Bailarako herrietan langabeziak ez du igoerarik izan hilabeteko epean, Gipuzkoako Lan Behategiak emandako datuen arabera, eta, beraz, ezta Debagoienean ere: otsailaren amaierako datuak aintzat hartuta, 2.362 langabe daude gaur-gaurkoz, pasa den hilabetean baino 62 gutxiago. Langabezia tasa, berriz, %7,75ekoa da.
Herrietako langabeziari dagokionez, bost lekutan egin du behera: Aretxabaletan, esate baterako, 210 langabe daude, urtarrilean baino hamar gutxiago; Arrasaten, 1.074 (-31); Bergaran, 508 (-6); Eskoriatzan, 147 (-9); eta, Oñatin, 333 (-6). Antzuolan, Elgetan eta Leintz Gatzagan, berriz, berdin mantendu da kopurua: hurrenez hurren, 60, 25 eta bost langabe daude. Aramaion, aldiz, ez da jakinekoa zenbatekoa den langabezia, bost langabe baino gutxiago direnean ez baitute ematen datu zehatza.
Langabezia tasaren portzentajeei erreparatuz gero, Arrasaten dago handiena: hamarretik bat dago lanik gabe, gutxi gorabehera. Bergaran, %7,13koa langabezia tasa; eta, Eskoriatzan, azkenik, %7,04koa.
Hego Euskal Herriko egoera
Hego Euskal Herriko egoerari dagokionez, 141.582 pertsona daude lanik gabe, Sepe eta Espainiako Gizarte Segurantza Ministerioak emandako datuak gogoan izanez gero; hain justu, aurreko hilabetean baino 310 gutxiago. Lurralde guztietan egin du behera langabeziak, Nafarroan izan ezik.