Konpromisoak hartzeaz gain, eskatu egin ditu Hekimenek

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko mar. 1a, 10:33

Hekimen elkarteko kideek eginiko batzarreko irudia.

Hekimen elkarteak urteko batzarra egin du, eta euskarazko komunikabideen egoeraren irakurketa egiteko probestu du momentua.

Hekimenek adierazi duenez, "Euskal Herriko hizkuntza, kultura, izana eta balore demokratikoak babestu eta indartzeko asmoarekin" jaio ziren euskal komunikabideak. "Oraingo aldaketa teknologikoek, sozialek eta generazionalek, ordea, bersortzera eramango gaituzte", elkarteko kideek uste baitute proiektuak "egoki kudeatu" behar dituztela iraun dezaten; besteak beste, "komunikabide eraginkorrak, kalitatezkoak eta anitzak" izan behar direla.

Hori erdiesteko, alabaina, administrazioen beharraz jardun dira. "2019 urtean abian jarri zen dirulaguntza eredu berriak bultzada ekarri du euskarazko komunikabideek osatzen duten sektorearentzat baina, zoritxarrez, pandemiak eta gerrak tarteko, eraldaketa prozesua galgatzen duten zailtasun gehigarriak sortu dira". Hori dela eta, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan lehian ari diren alderdiei jakinarazi diete "behar-beharrezkoa dela sektoreari beste bultzada handi bat ematea".

Azaldu dutenez, euskal komunikabideek "badakite eraldaketa prozesu sakonek zailtasunak eta erresistentziak" dakartzatela, baina "sortze garaiko ilusio berberak harrapatuta" dauzkate eta prest daude erronkari ekiteko.

Konpromisoak, hartu zein eskatu 

Konpromisoa hartu dute, alde batetik, "berrikuntzan ahalegin sakona egiteko", sektorea garatzeko; bestetik, baita eraldaketa prozesua euren komunitatearekin eta administrazioarekin batera egiteko ere, berrikuntza ardatz izanda. Azkenik, "eraldaketa sakona egin ahal izateko beharrezko baliabideak eskuratzeko" lan egingo dutela ere jakinarazi dute.

Era berean, erakunde publikoei ere dagozkien konpromisoak hartzeko eskatu diete, sei konpromiso eskatuta: euskarazko komunikabideen sektorearentzat ezinbestekoa den egonkortasuna bermatzea; kalitatezko kazetaritzak eskatzen dituen lantaldeak eta haien soldata duinak bermatzea; egokitzeak eskatzen duen malgutasunaz jokatzea; euskal komunikabideen sektorea hitzez eta ekintzez prestigiatzea; euskarazko komunikabideen eraldaketan funtsezkoak izan daitezkeen aldaketa teknologikoetara egokitzeko bideak erraztea; eta euskarazko komunikabideen egungo hutsune geografiko zein tematikoak betetzera etor daitezkeen egitasmo berriak sustatzea.

Kode deontologikoa ere berrestu da batzarrean

Kode deontologiko hau Hekimen elkarteak garatu du, Euskal Hedabideen Mahaian horrela adostuta (Mahaia Hekimen Elkarteak, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta hiru Aldundietako euskara zuzendaritzek osatzen dute eta Tokikom ere bertan da); bere helburu nagusia elkarteko bazkideei beren edukiak eta jarduna egoki garatzeko irizpide adostu batzuk eskaintzea izan da.

Goienak, esaterako, lehenagotik ere badu estilo liburua, baina interesgarri ikusi zen denentzako baliagarria izango zen kode bat sortzea eta azkenean iritsi da. Irene Arrarats izan da kodea idazteaz arduratu dena, Berriako Estilo liburuaren zuzendari eta koordinatzailea. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak