Aberri Eguna ospatzeko deia egin dute alderdiek

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko mar. 31a, 08:56

Euskal Herria nazioa dela aldarrikatzeko asmoz, Iruñean egingo du ospakizuna EH Bilduk. EAJk, berriz, Bilbon egingo du ekitaldi nagusia, apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei begira.

Martxoaren 31n, gaur, da aurtengo Aberri Eguna, eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpaina hastear dela, prest dute guztia alderdi politikoek. EH Bilduri dagokionez, Euskal Herria nazio bat da. Nazioa gara lelopean, Iruñean egingo du ospakizuna; leloak dioen eran, Euskal Herria nazioa dela eta erabakitzeko eskubidea duela aldarrikatuko dute. Horretarako, urtero legez, manifestazioa egingo dute Golem zinemetatik abiatuta eguerdiko hamabietan; 13:00etan, berriz, Basotxoaren eremutik kalejira aterako da Alde Zaharrerantz; arratsaldean, azkenik, haurrentzako jolas eremua eta kontzertuak izango dira.

EAJk Bilboko Plaza Berrian egingo du ekitaldi nagusia 11:30ean, Indar berria, Euskadi berria lelopean. Andoni Ortuzar EBB Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakariak hartuko dute hitza, eta alboan izango dituzte Imanol Pradales EAJren lehendakarigaia eta Oihana Agirregoitia Europako parlamentuko hauteskundeetarako EAJren zerrendaburua. Hala, batik bat, apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak izango dituzte hizpide, "masiboki" parte hartzeko deia eginda, "Euskadiren proiektu politikoa indartzeko funtsezkoa" izango delakoan.

Uztaritzen eta Gernikan

Iruñean eta Bilbon ez ezik, Euskal Herriko beste txoko batzuetan ere izango dira ekitaldiak, esate baterako, Uztaritzen (Lapurdi), EH Bai alderdiak antolatuta. Hain justu, Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalearen datozen hamar urteetako bide orria aurkeztuko dute –Bagira prozesuaren emaitza–, hiru lurraldeetako mugimendu abertzalearen "batasuna eta aitortza politikoaren prozesuan fase berri bat irekitzeko anbizioa" erakusteko asmoz. Festarako aukera ere izango da, ordea, herri bazkaria eta kontzertuak antolatu baitituzte.

Bestelako mugimenduek ere Aberri Eguna ospatzeko deia egin dute. Jardun koordinadorak, adibidez, Gernikan (Bizkaia) ospatuko du eguna. 13:00etan izango da manifestazioa, eta, ondoren, ekitaldi politikoa egingo dute. Herri bazkaria ere izango da, eta amaitzeko, kontzertuak gauera arte.

Euskal Herria Batera

Euskal Herria Batera ekimenak, berriz, atzo egin zuen ekitaldia Bilboko Campos Eliseos antzokian. Askotariko eragileak, alderdiak –EH Bildu eta EAJ, esaterako– eta sindikatuak batu ziren elkarrekin Aberri Eguna ospatzeko asmoz, ekimenak xede baitu "nazio gisa aldarrikatzeko eta munduaren aurrean horrela azaltzeko batera jarduteko baldintzak sortzea": "Batera bagarelako. Eta batera izango garelako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak