte Bergarako kaleak; Mekolaldetik Soraluzeko bidea hartuko dute gero.