Donostian elkartu dira lehen greba egunean Aspaceko langileak

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko ots. 29a, 13:27

Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean elkartu dira Aspace Gipuzkoako langileak.

Joan den astean eman zuten mobilizazioen berri, eta tartean dira Arrasateko, Bergarako eta Eskoriatzako egoitzetako langileak.

Aspace Gipuzkoako eguneko zentroetako eta hezkuntza zerbitzuko langileek lehenengo greba eguna dute gaurkoan, eta Donostian elkartu dira, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean. Azaldu dutenez, "ez da bat-bateko erabakia" izan protestei ekitea: "Aspaceren egoera jasanezina da ematen dugun zerbitzuari dagokionez. Urteak daramatzagu zuzendaritza honi gure kezka eta desadostasuna adierazten".

Hain justu, besteak beste, salatu dute "giza baliabideak eta materialak falta" direla euren lana egin ahal izateko, eta profesionalentzako "benetako eta kalitatezko prestakuntzarik" ere ez dagoela: "Urteak daramatzagu Aspace garun paralisiaren eta antzeko afekzioen arloan erreferentetzat jarriko duten prestakuntza ikastarorik egin gabe". Horrez gain, adierazi dute zerbitzurik ez dagoela antolaketan, eta zerbitzuburuen eta profesionalen artean komunikazioa falta dela. "Enpresaren gardentasunik eza eta kudeaketa txarra ere bada, eta horrek, urteetan zehar, irregulartasunak eragin ditu honako eremuotan: kontratuetan, eskubideetan, jubilazioetan eta kotizazioetan, adibidez".

Langileak "mesfidati"

Aspaceko beharginek adierazi dutenez, irabazi asmorik gabeko erakunde batean dabiltza lanean, baina "kontuen auditoretzetan inbertsio funtsetan inbertitutako milioika euro dituela ikusten da": "Zuzendaritzaren soldata gordinak neurrigabeak dira, gainerako kontratuenak baino askoz altuagoak, eta soldata arrakala ikaragarria da". Areago, erantsi dute "zuzendaritzaren kudeaketa negargarria" dela, eta horrek guztiak "mesfidantza eta gogo eza" sortu duela langileengan: "Elur bola handi bat sortu da".

Hori dela eta, argi utzi nahi izan dute lanuzteak ez dabiltzala "soilik arrazoi ekonomikoengatik" egiten ari: "Gure haserrea adierazi nahi dugu Aspaceko zuzendaritzak lan baldintzak hobetzeko borondaterik ez duelako. Bere esku dago egoera horiek guztiak hobetu nahi izatea". Hala, protestekin jarraituko dute: martxoaren 14an, apirilaren 11an eta maiatzaren 8an izango dituzte greba egunak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak