Udaltzainek su-armak erabili beharko dituzte

Julen Murua Mesonero 2024ko mar. 8a, 12:48

Pistolak eraman beharko dituzte soinean udaltzainek aurrerantzean; izan ere, onartu berri den dekretuak aditzera ematen duenez, urtebeteko epean su-armez eta bestelako materialez hornitu beharko dituzte tokiko-erakundeek euren polizia.

Josu Erkorekak, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak, astean iragarri du Eusko Jaurlaritzak onartu duela "Euskal Autonomia Erkidegoko udaltzaingoen armak, beste baliabide tekniko eta defentsako batzuk izatea eta horien guztien hornidura" arautzen dituen dekretua.

Aurrerantzean, su-armak

Dekretuaren onarpenarekin, udaltzainek suzko armak erabili ahalko dituzte; testu bidez adierazi dute dekretu horren xede nagusiak direla, alde batetik, "Euskal Autonomia Erkidegoko udaltzaingoak osatzen dituzten langileen armamentua eta beste baliabide tekniko eta defentsa-baliabide batzuk ezartzea eta homogeneizatzea, bai eta udaltzaingoetan praktiketako izendatutako funtzionarioena ere", eta, bestetik, "polizia-jardunaren koordinazioa eta eraginkortasuna hobetzea". Dekretuak adierazten du "tokiko-erakundeek" bermatu beharko dutela hornituko diren "baliabide tekniko eta defentsako guztiak gizonek eta emakumeek berdin erabiltzeko egokituta" egongo direla. Era berean, udalerrietako alkateek erabaki ahalko dute "polizia-zerbitzu jakin batzuk armarik gabe ematea". Horretarako, alkateak erabakia "arrazoitu egin beharko du herriko udaltzaingoaren burutzak txostena egin ondoren". Dekretua datozen egunetan jarriko da indarrean; Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean. Hala ere, udalek dekretua aldizkarian argitaratzen denetik urtebeteko epea izango dute materiala –armak eta munizioa– langileei hornitzeko, armategiak ezartzeko eta udaltzainek beren armen egoera egiazta dezaten Segurtasuneko Zona Hotza izeneko gune bat sortzeko. Udaltzaingoa duten 5.000 biztanletik beherako herriei, ordea, dekretua EAEko aldizkari ofizialean argitaratu eta bost urte igarotakoan eskatu ahalko zaie hura betetzea.

Armaren erabilera

Aurrerantzean udaltzainek su-armak erabiltzeko aukera izango badute ere, dekretuak jasotzen du "udaltzainek indarrean dagoen araudian ezarritako irizpide eta printzipioen arabera" erabili ahalko dituztela suzko armak. Beraz, "ezin izango dituzte armak erabili, salbu eta beren edo hirugarrenen bizitzarako edo osotasun fisikorako arrazoizko arrisku larria dagoenean, edo herritarren segurtasunerako arrisku larria dagoenean, eta egokitasun-, premia- eta proportzionaltasun-printzipioekin bat etorriz". Horrez gain, udaltzainek ezingo dute suzko arma "larderiaz erabili airera tiroak eginez, ihesiari ekin dion pertsona bat atxilotzeko", eta debekatuta egongo da "zerbitzutik kanpo eramatea, udaltzainburuak berariazko baimena eman ezean. Baimen hori salbuespenezkoa izango da, eta segurtasun-arrazoiengatik eman beharko da".

Bailarako udalen kexa

Debagoieneko hiru udalerri nagusietako alkateek ideia bera adierazi diote GOIENAri onartu berri den dekretuaren gainean: "Dekretu horrek udal autonomia mugatzen du". Maider Morrasek, Arrasateko alkateak, dio dekretuak "udalei eta alkateei euren erabakimena" mugatzen diela eta "herrietako errealitatearentzako egokiak diren erabakiak hartzea" eragozten duela. Gorka Artolak, Bergarako alkateak, gaineratu du "udaltzainen aldetik armen erabilera orokortzeak" ez diola erantzuten Bergaran dituzten "segurtasun beharrizanei"; are gehiago, "urteetan lantzen" aritu diren "eredu polizialaren aurka" egiten duela dio Artolak. Bergaran "gertutasunezko udaltzaingo eredu bat" bultzatzea dute-eta helburu. Izaro Elorzak, Oñatiko alkateak, ere ildo beretik jarraitu du; izan ere, adierazi du udaltzainak direla herritarrengandik gertuen dauden poliziak, eta "haiengandik urruntzea eragin dezaketen neurriak" ezin daitezkeela "era orokortuan hartu".

Dekretu berri horrek zenbait aldaketa ekarriko ditzake udalerrietan; esaterako, ekonomiari dagokion alorrean. Alde horretatik, Artolak nabarmendu nahi izan du ez dagoela argi "Jaurlaritzak berak edo udalek" jasan beharko dituzten aginduak dakartzan gastuak –formakuntzan, armen erostean, biltegiratzean, eta abar–. Izan ere, bailarako hiru udalerri nagusietako –Arrasate, Bergara eta Oñati– egoera kontuan hartuta, guztira 65 udaltzain daude – Arrasaten 30, Bergaran 21 eta Oñatin 14–. Gastuen kudeaketa udalarena izango balitz "udal-aurrekontuetan eragin zuzena" izango lukeela aitortu dute hiru alkateek. Egoera ikusita, "tokian tokiko egoeraren araberako planak egitea eta horiek udalerriokin adostea" eskatu dio Artolak Eusko Jaurlaritzari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak