"Debagoieneko maldek erabaki dezakete Itzulia"

Xabier Urtzelai 2024ko mar. 27a, 09:51

Euskal Bizikleta Suñatik pasa zeneko irudia, 2006an; Koldo Gilek erakustaldia egin zuen gero Gatzagan.

Euskal Herriko Itzulia birritan pasako da Debagoienetik. Laugarren etapa erabakigarria izan daitekeela diote adituek. "Kontuz Oletako, Untzillako eta Gatzagako maldekin, aproposak dira Vingegaard-ek kolpea jotzeko", dio Goiena-n Itzuliaren jarraipena egingo duen Andoni Urbistondok.

Egungo txirrindularitzan pronostikoak egitea geroago eta zailagoa da, belaunaldi gazteak edozertarako gai direla erakusten dabiltza eta. Goienan txirrindularitzaz idazten duen Andoni Urbistondok, baina, apirilaren 1ean hasiko duten Itzulira begira Debagoienean jokatuko dituzten kilometroetan jarri du arreta. "Adi laugarren etaparekin, zuenean lehiatuko dituzten kilometroetan egon daiteke-eta Itzuliko gakoa", dio kolaboratzaile urnietarrak. "Vingegaardek eta Pogacarrek lehia izugarria dute: batek O Camiñon erakustaldia egiten badu, besteak Kataluniako Volta aise irabazten du. Hala, Itzulira Vingegaard beste horrenbeste egitera etorriko da, lasterketa ahalik eta azkarren erabakita uztera".

Laugarren etaparen profila; 120. kilometroan sartuko dira Debagoienera. Irudia: Itzulia.eus

Ibarrekoak amaiera gogorra

Hori horrela, Urbixen ustez, Etxarri Aranatzen hasi eta Legution amaituko duten laugarren etapak zeresan handia izan dezake lasterketan. "Untzillako maldak Krabelingoak [azken etapa] besteko erabakigarriak izan daitezke, ez gutxiago. Izan kontu Debagoienetik pasako den etapan ziklistek oso tarte laburrean malda gogorrak izango dituztela. Oletako [16:20] maldak lehenengo, ondoren Kruzeta jaitsi eta segituan izango dute Untzilla [16:40]... Bi kilometroko igoera da, baina pendiz handikoak, eta Visma-Lease moduko talde batek nahi badu tropela lehertu dezake han, eta ez ahaztu oraindik Leintz Gatzagako [17:05] maldak geratzen direla. Etapa amaiera hori oso aproposa da Vingegaard moduko ziklista batendako, eta handik Legutiora dauden kilometroetan hegan egin dezake. Ondo badago, sailkapen orokorrera begira alde polita lor dezake; horregatik diot adi ibiltzeko etapa horrekin".

Seigarrena, Bergaratik

Esan moduan, laugarren etapak 40 kilometro egingo ditu Debagoienean, eta seigarren etapa –apirilak 6– ostera bueltatuko da ibarrera. Ohi moduan, azken etapa menditsua izango da –Eibar-Eibar–, tranpaz beteta dagoena. Ziklistek Azurki, Gorla –Elosutik–, Krabelin, Trabakua, Izua eta Urkaregi igoko dituzte. Gorlako gainetik 15:10 inguruan pasako dira, eta 8 minutu geroago zeharkatuko dituzte Bergarako kaleak; Mekolaldetik Soraluzeko bidea hartuko dute gero.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak