Kirolean nabarmentzea ez da nahikoa

Xabier Urtzelai 2024ko mar. 20a, 14:55

Ezkerretik eskuinera, eta goitik behera: Linanzisoro, Kortazar, Uribarri, Osa eta Mjahed.

Jarraian datozen kirolariek diote babesleak izateko gaur egun ez dela nahikoa kirolean nabarmentzearekin. Publiko zabalera iristen ez diren kirol jardueretan dihardute, eta sare sozialak erabiltzen dituzte emaitzen berri emateko –bereziki, Instagram–, baina baita euren marken erakusleiho moduan ere. Eta batzuetan, uste baino lan eta burukomin gehiago ematen ditu horrek.

Puntua aldizkariaren 404. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Yaman Mjahed MMAko borrokalari arrasatearra da. Duela pare bat aste, WOW etxeko txapeldun bilakatu zen, eta jaialdi hark 6.000 lagun batu zituen Vistalegreko harmailetan (Madril). "Borrokaldiaren ostean Instagram lehertzear neukan, sekulakoa izan zen". Arrasatearrak berak kudeatzen ditu bere sare sozialak –5.000 jarraitzaile ditu Instagramen–, baina Madrilgo borrokaldi hartara, esaterako, filmmaker edo kamerari bat eraman zuen, borrokaldian zehar edukia sortzen laguntzeko. "Lehen, nahikoa zen kirolari ona izatearekin; gaur egun, ona izan behar duzu, baina ondoren, zure publikoari ze ona zaren erakutsi behar diozu. Eta horretarako erabiltzen dut Instagram. Gure marka propioa gara; kirolari batek gaur egun bere burua saltzen jakin behar du. Zeuk ez badiozu zeure buruari baliorik ematen, nork egingo du? Zeure buruarengan sinetsi behar duzu, eta sinesmen hori mundura zabaldu".

Beste modu batera esanda, Diamante-k bere istorio pertsonala kontatu nahi du. "Film bat izango balitz moduan, norberaren egunerokoa, entrenamenduak, momentu on eta txarrak… Sentitzen duzuna publikoari helaraztea da helburua. Eta, batek daki... beharbada, euren egunerokoari aurre egiteko inspirazio iturri ere bilakatu gaitezke; gauza ederra da hori".

YAMAN MJAHED: "ONENA IZATEA EZ DA NAHIKOA; ZURE PUBLIKOARI ERAKUTSI EGIN BEHAR DIOZU"

Sareak, ohiko medioen alternatiba modura

Publiko zabalak jarraitzen duten kirol jarduerek ez dute sare sozialen aparteko beharrik, baina oihartzun txikiagoko kiroletan egoera bestelakoa da; sareetan aurkitu dute erakarri beharreko publikoa. Eta kirolariak bakarrik ez, antolatzaileak eta markak ere buru-belarri dabiltza edukiak sortzen. "Egia da azken borrokaldia Movistar Plus telebista katean eskaini zutela, erreportajeak egin dizkigutela, baina, bestela ere, WOW-koek asko zaintzen dute espektakuluaren kultura, borrokaldiak ikusgarri egiten saiatzen dira, eta, ondoren, sare sozialetan partekatzeko material mordoa sortzen eta batzen dute. Eta borrokalarion esku jartzen dute material hori, guk ere zabal dezagun". Hala, munduko txapeldun Ilia Topuria borrokalariak egin duen moduan, Mjahedek ere marka propioa sortu du, iruditeria propioarekin. "Nire agentea dagoeneko badabil patentatzeko gestioak egiten".

Pandemiatik hona, markak zorrotzago

Mikel Linazisoro eskalatzaile bergararrak bereziki Trangoworld eta Sportiva etxeen babesa dauka. "Zalantza barik, marka guztiek geroago eta garrantzi handiagoa ematen diete sare sozialei, eta, bereziki, pandemiatik hona hazi egin dira kirolarioi egiten dizkiguten eskakizunak". Bergararrak hainbat urte daramatza babesleekin, eta lehen edukiez apenas arduratzen bazen ere, orain geroago eta presenteago dauka kontua –13.500 jarraitzaile ditu Instagramen–. "Lehen, gure emaitzak aldizkari espezializatuetan azaltzen ziren, eta gu ez ginen halako kontuez arduratzen. Baina gaur egun ez da nahikoa. Garbi esango dizut: babesleei ez zaie horrenbeste axola Europako txapelketan hirugarren edo bosgarren egin duzun. Noski, zenbat eta txapelketa hobea egin, orduan eta hobeto. Baina markendako erakargarriagoa da sare sozialak zaintzeaz arduratzen den eskalatzailea, nahiz eta txapelketan hamabigarren sailkatu".

MIKEL LINAZISORO: "EMAITZEK GEROAGO ETA GARRANTZI GUTXIAGO DUTE BABESLEENDAKO"

Gauza bat da babesleek geroago eta gehiago eskatzea eta beste bat da horregatik presioa sumatzea. "Ez, nik ez dut halakorik sentitzen; alde horretatik, lasai bizi naiz. Badut argazki onak ateratzen dituen lagun bat, eta noizean behin Araotzera joaten naiz harekin, erretratuak egitera. Azken batean, entrenamendu egun bat galtzen duzu horrekin, baina ez dit burukomin handiagorik eragiten. Eta egia da gaur egun poltsikoko telefono batekin posible dela argazki txukunak egitea. Hala, tarteka, saiatzen naiz halako edukiak sortzen. Edo telefonoarekin eskalada-saio bat grabatzen dugu horman. Tira, halakoak egiten gustura ibiltzen naiz, ez dira lana niretako".

Baina kirolariak ondo prestatuta daude sare sozialetan behar den moduan jarduteko? Linazisorok aitortu du, esaterako, Trangoworld etxean saiatzen direla kirolariak formatzen: "Tarteka, kontzentrazioak egiten ditugu taldearekin, eta bertan komunikazio taldekoekin egoten gara zer-nolako edukiak sortu behar ditugun komentatzen argazkilariek gomendioak ematen dizkigute, zer-nolako argazkiak atera, argazki horiek zelan egin… Bai, gure kasuan, saiatzen dira laguntzen, eta garbi esaten digute, adibidez, gure ardura ez dela euren arropa guztia erakustea. Gehiago dela euren arroparen bat izanda kirola egiten gabiltzala erakustea".

Izan ere, euren kirol jardueran, eskaladan, laguntza guztiak dira ongietorriak. "Gauza bat da babesleei esker laguntzak izatea, bekaren bat izatea… Baina oso zaila da hemendik ondo bizi ahal izatea. Horretarako, %100ean izan behar duzu arreta eskaladan, eta arlo guztiak zaindu, baita sare sozialena ere. Izan ere, txapelketetan izaten ditugun sariak lotsagarriak dira. Espainiako Kopan, esaterako, irabazleak 150 euro irabaz ditzake, gero diru hori kirol denda batean gastatzeko. Eta iraungitze epea izaten dute, gainera. Niri beti ahazten zait saria hartzera joatea [Barre]. Hala ere, kirol materiala ematen didan babesle bat badut, zertarako behar dut sari hori? Nahiago nuke, esaterako, bidaietako gastuei aurre egiten lagunduko lidakeen saria, egia esan".

Trailean ere, sareak ezinbesteko

MALEN OSA: "HALABEHARREZ ELIKATZEN DITUT SARE SOZIALAK; BADAKIT NON NAGOEN"

Malen Osa lasterketetan nabarmendu delako iritsi da Salomoneko talde nagusira, baina garbi dauka sare sozialek duten garrantzia –28.400 jarraitzaile ditu Instagramen–. "Zoritxarrez, lasterketak irabaztea ez da nahikoa. Esango nuke mundu mailako puntako lasterkarien artean egoteko emaitza onak izateaz batera sare sozialetan ere gutxieneko presentzia bat izan behar duzula. Azken batean, gurea hazten dabilen kirola da. Futbol jokalari bat Bartzelonako talde nagusira iristen denean ez du halakoen beharrik, egin beharreko lana egin du, baina gurea moduko kiroletan egoera bestelakoa da". Oñatiarrak denbora laburrean kirol arloan gorakada izugarria egin du, eta sare sozialen erabilpenean ere erabateko aldaketa izan du. "Halabeharrez izan da, halaxe tokatu zait. Horrelako marka baten parte zarenean, lasterketetatik kanporako lanak ere egin behar dira. Egia da azkenerako ohitu egiten zarela, baina bai... askotan, batere gogorik ez duzunean kamera aurrean jarri beharra daukazu. Hala ere, momentu horietaz ere gozatu egiten dugu; Salomoneko argazkilari eta bideo egileekin oso harreman ona dugu eta barre asko egiten dugu elkarrekin. Bestalde, sare sozialetatik, orokorrean, mezu positiboak jaso izan ditut, baina hor ere, denean bezala, zenbat eta oihartzun handiagoa izan, orduan eta jende gehiago erakartzen duzu. Eta mezu desegokiak jasotzeko aukerak ere handitu egiten dira".

OIHANA KORTAZAR: "ASKOTAN, EZ DAKIZU ZE EDUKIK IZANGO DUEN ZALEEN ARTEAN HARRERA ONA"

Beste bi mendi lasterkari ere, Oihana Kortazar eta Ainara Uribarri, bat datoz Osarekin: "Denetariko adibideak daude; hau da, badaude sare sozialetan presentziarik izan gabe oso babesle onak dituzten lasterkariak. Baina egia da gaur egun posible dela lasterketetan aurrean ibili gabe puntako babesleen laguntza izatea: saltzen oso ona zarelako, kamera aurrean berba egiteko erraztasun handia duzulako… Edo izan daiteke, baita ere, askorendako eredugarri zarelako eta markendako erakargarri. Eta hori ondo ikusten dut. Adibidez, Salomon eta Nike etxe handiekin ez, baina bestelako marka txikiekin edo produktu konkretuak egiten dituztenekin bai sumatu dut ezberdintasuna gizonezkoen eta emakumezkoen artean. Maila bereko korrikalariak izanda ere, babesle horien aurrean emakumezko batek gehiago justifikatu behar du babesleak izatea", dio Kortazarrek.

Sareen kudeaketa, norberak

Kortazarrek erabiltzearen ondorioz ikasi du bere sareak zelan elikatu –28.200 jarraitzaile ditu Instagramen–, erreportaje honetako gainontzeko kirolarien moduan. "Beste batzuen sare sozialak ikusten ditut eta... konturatzen naiz nire publikazioak oso etxean egindakoak direla [Barre]. Beste batzuek asko zaintzen dituzte testuak, irudiak… Profesionalak dirudite, edo profesional batek kudeatzen ditu euren sare sozialak. Egia da nahiko erregularra naizela edukiak publikatzeko orduan, eta kontziente naiz gauza gehiago sareratu ahal izango nituzkeela, baina, sarritan, pentsatzen dut gauza asko ez direla jendearen interesekoak, edo gauza pertsonalak direla, eta erreparoa ematen dit horiek publikatzeak. Askotan, lasterketen ondoren iristen zaizkigun argazkiak izaten dira salbazioa; izan ere, nire entrenamendu lekuak beti dira berdinak, eta ez dute aparteko ikusgarritasunik. Eta, hala ere, inoiz ez dago asmatzerik. Izan ere, tokatu izan zait eraginik izango ez zuela uste nuen eduki bat sareratu, eta inoiz baino atsegite eta erantzun gehiago izatea. Beste batzuetan, berriz, ez duzu ezer esateko; izan ere, egun guztiak ez dira berdinak".

AINARA URIBARRI: "TRISTEA DA, BAINA SARE SOZIALAK EZINBESTEKOAK DIRA BABESLEAK IZATEKO"

Ainara Uribarrik ere aspaldi ikusi zuen sare sozialen bultzada ezinbestekoa zuela –3.600 jarraitzaile ditu Instagramen–. Oñatikoa Brooks taldeko kide da, eta bestelako laguntzak ere jasotzen ditu: betaurreko markak, arropak, elikadura-osagarriak… Maila horretako laguntzak ez dira diru-saritan izaten, eta bai materiala uztearen truke. "Markek ez dute aparteko eskaerarik egiten; noizean behin publikazio batzuk egiteko esaten dizute, edo argazkiak igotzen ditugunean eurak etiketatzeko. Brooks, berriz, nire taldea da, eta hor bai saiatzen naiz lasterketetan egin beharreko lana egiten, eurak ere pozik egon daitezen. Presioa beti dago hor, baina, neurri handi batean, bakoitzak bere buruari jartzen dion presioa da".

Kirolariei edukia sortzen laguntzen

Aritz Gordo argazkilariak gertutik bizi izan du sare sozialetan egon behar izate horrek kirolari batzuei sortzen dien ezinegona. "Kirolariek oso ondo dakite zelan entrenatu behar duten, zelan elikatu behar duten... Baina denek ez dakite sare sozialetan zer- nolako edukiak jarri behar dituzten. Babesleek edukia sortzeko eskatzen diete, baina nekatuta nago esaldi hori entzuteaz. Ze eduki mota sortu behar du? Zein da haren profila? Ze baliabide du horretarako? Eduki ona sortzeak uste duguna baino lan handiagoa du, eta komunikatzeko gaitasuna izan behar da, eta denek ez dute trebezia hori. Kirolari bakoitzak garbi izan behar du markak bere bitartez zer transmititu nahi duen. Izan ere, batere landu gabeko eduki bat ez da eduki on bat. Alde horretatik, uste dut orokorrean kirolariei formakuntza falta zaiela".

Arrasatearrak sei urte daramatza Orbearekin kolaboratzen, eta sarritan egin izan ditu Markel Uriarte riderrarekin saioak, eta Aritz Egearekin, Ainara Uribarrirekin, Oihana Kortazarrekin... Horrekin batera, Osso eta Otso etxeekin ere kolaboratzen du: "Marken enkargu batzuk ordainpekoak izaten dira eta beste batzuk, kolaborazioak. Baina oso garbi daukat markek zer eskatzen didaten. Kirolariekin argazki saio bat egiteko hitzordua egiten badut, ez da izaten katalogoko argazkiak egiteko, horretarako badaude beste batzuk ni baino hobeak. Orbearendako argazkiak egiten baditut, saiatzen naiz erakusten txirrindulari hori zelan dabilen gozatzen, ze askatasun duen, ze egunsenti harrapatu duen, ze bidetxur jaisten dabilen… Nire helburua ez da horrenbeste bizikleta konkretu bat erakustea. Horregatik diot sare sozialetan kirolari batek garbi izan beharko lukeela ze profil izan behar duen. Izan ere, jendea nekatuta dago podiumeko argazkiak ikusteaz".

Erreminta bera ezagutu

Gordok nabarmendu du sare sozial konkretu bat hautatu ostean ezinbestekoa dela hura ondo ezagutzea. Instagram da denek gehien erabiltzen dutena. "Hilabetez egon nintzen goizero hamabost minutu hartzen Instagram aztertzeko, argazki bakoitzak ze bide egiten zuen ikusten, erreakzioak, algoritmoak zer saritzen duen…". Gaur egun, 22.000 jarraitzaile pasa ditu arrasatearrak. "Instagramen like edo gustuko dut delakoak garrantzitsuak dira, baina aplikazioak geroago eta gehiago saritzen ditu interakzioak, zure argazkiaren bueltan sortu diren elkarrizketak, partekatzeak... Eta hori ere zaindu behar da gora egiteko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak