Gasteizko Olabide ikastetxeko Lehen Hezkuntzako seigarren mailako 25 ikasleko lau ikasgelatan gauzatu dute proiektua Pascualek eta Oregik, LEINNeko bi ikasleek. Lehendabizi, "teknologia gaizki erabiltzearen arriskuei buruzko kontzientziazio saioak" egin dituzte, eta "ondo erabiltzeko hainbat gomendio" partekatu dituzte haiekin; are gehiago, "naturaren onurak eta aurrez aurreko harremanak" sustatzeko ere baliatu dute unea. Txakur terapeutikoei dagokienez, beraz, bigarren saioan erabili dituzte. "Haurrek lehen pertsonan esperimentatu zezaten aire libreko jardueraren onura; horrela, harreman pertsonalak eta animaliekiko harremanak sendotu zituzten". Azkenik, hirugarren saioan, teknologiaren erabilerarako "plan espezifiko bat" garatu zuten, ikasle bakoitzak berea.
Pantailak: zertarako?
Pascualen eta Oregiren arabera, "herritar bakoitzaren betebeharra da" pentsatzea ea pantailek zertarako bide ematen duten: "Ea mundura irekitzen gaituzten leihoak diren edo errealitatetik bereizten gaituzten hormak diren". Izan ere, uste dute gazteenek "teknologiaren erabilera arduratsua" egitea nahi bada, "aldaketa gutako bakoitzaren hausnarketatik sortu" behar dela, helduen irakaspenari garrantzia emanez.