Aritz Ameztegi: "Energiaren kontsumoa handia da eskualdean"

Julen Murua Mesonero 2024ko mar. 1a, 11:41

Aritz Ameztegi, D2030eko energia eremuaren arduraduna. Argazkia: Julen Murua

Martitzenean Oñatin izan zen D2030eko energia eremuko arduradun Aritz Ameztegi (Andoain, 1972), Goienagusik antolatuta Debagoieneko trantsizio energetikoaren gaineko hitzaldia egiten. Harekin aritu da GOIENA eskualdeko egoera energetikoaz.

Debagoieneko energia diagnostikoa egin du Tecnaliak, Debagoiena 2030ek eskatuta; zergatik?

Energiaren eremuan lanean hasi ginenean, informazioa falta genuela konturatu ginen. Trantsizio energetikoaren estrategia definitzeko, egoera ezagutu behar genuen eta eskualdeak izan ditzakeen aukerak jakiteko bertako ahalmena neurtu beharra zegoen. Egoeraren argazki edo diagnostikorik gabe ezin dugu jakin zein arazo ditugun, eta, ondorioz, hartu ditzakegun erabakiak okerrak izan daitezke.

Zein dira diagnostiko horren ondorio nagusiak?

Debagoieneko herritarrak 2019an, batez beste, Gipuzkoa (8,1), EAE (8,4) edo Europako biztanle batek (7,9) baino tCo2 isurketa/biztanleko gehiago sortu zituen (8,53). Energia kontsumoari dagokionez, sektoreka banatzen da kontsumoa: Industrian (%50), garraioan (%33) eta eremu urbanoan (%17). Energia asko kontsumitzen da eskualdean. 2019an izan zen argindar sorkuntza berriztagarri bitartez lortu nahiko bagenu bederatzi Elgea parke eoliko, 45 Oletako minihidrauliko edo 544 Ekiola fotovoltaiko beharko genituzke. Esan dezakegu argindarraren kontsumoaren %14 lortzen dela berriztagarri bitartez, eta %10 Elgeak ematen ditu. Hurrengo urteetan fotovoltaikoan saltoa ematea espero dugu energia komunitate eta autokontsumo partekatuaren eskutik, baina gaur egun ekarpena testimoniala da.

"Gure eredua komunitatean oinarritzen da, ez kanpo enpresa bati ordaintzean"

Berriztagarrietara saltoa egitea da helburua; Debagoienak zein iturri berriztagarri erabiltzeko aukera du, batez ere?

Txostenean biomasa eta teilatuen FV ahalmenak landu dira. Urtean Debagoienean lortu daitekeen egurra basorik suntsitu gabe kalkulatu da eta eskualdeko bero beharraren %68 asetzeko gai izango litzatekeela atera da. Bestalde, teilatuetan plakak jartzen badira eskualdeak izango lukeen potentzia kalkulatu da eta argindar kontsumoaren %58 lortu daitekeela ikusi dugu. Potentzial handia dago, baina teilatu eta baso gehienak pribatuak dira eta jabe askoren eskuetan daude. Teilatuen kasuan, baliabide hori aktibatzea izango da gure erronketako bat. Bestalde, zentral hidrauliko berririk ez da espero; lege berriak zaharren birpotentziazioa edo utzita dauden zentral martxan jartzea onartzen du soilik. Azkenik, haizea dugu: minieolikoak, oraindik, mesfidantza sortzen du, eta, eoliko handiei edo eskala handiko proiektuei dagokienez, dituzten inpaktuak kontuan hartuta, azterketa sakonagoa behar dute. Proiektu handiak eskualdean garatu behar diren, non eta zer eredutan erabaki kritikoak dira, askotariko iritziak sortzen dituztenak. Beharrezkoa da gizarte bezala paktu sozial berria eraikitzea Debagoieneko trantsizio energetikoa zer zutabetan oinarrituko den erabakitzeko.

Trantsizio energetikoa egiterakoan, non jarri beharko du Debagoienak arreta?

Kontsumo murrizketan eta autokontsumoan oinarritutako eredu energetiko berria eraikitzen ari gara, baina berandu goaz, eta lerro guztiak landu behar ditugu. Lehenetsi beharko bagenu, lehenbizikoa kontsumo murrizketa da, sektore guzietan izan behar dena. Bestalde, egokiak diren teilatu guztiak plakaz bete beharko genituzke. Bi neurri horiek ez digute behar dugun energia guztia emango; beraz, aldi berean erabaki beharko genuke gizarte bezala falta den energia nondik sortu edo ekarri beharko genukeen, eta, horretarako, irizpideak zehaztea ezinbestekoa da.

"Gizarte bezala paktu sozial berri bt eraikitzea beharrezkoa iruditzen zait"

D2030 ekimenak energiakomunitateak bultzatu eta hedatzeko helburua du; zergatik energia-komunitateak?

Trantsizio energetikoa kanpo enpresa bati ordaindu dakioke, baina hori ez da nahiko genukeen eredua. Gure eredua garapen komunitarioan oinarritzen da; bertako arazoei bertako baliabide eta pertsonekin erantzun beharko litzaiekeela eta onurak sortzen badira bertan gelditu beharko liratekeela uste dugu. Bestalde, pandemiak erakutsi digu gure kanpo dependentzia izugarria dela. Etorkizuneko gizarteak ez dakigu zer itxura izango duen, baina trantsizio horretan gizarte antolatua badaukagu gizarte sendoagoa izango dugu eta trantsizioa azkarrago gertatuko da. Gainera, edozein krisiren aurrean erantzun hobea eman ahalko dugu

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak