Aspace Gipuzkoako eguneko zentroetako eta hezkuntza zerbitzuko langileak greba eta protestekin hasiko dira datorren astean. ELAk eta CCOOk deitu dute greba eta sindikatuek adierazi dutenez, 169 langileri eragiten die. Hain justu, lau greba egun egingo dituzte: otsailak 29, martxoak 14, apirilak 11 eta maiatzak 8. Besteak beste, lan baldintzak hobetzea eta KPIa bermatzea eskatzen diote zuzendaritzari: "Langileen aldarrikapenak erosahalmena mantentzetik harago doaz, ordea. Izan ere, soldataz gain, gainontzeko hobekuntzak ere beharrezkoak dira: lana eta bizitza kontziliatzea ahalbidetuko dituzten neurriak hobekuntza sozialak eta enpresa beraren antolaketa eta funtzionamendua hobetzea".
Debagoienari dagokionez, Arrasaten, Bergaran eta Eskoriatzan ditu zentro desberdinak Aspacek. Garun paralisia eta antzeko asaldurak dituzten pertsonen gizarteratzea dute helburu.