Bide luzea benetako parekidetasunerantz

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko mar. 8a, 07:00

Debagoienean ere kolore morea hartuko dute gaur, martxoak 8, kale eta plaza nagusiek. Emakumeen eskubideak defendatzen dituzten kolektiboendako egun seinalatua da, eta gizarte osoa deitu dute antolatuta daude aldarrikapen eta protesta ekitaldietan parte hartzera. Herri, adin eta kolektibo askotariko lau emakume elkartu ditu GOIENAk, haien iritziak eta balorazioak jasotzeko.

Arrasateko mugimendu feministako kide Arrate Landa, Eskoriatzako mugimendu feministako kide Arantza Miguel, Itaia antolakundeko kide Maren Lazpiur eta gaztetatik jaioterrian (Medellin, Kolonbia) aktibista feminista izandako Olga Lucia Restrepo dira.

Gaztarotik aktibista

Hainbat ezaugarri komun dituzte laurek: gazte hasi ziren feminismoan. "Ezkerreko militantzia politikotik heldu nintzen ni feminismora", azaldu du Arrate Landa arrasatearrak. "Diktaduraren bukaera eta tardo-frankismoa bizi izandakoa naiz, eta 1979an Granadan egindako kongresu feministan parte hartutakoa naiz".

Olga Lucia Restrepo ere oso gazte zela hasi zen bere jaioterrian emakumeen eskubideen defentsan, haren adineko beste hainbat emakumerekin batera. "Bi funtzio dituzte emakumeek nire herrialdean: zaintza lanak egitea eta gizonei plazera ematea. Ezkondu eta umeak egiteko jaiotzen gara, eta senarraren baimena behar dugu edozertarako. Sexu-langileei babesa eskaintzen zien elkarte batean aritu naiz urteetan; Euskal Herrira etortzea erabaki nuen arte. Amarengandik jaso nuen nire eskubideen alde borrokatzeak zuen garrantzia. Aitaren menpe bizi izan zen beti ama, eta ezkutuan egin behar izaten zituen gauza asko. Ez zuen guretzat halakorik nahi".

Mugimendu sozialistaren baitan eman ditu Maren Lazpiur bergararrak lehen pausoak feminismoan. "Guk ere emakume langileen auzian gure ekarpena egiteko beharra sentitu genuen, gure lehen urratsak Mugimendu Sozialistaren baitan eginez; Itaia antolakundean, hain zuzen ere. Eta horretan jarraitzen dugu, gaur-gaurkoz", azaldu du.

Arantza Miguel eskoriatzarrak argi dauka ezinezkoa dela gizartearen funtzionamendua sakon ulertu analisi feministarik egin gabe: "Feminismoari esker ulertzen dut indarkeriak gure gizartean duen dimentsioa, bai eta pertsonen bizitzan duen eragin basatia. Eragin hori, gainera, esponentzialki hazten da emakumea, arrazializatua, migratzailea, erretiratua... zaren heinean".

Bide luzea aurretik

Belaunaldien arteko transmisioa ezinbesteko ikusten dute. "Neska eta emakume gazteak indartsu ikusten ditut", dio Landak. "Hausnarketarako denbora gutxitxorekin ere bai. Sistema heteropatriarkala suntsitzeko indar eta konbentzimendu handia behar dira". Mutil gazte asko, berriz, noraezean sumatzen ditu: "Horrek asko arduratzen nau. Ez dute maskulinitate positiboaren erreferente heldu askorik, eta maskulinitate toxikoenean jausten ari dira asko eta asko. Izugarrizko arrakala nabaritzen dut nesken eta mutilen artean".

Maren Lazpiurren iritziz, aitortzekoa da aurreko belaunaldiek egindako lana. Belaunaldi berrien inguruan, berriz, zera dio: "Begi bistakoa da egungo gizartean gazteen artean ideia erreakzionario eta matxistak lau haizeetara zabaltzen ari direla. Bost gaztetatik batek indarkeria matxista ukatzen du. Gero eta jende gehiagok ukatzen du emakume langilea bigarren mailako subjektua den ideia, eta ideia horiek guztiek emakumeekiko zapalkuntza normalizatzen dute. Horren aurrean, gazteen despolitizazioa amaitu behar da".

Restrepok ezinbesteko ikusten du emakumeen arteko sareak indartzea: "Aktibista nintzen nire herrian, eta egoerak bultzatuta alde batera utzi dut zazpi urteotan. Emakume askok zailtasunak ditugu halakoetan parte hartzeko".

Lau emakume, lau iritzi

Arrate Landa (Arrasateko Mugimendu Feminista): "Inplikatzera interpelatzen ditut gizonak"

Mugimendu feministako kide moduan Arrate Landak (Arrasate, 1957) bat egiten du zaintza sistema publiko eta komunitario bat aldarrikatzen duen Gure bizitzarekin negoziorik ez! leloarekin. "Zer dago lelo horren atzean? Zaintza lanak emakumeen – batez ere, emakume migratuen– esplotazioan oinarritzen dituen sistema heteropatriarkal honi aurre egitea. Horretarako hainbat neurri dira beharrezkoak, baina ezinbesteko bi aipatuko ditut: zaintza publikoa izatea eta Atzerritartasun Legea indargabetzea". Gizonak ere interpelatzen ditu: "Haien inplikazioa ezinbestekoa da. Gizarte antolaketa feminista denondako da onuragarria; haien bizitzak ere hobetu egingo dira berdintasunaz".

Erronka garrantzitsuak

Orain urte batzuk baino indartsuago ikusten du feminismoa Landak. "Feminista izateaz harro gauden emakumeak asko gara, eta oso pozgarria da". Kezkak ere baditu, ordea. "Espero dut moda bat ez izatea, eta kontzientziaz aritzea; izan ere, borrokak oraindik luze joko du, tamalez". Eta gizonak interpelatzen ditu berriz: "Badaude gutxi batzuk maskulinitatea aztertzen eta gizarte berdin baten alde lan egiten ari direnak, baina gehienak ez dira hasi ere egin". Aurrera begirako erronkei buruz galdetuta, hiru nabarmentzen ditu. Lehenengoa, gizonak buru-belarri inplikatzea; "Haien lana ere bada gizarte berdinzalea eraikitzea". Instituzioei, berriz, indarrean den zaintza eredua aldatzeko exijitzen die. "Pandemia garaian argi ikusi dugu eredu honek ez duela balio. Zaintza eredu berri, duin eta publikoa behar dugu". Azkenik, ezinbesteko ikusten du berdintasuna bultzatzeko egin diren legeak garatzea, eta hobetu beharrekoak hobetzea.

Olga Lucia Restrepo (Kolonbiatik etorritako aktibista feminista): "Barneko lana eramangaitza da; ez da lana"

Zazpi urte dira Olga Lucia Restrepo (Kolonbia, 1969) Euskal Herrira heldu zela. "Medellingoa naiz, eta egoera oso larriak ikusitakoa naiz. Asko ikasi dut kaleko jendearengandik, eta baita gure elkartera laguntza eske etortzen ziren sexulangileengandik ere. Kolonbian nagusi den mentalitatea da emakumea gizona zaintzeko eta gizonari plazera emateko dagoela. Bost seme-alaba eduki ostean, gure amak esan zion aitari ez zuela ume gehiagorik izan nahi eta operatu egin nahi zuela. Ezetz erantzun zion. Ezkutuan egin zuen ebakuntza. Lanarekin berdin: aberats batzuen etxea garbitzeko lanpostua eskaini zioten eta aitak ez zion lanera joateko baimenik eman. Lanean ere ezkutuan egin zuen".

Konplizitateak eraiki

Ezinbesteko garrantzia ematen dio mugimendu feministari eta emakumeen arteko konplizitateak eraikitzeari: "Medellinen aktiboki hartzen nuen parte mugimenduan. Asko zegoen egiteko. Hona etorritakoan, ordea, beste premia batzuetan murgilduta ibili naiz. Nire egoerak hobera egin duen honetan, nahiko nuke aktibismora itzuli". Gogoan ditu barneko langile moduan egindako urteak: "Hori ez da lana! Pertsona bat zaintzeko hartu ninduten. Gero, alaba bazkaltzera etortzen hasi zen, eta, azkenean, familia osoa; zortzi lagun egunero". Ez zen txarrena izan; modu irregularrean egoteak beldur handia eragin zion: "Ez naiz sekula delinkuentea izan, eta horrela sentitu naiz hemen urte luzez".

Bi alaba eta lau biloba ditu Restrepok. Elkarrekin bizi dira Arrasaten. "Nire aldean, oso bestelako bizimodua dute nire alabek, eta bilobek ere bai. Egoera ez da samurra, baina jakitun dira independenteak izan daitezkeela. Ez dutela gizon baten premiarik bizitzan aurrera egiteko".

Arantza Miguel (Eskoriatzako Mugimendu Feministako kidea): "Gauzak egiteko beste modu bat badago"

Egindako lorpenak ospatzeaz ahaztu barik, zaintza lanen garrantzia aldarrikatuko du gaur Arantza Miguelek (Eskoriatza, 1969). "Denok behar dugu zainduak izatea eta denok arduratu behar dugu dagokigun zatiaz. Ezin da inor eskakeatu! Eta, jakina, zaintza-lanak ezin dira interes ekonomikoen zerbitzura egon. Logika horrek indarkeria, bidegabekeria, nahigabea eta hainbat atsekabe eragiten ditu. Ez gaitzatela engaina, gauzak egiteko beste modu bat badago", dio. Emakume eta familia palestinarrak ere gogoan izango ditu: "Amaitu dadila, behingoz, haien aurkako eta haien lurraldearen aurkako indarkeria. Haiekiko ahizpatasuna praktikatu behar dugu hainbat kolektibotatik hilabeteotan antolatu diren ekimenen bitartez".

Mugimendu feministatik egindako lana asko baloratzen du Miguelek. "Pertsona eta kolektibo askoren lan handiaren ondotik egin genuen Euskal Herriko lehen greba feminista, azaroan. Zaintzen gaineko analisi, azterketa eta ondorio asko mahai gaineratu ziren, eta bidezkoak diren aldarrikapenak egin genituen. Arazoa da errebindikazio sozialak kudeatu behar dituztenek ez digutela kasurik egiten eta logika ekonomizistekin jarraitzen dutela".

"Dena dago aldatzeko"

Neurri eta arlo askotako erronkak ikusten ditu Miguelek. "Dena dago aldatzeko, eta adi egon behar dugu etengabe; izan ere, patriarkatua modu sotilean egokitzen da aldaketetara. Aurre egiten jarraitzeko estrategiak sortu beharko ditugu aurrerantzean ere. Beti ere, zaintza lanen auzia erdigunean jarriz. Egitura hau ezin da sostengatu. Arazo larriak daude: sozialak, lanekoak, pertsonalak, lurraldeari dagozkionak... Sistema osoa sostengatzen duten horiek ataka larrian daude. Gauzak aldatzeko garaia da. XXI. mendean gaude".

Maren Lazpiur (Itaia Antolakundeko kidea): "Zapalduak izaten jarraitzen dugu"

Gero eta gizarte aurrerakoiagoan bizi garela sinestarazi nahi digutela uste du Itaiako kide Maren Lazpiurrek (Bergara, 2004). "Baina errealitatea bestelakoa da. Emakume langileok zapalduak izaten jarraitzen dugu; egiturazko langabezia, etxeko zaintza lanen zama, indarkeria matxista, gure gorputzen objektibizazioa… Enpresariek euren poltsikoak diruz betetzeko, forma ezberdinetan, emakume langileokiko esplotazio basatia gauzatzen dute une oro. Horren aurrean, Martxoaren 8a emakume langileen askapena aldarrikatzeko borroka egun bezala irudikatzen dugu Itaiako kideok".

Instituzioek eta alderdi profesionalek berdintasun politikez "ahoa betetzen" badute ere emakume langileon bizi baldintzak ez dutela hobera egiten ohartarazten du. "Horregatik, politika instituzionalen fartsa eta egoerari aterabidea emateko duten ezintasuna salatu nahi dugu ostiraleko mobilizazioan. Agenda publikoan berdintasun politikek lekua badute ere, emakume langileok zapalduta jarraitzen dugu. Gainera, atzeraldi ekonomikoak emakumeon bizi baldintza are gehiago okertzea eragin du; egiturazko pobrezia, instituzioekiko dependentzia ekonomiko handiagoa, indarkeria matxista kasuen gorakada eta gogortzea, gure gorputzen aurkako sexualizazioa… dira zapalkuntzak hartzen dituen formetako batzuk".

Antolakuntza sozialista

Emakume langileen interesak lehen lerroan ipiniko dituen antolakuntza independentearen aldeko hautua egiten dute Itaiatik. "Guztiok bizi baldintza berak izan ditzagun lan egingo duen antolakuntza sozialista elikatzen jarraitu behar dugu, espazio seguruak sortuz eta zapalduen aurkako eraso oro erantzunez".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak