Puntua aldizkariaren 403. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Hamar idazlek hartu dute parte, ipuin bana batuta: Idoia Etxeberria, Jon Abril, Ainhoa Urien, Maite Aizpurua, Edorta Jimenez, Maitane Perez, Saioa Alkaiza, Lutxo Egia, Maddi Zubeldia eta Gaizka Sarasola. Dijitalidadea elkarteko Gotzon Barandiaranek eta Josu Landak jardun dute edizio-lanetan eta Ainara Azpiazu Aduriz Axpi-k egin du liburuaren azala.
Herrietako egonaldietan sortuak
Estilo eta kontaera oso desberdinetan, Euskal Herriko hainbat txokotako kontakizunak elkarlotu dituzte bilduman. "Idazleak aukeratu ondoren, herriak esleitu zaizkie, eta herri horietan bi asteko egonaldiak egin dituzte, hango istorioak, esperientziak, pertsonaiak, anekdotak... bilduta bakoitzak bere istorioa ontzeko", azaldu du Udalbiltzako Kultura teknikari Maria Osesek.
Ataun eta Zaldibia egokitu zitzaizkion Oñatiko Idoia Etxeberriari; aste bana egin zuen herri bakoitzean eta Bai, koanto! sortu zuen. Jon Abril Atharratzera gonbidatu zuten eta Odolustu izeneko istorioa sortu zuen. Ainhoa Urienek Muga ez da lurraldea idatzi zuen Nafarroako Goi Erriberan; Maite Aizpuruak Esnatze basa izenekoa, Araitzen, Larraunen eta Betelun egindako egonaldian; Edorta Jimenezek, Mutrikun, Alkolean; Maitane Perez Bizkai aldean ibili zen, Muxikan, Ajangizen eta Errigoitin, hain justu, eta han abiatu zuen Piztiak esnatzen direnean istorioa; Saioa Alkaizak, Berriatuan, Arrazoiak; Lutxo Egiak, Seguran, Lisboako lausoa; Maddi Zubeldiak Gollebarren erroak luze Ziortza-Bolibarren; eta Gaizka Sarasolak Desagertzen izenekoa sortu du Larrabetzun.
Askotariko istorioak
Herri txikietako kontuei heldu die Idoia Etxeberriak bere Bai, koanto! lanean. "Ez, ordea, hangoen jatortasuna loriatzeko asmoz, barrua mugitzen duten istorio ilunen bila baizik", dio Oñatiko idazleak. Ahotsak.eus proiektuan aritzen da Etxeberria lanean, eta hango lanetarako metodologia baliatu zuen zaldibitarrek eta ataundarrek esandakoak biltzeko. Saioa da kontakizuneko protagonista: "Ataunera bueltatu da, jaioterrira, eta herriko emakumeen historia ikertzen hasiko da, Soziologiako Gradu Amaierako lana egiteko asmoz, baina ondo daki hori aitzakia bat baino ez dela".
Atharratzeko biztanle asko elkarrizketatu zituen Jon Abrilek, eta herri txikien husteari buruzko istorioa osatu du. Herri txikietako deserrotzea ekarri du Maite Aizpuruak ere, disidentzia sexualari heltzeko gogoz abiatutako ipuinean, besteak beste, naturan, harremanetan eta denboraren joanean arreta jarrita.
Lisboatik Segurara bidaiatu duen Segundo izena duen gizona da Lutxo Egiaren kontakizuneko protagonista, eta istripu baten ondorioz amnesia duen Ana eta haren ama, Sabina, Maddi Zubeldiarenak.
Euskarak, paisaiek, prekarietateek, soroek, harremanek, kontserbek, erresistentziek eta era askotako mugek zeharkatutako istorioa da Ainhoa Urienena. Eta atzerrian urte luzez bizi ondoren jaioterrira itzulia den Margariri buruzkoak Gaizka Sarasolarenean.
Beldurrezko istorioa da Maitane Perezena; bere buruaz beste egin duen pertsona baten galeraren ingurukoa da Saioa Alkaizarena; eta ezustekoz, sedukzioz, iruzurrez, engainuz, lapurretez eta bestez osatutako istorioa da Edorta Jimenezena.
Aurkezpen ibiltaria
Liburua-dendetan dago Hamarreko bitxia eskuragarri, eta idazleen egonaldiak izan diren herrietan aurkezpenak egiten ari dira. Bina idazle joaten dira saio bakoitzeko.
Literaturaz gainera, Geuretik Sortuak ekimenak komiki, antzerki eta zinema arloetako proiektuak ere babestu ditu, eta ari dira uzta berria Euskal Herrian zehar aurkezten. Bergaran, esaterako, Eukalyptus eta Olagarroa antzezlanak ikusteko aukera izango da.