Bergarako alkate ohia (1976-1979 eta 1987-1991), enpresaburua (Elay, Balzers), ezker abertzaleko azken 40 urteotako itzal handiko pertsona… Horiek guztiak eta gehiago da Jose Luis Elkoro Unamuno (Elgeta, 1935). Haren gaineko biografia idatzi du Mikel Zubimendi kazetariak (Bergara, 1969). Liburua atera berri, Franco hil ostetik honako Euskal Herriaren gaineko hainbat pasarte garrantzitsu jaso ditu Elkororen ahotik.
Nola sortu zitzaizun Jose Luis Elkororen gaineko biografia idazteko aukera?
Olaso Dorrea Fundazioan bazegoen aspaldiko asmoa, aipatu zidaten eta erronka interesgarria iruditu zitzaidan, bai ala bai egin beharreko ahalegina. Jose Luis gure herriko historia eta balioak gordetzen dituen kutxa gotor bat da. Memoria hori guztia jaso, kondentsatu eta gezia urrutiago jaurtitzeko aurkeztea izan dut gogoan. Uste dut ezinbestekoa dela hor dauden irakaspenak eta altxorrak zaintzea eta zabaltzea, Jose Luis Elkororenak eta Euskal Herriko Jose Luis Elkoro guztienak.
Prozesua nolakoa izan da?
Nahi baino luzeagoa, bi urte ibili gara jardunean, baina erabateko dedikazioa ezin emanda, eta luzatu da, baina beno, pozik, egin beharrekoa zena hor dagoelako eginda.
Orduak eta orduak Jose Luis Elkororekin berriketan…
Pertsonalki, aberasgarria izan da. Profesionalki, aurkikuntza etengabe bat, eta umiltasun bainu bat, Euskal Herrian zenbat daukagun ikasteko, zenbat ikasteke, oroitarazteko aproposa. Biluztu egin da Jose Luis, kontatu beharrekoak kontatu ditu, nahiz eta guztia, bere detaileetan, ezin den idatzi, gaur-gaurkoz, oraindik ez. Grabazioak egin genituen, 89 urteko bizitza bete batek askorako ematen baitu, baina asko ibili gara elkarrekin, autoan Bergarako auzoak bisitatzen, enpresan halako makina ikusten edota denborak horituriko dokumentu politikoak errekuperatu eta errepasatzen. Bergarar bezala, pribilegioa izan da, imajinatu ere egiten ez nituenak eskaini dizkit, pasada bat.
1970eko hamarkadatik aurrera, pertsona oso inportantea izan da, bereziki Franco hil osteko ezker abertzalea ulertzeko.
Bai, dudarik gabe. Baina berak ez dizu halakorik esango, bertan tokatu zela esango du, txiripaz agian, zoriaren kapritxoz-edo. Ez zegoen bere aurreikuspenetan Bergarako alkate izatea, Euskal Herriko alkateen mugimendua edo Herri Batasunan sortze beretik bukaeraraino egotea. Baina han egon zen, gure herriaren alde, une zail eta latzetan. Izaeraz lasaia, hitzez neurrikoa, oreka politiko eta zentzu komun itzela eskaini du beti ezker abertzalean. Herrigintzatik zetorren, Bergarako Alkartu Nai ekimenetik, ez zen alderdi antifrankistetako siglen unibertsokoa. Leialtasun eta zuzentasun sinboloa izan da. Ezker abertzalearen etxea zainduz, etxeko jokatuz.
Telesforo Monzoni oso lotuta beti.
Oso inportantea da Telesforo Jose Luisen bilakaeran. Alkate zela ezagutu zuten elkar, Olaso Dorrea erortzear zegoela, udaletxe bezala kezka eta laguntzeko prestutasuna erakustera Donibane Lohitzunera joan zirenean. Kontuan hartu guardia zibilak zeudela Olason orduan, frankisten sekzioek bertan zutela egoitza, taberna ere jarri zutela, eta erabili bai baina zaindu batere ez. Hor hasi zen adiskidetasuna betirakoa izan zen. Xibertan, han zeuden biak abertzaleen arteko batasun bat lortzeko, hil ala bizi EAJ eta ETA, gudari zaharrak eta berriak, lanean batera jartzeko. Arrasateko Txomin Iturberekin eta beste batzuekin ere aritu ziren ahaleginean, baina porrota izan zen. Zauri eta zartateko handia izan zen hura Telesforo eta Jose Luisentzat, baina ideia baten bueltan indartu zituzten gogoak: alderdiekin ezin bada herriarekin egin beharko da. Herri Batasuna izan zen horren ondorioa. Bergaran Mahai Nazionala eratu zenean, Gipuzkoako hiru ordezkarietatik –Jokin Gorostidirekin batera– bi bergararrak ziren, bata aristokrata eta bestea enpresaburua. Batzuei, agian, kontraesankorra irudituko zaie ezkerreko alderdi batean, baina nire ustez, benetako herritar batasun bat zer den erakusten du: Telesforo, Jose Luis, Jose Angel Iribar Athleticeko atezaina, Santi Brouard pediatra, sindikalistak, apaizak, ETAkoak izandakoak… Lanbidez, ibilbidez, jatorriz, hain ezberdin eta aberriaren alde hain berdin… altxor bat. Jose Luisek zaindu du hasieratik altxor hori, HB legez kanporatu eta kartzelan sartu zuten arte. Bi hamarkada luzez. Eta beti hor, Mahai Nazionalean.
"Pertsonalki, aberasgarria izan da; profesionalki, aurkikuntza etengabe bat"
Egin egunkariaren sorreran eta gerora ere zuzendaritzan.
Sorrera prozesuan egon zen eta Orain SA enpresa editorearen burua izan zen ia sortze beretik. Prentsa askatasunaren aldeko bere konpromisoa eta lana oso handia izan da, bere ekarpena isila bezain ezinbestekoa, Egin egunkaria eta irratiaren ibilbidean aztarna sakona utzi du. Eta hori ez zioten barkatu, horregatik sartu zuten preso, kausarik gabe epaituta eta deliturik gabe kondenatuta.
Euskalgintzan, gizartegintzan, hezkuntzan…
Oso pertsona poliedrikoa da, pieza bakarrekoa baina ertz askokoa. Herrigintzatik dator, eta herriarentzat bizi izan da. Herriaren alde "batuta etekina eta banatuta ezina" datorrela oso barneratua duen belaunaldikoa da, egungo herrigintzari eta udalgintzari asko eskaintzeko duen kultura batetik. Bergaran behar berezietarako hezkuntza zentro guztiak izatea, ikastolako lanak ordaintzeko –Madrilen lortutako– diruak, edo unibertsitatea ekartzea, adibidez, bera gabe ezin da ulertu. Jakina, sekulako ekipoa zuen eta konplize handiak, adibidez, Errege Seminarioa kudeatzen zuen domingotarren komunitatea.
Bergarako alkate aldi ezberdinetan, Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko hautagai –hauteskundeak irabazi zituen–, batzarkide, senatari, eusko legebiltzarkide…
Hori da. Herriak asko estimatu du, bere aurkariek, ezberdintasunak ezberdintasun, errespetu handia izan diote, eta hein batean, Madrilgoek ere bai. Jose Luis, baina, ez da sekula politikari sentitu, zentzu profesional batean behintzat ez, oso deseroso sentitu da traje horretan. Berea ez da alfonbra gorrien pasarela izan, kartzelarako bidean eraman du bere konpromisoak. Hori bai, beste printzipio eta anbizioak izan balitu, bera erosteko saio eta eskaintzei uko egin ez balie, Gipuzkoako ahaldun izan, izan zitekeen. Hori eskaini zioten Alkateen Mugimenduko buru zela, edo, adibidez, HB ez zen beste alderdi bateko zerrendaburu joateko kinieletan ere egon zen.
Josu Muguruza erail eta Iñaki Esnaola larri zauritu zuten Madrileko Alcala hoteleko lekuko ere izan zen. Nola kontatzen du hura?
Jose Luisen besoetan hil zen Josu Muguruza. Hotel Alcalan tirokatu zituzten eta oso fresko du han gertatua, lehen pertsonan kontakizun oso latza egin du, batzuek eta besteek nola jokatu zuten zehatuz. Madrilen tirokatu zuten, baina Bergaran bertan kristoren eskapadak egindakoa ere bada. Txiripaz ez zuten hil. Guardia zibilak baino gehiago gabardinekin aritzen ziren horiek, Montejurrakoak. Heriotza mehatxuak ohikoak zituen eta bere familiak ere bai, Bergaran ikurrina jarri zen egun beretik. Garai haietan, alkate ausart haiek hartu zuten ardura harekin, ez dakit nola ez zituzten garbitu!
Han egon zen da liburuaren izenburua. Azken 50 urteetako lekuko inportantea izan da Elkoro?
Nik atzerago eraman dut kontua. Elgetan 1935an jaio zen, pentsa zer izan zen 1936ko Elgeta. Gerraren frontea bertan egon zen ia zortzi hilabetez. Pentsa, gaur egun Teleberri-etatik ikasi ditugu Bakhmut edo Avdiivka izenak. Elgeta kategoria horretakoa da baina ia 90 urte lehenago. Eta hortik tiratu dut haria, puntadaz-puntada gaur arte. Bai, ikurrina, amnistia, autonomia estatutuaren aurrekoa… horren guztiaren inguruan asko kontatzen du, onerako eta txarrerako. Han zegoen, lehen lerroan, aditu beharreko lekukotza da.
"Haren aurkariek, ezberdintasunak ezberdintasun, errespetu handia izan diote"
Pertsona elizkoia, karlisten familiakoa, Elgetako alkate izandakoaren semea, enpresaburua, arrakastaduna, gainera, ertz asko ditu, ezta?
Hala da. Ez nuke elizkoia dela esango, osoki Jesusen jarraitzaile eta bere erara kristaua den arren. Loiola eta jesulagunen arrastoa badauka, pobreekiko konpromisoa eta misioa, lagunak izan ditu Bergarako moja-zaharrak edo domingotarrak, herrigintzan asko lagundu diote, baina ez da liturgikoa eta dogma zalea. Amaren eta aitaren partez karlista familiakoa da, eta karlismoak Euskal Herrian dituen argi-itzalak eta eragina sumatu daitezke, aita Elgetako alkatea zen, lehenago osaba Errepublika garaian, Santa Kruz apaizaren zuloa ere aipatzen da kontakizunean… Karlismoa faktore bat, bai. Eta bai, Jose Luis ez da bakarrik enpresaburua, enpresaburu oso ona da.
Txalaparta editorialak emango du argitara liburua. Oso Bergarako geratu zaizula esan dizute. Hala uste duzu?
Badugu ospe hori bergararrok, ezta? Herria harro zoragarri goratzearena. Tira, Jose Luis ezin da inolaz ulertu Bergara gabe. Bergaran garatu zuen berezko potentziala, lur oso ongarritu bat zegoelako, kristoren historia eta memoria kondentsatua. Mari Karmen Aiastui emazteak eman zidan pista, beste hainbat kontutan bezala, eskertu nahi dizkiodanak, hari entzun nion hitza: "Orduan Bergara bonba bat zen!". Adibidez, nire tesia da ez dela kasualitate hutsa wolframa aurkitu zuten instituzio berdinean euskara batuaren giltzarria izan zen Euskaltzaindiaren VIII. Biltzarra egin izana, Herri Batasunaren Mahai Nazionala osatzea, edo UNED bertakotzea eta milaka euskal presoen ikasketak urteetan bertatik bideratzea. Oso Bergarakua da, akaso, baina ezin zen bestela izan. Bergarako auzoak, historiak, nola lortu zen saihesbidea, herria zabaltzeko lurrak… zergatik ez zen eskualdeko ospitalea Bergarara ekarri edo Arrizuriaga Jauregian zergatik jarri zuten Ertzaintzaren kuartela… Ez dakit, ezin nituen kanpo utzi, dakidan arren bergarar ez direnentzat agian ez dela hain erraza izango. Nik ez dut zalantzarik, Jose Luisek B-rekin idatzitako Bergara berriz ere mapan kokatu zuen. Eta berak eta bere ekipoak Bergarako garapenaren bizkar hezurra finkatu zuten.
Elkoro Bergarako alkate izan zen sasoian, bereziki lehen aldiz alkate izan zenean, artean frankismoaren azken urteetan nahiz eta Franco hil berri sekulako mugimendua zegoen Bergaran. Une hori ere jasotzen duzu liburuan?
Jose Luisen bizitzan badago letra larriz idatzi beharreko data indartsu bat: 1976ko uztailaren 21. Euskal foruen abolizioaren mendeurrenarekin batera, dozenaka udalek Bergaran egin zuten ekitaldi jendetsu eta zoragarria. 23Fn ezagun egin zen Antonio Tejero guardia zibilaren mehatxu guztiez gain, poliziek herri guztia hartu zuten arren, milaka herritar bertaratu ziren, Intxortako gudariak emozioez negarrez, Agirre lehendakariaren alarguna, Monzonen emaztea, sekulako diskurtso indartsua bota zuen Elkorok. Egoera halakoa zen-eta, Euskal Herriak botere legitimorik ez zuen, ezta Madrilekin interlokuzioa eta alderdi politiko legalik ere ez. Jose Luisek dio ez zutela herri hau ordezkatu bakarrik, gobernatu ere egin zutela. Ulertzen diot zentzua. Bestalde, esan behar da Alkateen Mugimendu hura oso Debagoienekoa zela, eskualdean hasi zela, zehazki Oñatin, Duruko txabola batean. Debagoienako Mankomunitatearen arrastoa ere hortxe bilatu behar da. Eta zehatzago, alkateen mugimenduaren hasieran kooperatibismoarekin egon zen uztarketa, nahiz eta orduko Fagorren erabaki organikoa ez izan, ia herri guztietan sartu zirelako kooperatibistak zinegotzi: Bergaran Juan Mari Otaegi, Eskoriatzan Errasti, Arrasaten Etxabe… Inguruarekin inplikatu eta herriarekin konprometitzeko kooperatibismoak duen printzipio horri jarraiki. AP-1 autobidea behar zena, hori izan behar zen lehena eta ez AP-8, beste faktore bat izan zen, eta Deban eraiki nahi zuten zentral nuklearra beste bat.
"Elay enpresa da haren kreatura txikia; haren balio eta ekintzailetza ikus daitezke bertan"
Pertsona ezagun eta boteretsu asko igaro ziren Bergaratik urte haietan. Hori guztia kontatzen duzu liburuan?
Den-dena ezin da, baina dezente bai. Pentsa ezazu une batez: nik ez dakit zein den egun Bergarako, edo Arrasateko edo Oñatiko alkatearen agenda, baina esan diezazuket orduan Jose Luisek goiz batean Espainiako hiru ministro ezberdinekin batzartuta dagoela, Adolfo Suarez presidentearekin ere bai, edo Espainiako armadako burutzat hartzen zen Manuel Gutierrez Melladorekin, edo Inteligentzia Zerbitzuetako –garaiko CESID– Emilio Alonso Manglanorekin… Edo Mutrikuko kondea Jose Maria Areilzarekin… Eta Jose Migel Barañan Argala, eta Txomin Iturbe eta ETAko beste buruekin…. Eta Xavier Arzalluz, Juan Ajuriaguerra edo Manuel Irujorekin… Edo kooperatibismoaren bultzatzaile Jose Maria Arizmendiarrietarekin… Gai potoloen inguruan, bai, eta, jakina, Bergararako gauza eta baliabideak lortzeko aprobetxatzen zuen, bai.
Zenbat atal eta orrialde ditu liburuak?
25 ataletan banatu dut, dakidan arren atal bakoitzak liburu propioa duela, eta are entziklopedia ere bai. Esan nahi dut, Herri Batasunaren atala 10-15 orrialdeetan eman dut, baina HBren historia nahi duenak hor du entziklopedia osoa. Bergarako historiak beste horrenbeste, bibliografia pila bat dago. Eta berdin, Egin, Alkateen Mugimendua, Hotel Alcala edo Ikurrinaren legeztapenaz, bakoitzak bere liburua. Denera 350 orrialde inguru izango dira.
Nola banatuta?
Oso garbi nuen trazu potoloa behar zela, hemen eman, han beste apur eta azkenean, hori zela erronka, informazioa eskaini baina batez ere bolumena, bizitza bete bat kabitzeko, abertzale handi baten ibilbidea marrazteko. Oso garbi nuen ez nuela ez ideologiatik ezta datu historiografikoekin kargatuko. Jose Luisen diskurtsorik edo mitinik ez da topatzen Youtube-n, ezta berak idatzitako txosten politikorik artxiboetan. Inori diskurtsoak emateke egin duelako bidea, umil, denekin hitz eginez eta konpromiso batekiko leial. Jose Luisek hitz egingo zuela banekien eta nik lagundu egin nuela jarioa paperera ekartzen. Hori izan da, funtsean, ariketa.
Argazkiz ondo hornituta?
Gehien-gehienak kutxetan gordeak zituenak. Eta bideoa ere badakar, QR batean, 1976 hartan Bergaran gertatu zena eta Jose Luisek eman zuen diskurtso jasotzen duena. Pedro Luis Ormazabal argazkilariari eskerrak eman nahi dizkiot holako harribitxia gure esku jartzeagatik.
Lehendik ere ezagutzen zenuen Elkoro: Bergararra zara, haren gertukoa, arlo pertsonalean zein politikoan. Baina liburua egiteko berarekin pasa dituzun orduak eta orduak, ezagutzen ez zenuen zerbait ezagutzeko aukera eman dizu?
Erreferente da, niretzat, Bergaran eta Euskal Herrian. Ezagutzen nuen, eta miresten dut bere soiltasuna, apal jokatzea eta azpitik jotzea, pertsona arrunta da arrunt ez ohikoak diren gauzak egin dituena. Umore onekoa da, barre handiak egin ditut ere. Eta jakituria handikoa da, ikaragarri bidaiatutakoa, euskaraz eta gaztelaniaz bakarrik hitz egin arren, munduan zehar galdetzeko eta ikasteko beldurrik izan ez duena.
Aipatu duzu, arrakasta izan duela enpresaburu moduan ere. Elay, Balzers… Akaso, askorendako, alor hori da ezezagunena?
Nik bizpahiru atal eskaini dizkiot horri, Elay delako bere kreatura txikia. Bere balio, printzipio eta ekintzailetza ikus daiteke ispilu horretan. Esan dut, enpresari ona da, bai. Balzers –egun Oerlikon– Antzuolara ekartzeko ere ezinbestekoa izan zen. Eta ez bakarrik instalazioak, teknologia ere bai, ebaketa zehatzarena, huste handiarena… Eta hori aberastasuna Euskal Herrian mantenduz, langileekin ondradu eta baldintza oso onak ipiniz, oso errentagarriak izan arren, armak ekoizteko proposamen denak baztertuz, enpresa eta lana euskalduntzen aitzindari izanik, ezer ez zegoen tokian bidea zabaldu zuelako, gero etorri ziren Euslan bezalako plan instituzionalak. Familiako enpresa zena, egun nazioartekotua da, Mexikon, Txinan, eta hori guztia bere jabea bizkar-zorroan kristoren ardurak eramaten zituela: alkate, Egin-eko enpresa editorearen burua, ETA-Gobernua negoziazioetan errekadista… eta preso ere bai.
Kartzelatik igarotzea egokitu zitzaion, 70 urte pasata. Nolako oroitzapenak ditu espetxean igaro zituen urteena?
Ez da berdina kartzelara 25-30 urterekin sartzea edo 70 urtetik aurrera, kalkulu bitalak eta beste ezberdinak dira oso. Eta egia da lehen unean gaizki pasatu zuela. Gogorrak dira bere aitorpenak, baina batez ere zintzoak, oso beharrezkoak. Kontutan hartu, adin horretan espetxera sartu eta etxea erre ziotela azpian zegoen banketxeari eraso egin eta erabat kiskalita. Bi seme atxilotu zizkioten, enpresako interes taldeak urduritu ziren, pentsa panorama… Bizpahirutan espetxeratu dute, HBko mahaikide eta Egin-eko buru bezala, sumario aski luze eta fisikoki gogorretan, 18/98 adibidez. Baina berarentzat kartzelak ez du dena txarretik izan, badu bere gauza ona ere: garbitzen ikastea, sakon hausnartzea, gorrotorik gabe, inbidiarik gabe bizitzeko konklusioetara iristeko lagungarria egin zaio.