Emakume urratzaileen ahotsak, eskualdekoen hitzetatik jasota

Julen Murua Mesonero 2024ko mar. 4a, 12:30

Gure hots dokumentalaren egileak: Leire Zinkunegi narratzailea eta Arrate Fernandez zuzendaria. Argazkia: Aiurri

Maite Aristegi eta Esti Besa debagoiendarrak dira 'Gure hots' dokumentaleko protagonistetako bi, eta lau hamarkadatan haien sektorean emakumeek bizi izan duten egoera azaltzen dute. Martxoaren 8tik aurrera Primeran plataforman egongo da ikusgai.

2021eko abenduan Durangoko Azokan estreinatu bazen ere, oraindik zeresana ematen jarraitzen du Arrate Fernandez zuzendariak ekoiztutako Gure hots dokumentalak; izan ere, martxoaren 8an Primeran plataforman estreinatuko dute, euskarazko eta euskal streaming plataforman. Gure hots dokumentalak azken lau hamarkadetan Euskal Herriko emakumeen lan merkatuko egoerak izandako bilakaera erakusten du, hainbat sektore mugarri hartuta. Urte hauetan zehar hainbat saritara izendatu dute ikus-entzunezkoa, baina, hala ere, Fernandezek ez zuen espero "bi urte pasa ostean dokumentalarekin lanean jarraitzea". Lan horretan murgiltzeko aukera izan zuenean, Fernandezek aitortu du "errepaso handia egitea" iruditzen zitzaiola berrogei urtean zehar gertatutako lan bakar batean aurkeztea, baina, hala ere, egin beharreko ikerketa bat izan zen. "Kontuan hartuta Euskal Herri osoan zenbat aditu dauden ez daukatenak ahotsik beste ikus-entzunezko batzuetan edo eguneroko komunikabideetan, ikusi nuen beharrezkoa zen ikerketa bat zela, eta dokumentalaren generoa erabiltzea erabaki nuen hainbat sektoretako emakumeei".

Bailarako ordezkaritza

Hamalau emakumek osatzen dute dokumentala, urte askoan hainbat sektoretan lanean aritu direnak, eta horietako bi Debagoienekoak dira: Maite Aristegi bergararra eta Esti Besa aretxabaletarra, hain zuzen. Aristegi beti egon da lehen sektoreari lotuta, eta, haren hitzetan, "baserriko alaba" bat izan da. Hori dela eta, esan daiteke bizi izan duela lehen sektoreko egoera, orokorrean, baina baita emakumezkoaren egoera sektore horretan ere. "Bakoitzaren bakarkako arazoak kolektibo baten arazoak ziren. Ordutik, ikusten da orduan izenik jartzen ez genion edo izena jartzen saiatzen ginen gauza askok gaur egun benetako izena lortu duela. Baserriko emakume asko bigarren lerro batean gelditu ziren, isilarazita, baliorik eman gabeko lana egiten edo gizarte-segurantzarik gabe. Hainbat langile-eskubide ukatuak zeuzkaten, eta juridikoki ere ez zuten inongo babesik". 40 urte atzera eginda gertatutako kontuez ere hitz egiten bada ere, Aristegik dio "gaurkotasun handiko kontuak" direla; izan ere, gaur egun baserriko emakumeek aldarrikatzen dutena da "irtenbideak izatea edo neurrira egindako nekazaritza bat sustatzea".

Besa, berriz, mahasti-zaintzaile eta ardogilea da, eta sektorearen egoeraren berri eman du lanean. Emakumeak urterik urte lehenengo sektorean "aktibo" egon direla dio Besak, "euskarriak" izan direla. Alabaina, egindako lana inoiz ez zaie kontuan hartu, aretxabaletarraren hitzetan. Hala ere, gauzak asko aldatu direla aitortu du Besak: "80ko hamarkadatik aurrera nabari zen gehien aldaketa hori. Ez horrenbeste mahastietan, nahiz eta egia den geroz eta jende gazte gehiago ari dela bertan lanean, baina bai upategian edo administrazio lanetan".

Bi menderen artean kokatuta

Gure hots bi menderen artean kokatzen da; 40 urtean zehar izandako egoera du hizpide, eta, ondorioz, hainbat belaunalditan bizitakoa aintzat hartuta sortzen du istorioa. Belaunaldien arteko talka bat baino gehiago, "bizipenak elkartrukatzeko bide" bat dela adierazi du Besak: "Egoera asko aldatu da. 90eko hamarkada hasieran oso emakume gutxi ari ziren sektore honetan lanean, eta, gainera, testuingurua ez zen guztiz lagungarria. Gaur egun, egoerak hobera egin du. Duela gutxi gertatutako batez hitz egiten ari naiz, gainera; izan ere, kontu batzuk medio, bi upategitan egon behar izan dugu azkenaldian, eta bietan emakumezkoak egon dira gurekin lanean". Hala ere, Besak garbi dauka "lanean jarraitu beharra dagoela" egoerak hobetzen jarrai dezan. "Gaur egun, oraindik, asko dago gainditzeko eta aldarrikatzeko. Garai batean egindako lorpenak baliteke gaur egungo gazteek ez ikustea edo behar besteko garrantzirik ez ematea, horrekin jaio direlako. Abortua ilegala izatea, bozkatzeko eskubideagatik borrokatzea... Hori guztia gazteek ez dute bizi izan, baina gaur egun aldatu behar diren horietan lan egiten dute".

Urteen poderioz "emakumeen artean lotura oso estu eta berezia" sortu dela nabari du Besak, eta horrek gizartea "hoberanzko bidean" doala erakusten dio aretxabaletarrari. "Oso garrantzitsua da elkarlanean aritzea, eta nik uste dut horretan saiatzen ari garela".

Helburua beteta

Dokumentalaren sorreratik bizpahiru urte pasa eta streaming plataforma batean estreinatzeak bi gauza esan nahi ditu, zuzendariaren hitzetan: "Alde batetik, ikus-entzunezkoa plataforma horretan emititzeko bezain ona dela; eta, bestetik, oraindik pil-pilean dagoen gai bat dela". Hori dela eta, Fernandezek dio "oso pozik" dagoela lortutako emaitzarekin. Era berean, onartu du protagonista bakoitzak esandakoak laburtzea lan zaila izan dela: "Emakume guztiak elkarrizketatzea plazera izan da. Edizioa oso lan zaila izan da, emakume bakoitzaren testigantzarekin telesail bat egin zitekeen eta. Hala ere, dokumental generoa uztartzea aukeratu nuenez, elkarrizketa guztiak hartu eta istorio bakar bilakatzea lan zaila izan da. Dokumentala luzea da, baina testigantzak motz gelditu dira".

Helburua, baina, lortu duela dio Fernandezek. Aurreko hamarkadetako egoera bizi ez zutenek badute orain pil-pilean jarraitzen duten gai horiek lantzeko aukera. "Dokumentala Primeran plataforman egoteak esan nahi du edonork autokontsumorako erabili ahalko duela eta ikastetxeetan eta unibertsitateetan lantzeko moduko gaia izango dela; izan ere, beharra dago horretarako, eta gaur egungo testuinguruan aukera hori egotea oso aberasgarria da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak