Eskoriatzan izandako lan istripua salatzeko elkarretaratzea egingo dute gaur

Mirari Altube Arrese 2024ko mar. 15a, 07:04

Kamioia zama lurrean duela, joan den eguaztenean.

Martxoaren 13an Eskoriatzako Fagor Ederlan lantokiaren kanpoaldean izandako lan istripua salatzeko elkarretaratzea deitu dute LAB eta ELA sindikatuek; gaur egingo dute, 12:00etan, Markuleteko poligonoan. Orixol Garraioak (TKV taldea) enpresako 25 urteko langile bat zauritu zen orduan kamioiko karga gainera erorita.

TKV Areazka 2014 enpresak Markuleteko poligonoan (Telleria kalea) duen egoitzaren aurrealdean elkartuko dira gaur, 12:00etatik 12:30era bitartean protesta egiteko eta langileari elkartasuna erakusteko. "Gure samin eta besarkada handiena helarazi nahi diogu langileari eta bere lankide, senide eta gertukoei", adierazi dute ohar bidez TKV taldeko Areazka 2014 enpresako ordezkari eta langileek.

"Segurtasun neurri gehiago"

TKVko zuzendaritzari eta arduradunei segurtasun neurri gehiago eskatzen dizkietela prebentzio arloan beste behin esan dute. Eta gogora ekarri dute iazko apirilean ere izan zela beste lan istripu bat: "Orduan ez zen zauriturik izan baina kalte larriak egon zitezkeen. Enpresari ikerketa bat irekitzea eskatu genion eta horrelako arriskuen aurrean prebentzio neurri zehatzak ezartzea exijitu".

Era berean, adierazi dute garraiolariena dela istripu larri eta hilgarri gehien jasaten dituen sektoreetako bat, trafiko istripuak direla, istripu ez traumatikoak direla –arazo kardiobaskularrak…–. Eta karga eta deskarga lanak ez dagokiela horiei: "Enpresa askotan ez da segurtasun arau hori errespetatzen eta bitartekorik ez duen garraiolariari uzten zaio materiala manipulatzen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak