Oso urruti bizi dugu Euskal Herrian hango egoera?
Liburua Euskal Herritik dago idatzita, hemengo ikuspegitik, eta oso agerian gelditzen da Euskal Herriak eta Saharak badituztela gauzak amankomunean. Agerikoa da Sahara, nahiz eta ahaztutako eta isilarazitako herri bat den, euskaldunok arretaz begiratzen dugun herria dela. Han gertatzen denari, behintzat, beste toki batzuetan baino arreta handiagoarekin begiratzen diogu.
Zenbaterainoko ezjakintasuna dago gai horren inguruan?
Ezjakintasuna oso handia da, eta bereziki deigarria da, jakinda Mendebaldeko Sahara Espainiako kolonia izan zela. Nik uste dut erantzukizun handia dugula, eta ezjakintasun horrek arreta ematen du. Azken batean, sahararren gaur egungo egoera Espainiak egin zuen traizioarekin lotuta dago. Mendebaldeko Saharako historia traizioz betetako historia da, eta gaur egungo egoera duela ia 50 urte Madrilen sinatu zen hiruko akordio haren emaitza da.
Mendebaldeak ahaztu egin du saharar herria?
Ez bakarrik saharar herria; tamalez, herri asko daude munduan ahaztuta. Beti esaten dut axolagabekeriara eta ahanzturara kondenatutako herriak eta gatazkak direla. Egun hauetan Kongon sekulako sarraskia gertatzen ari da, eta hemengo komunikabideetan ez da ezer aipatzen ari horri buruz. Tamalez, horrelako gatazka ahaztu asko daude, ez dira sahararrak bakarrik; baliteke sahararrena gertuago bizi izatea, baina arreta jarri eta zerbait egin beharko genuke gatazka guztiekin.
Gatazka huts batetik harago doan kontua da.
Gatazka politiko bat da, eta irtenbideak ere politikoa izan beharko luke. Gatazka horretaz hitz egiten dugunean, baliabide naturalez ere hitz egin beharko genuke. Mendebaldeko Sahara oso lurralde oparoa da, oso lurralde aberatsa; baditu, adibidez, munduko fosfatomina handienak, aire zabalean. Horrez gain, bestelako baliabideak ere badaude: urrea, petrolioa eta harribitxiak. Gatazka horren oinarrian hori dago; herrialde batek beste bat okupatzen duenean, bertako baliabideak bereganatu nahi ditu, eta politikariek hori baimentzen dute, interes ekonomikoak zintzotasun politikoen eta giza eskubideen gainetik egoten direlako.
Palestinar exodoak (Nakba) segitzen du?
Gervasio Sanchez kazetariak esaten zuen gerrak ez direla bukatzen Wikipedian jartzen duenean. Gerra guztiek dituzte ondorio luzeak eta urteetan arrastoak uzten dituzte pertsonengan. Ez dugu ahaztu behar Saharan gaur egun gerran daudela; 2020ko azarotik Maroko eta Fronte Polisarioa gerran daude. Intentsitate apaleko gerra bat dela esaten da, baina, gerra guztietan bezala, hildakoak daude. Nabarmendu nahiko nuke Maroko, Israeli erosten dizkion droneen bidez, lurralde liberatuetan bonbardaketak egiten ari dela, harresiaren hegoaldean. Lurralde liberatuetan bizi ziren sahararrak arrisku handian daude, hildako dezente egon dira eta, nolabait, bigarren Nakba bat gertatzen ari da.
Bertakoen testigantzak jasotzen dituzu liburuan; horiek dira lanaren indargune nagusiak?
Kazetaritzak, neurri handi batean, konpromisoa behar du, eta eskatzen du zintzotasuna eta entzuteko ariketa egitea. Saharar herriarekin 20 urte daramatzat kateatuta, nolabait esateko, eta 20 urte hauetan elkarrizketatu ditudan sahararrak daude jasota liburuan. Testigantzaz eta kontakizunez betetako liburu bat da eta Saharako historia sahararren istorioen bidez kontatu nahi izan dut. Garrantzitsua da eurei ahotsa ematea; inork baino hobeto dakite zein egoeratan bizi diren. Saharar batekin hitz egitea liburu bat irekitzea bezala da, eta horregatik nahi izan dut haien ahotsak jaso.
Nola bizi izan zenuen hango egoera?
Nabarmendu nahiko nuke Mendebaldeko Saharan lurralde okupatu batzuetan sartzea kazetari batentzat ia ezinezkoa dela. Ni, lehenengo aldian, 2005ean, kanporatu egin ninduten, eta, ni bezala, beste dozenaka kazetari ere bai. Marokok ez du nahi errepresioaren lekukorik, eta Mendebaldeko Sahara, kazetariontzat, zulo beltz bat dela esan nahiko nuke. Ez dugu ahaztu behar lurralde okupatuetan bizi diren sahararrak errepresio jazarpen etengabean bizi direla eta Saharako kulturaren eta identitatearen sinbolo guztiak debekatuta daudela. Hala ere, giza eskubideen ekintzaileak eta han bizi diren sahararrak kalera ateratzen dira, nahiz eta kolpatu, torturatu edo kartzelatu egiten dituzten; jarraitzen dute euren borrokarekin, eta, horregatik, liburu horren izenburua da Herri bat erresistentzian.
2024ko Argia saria urte askoko lanaren saria izan da?
Urte askoan nazioarteko sailean aritu naiz lanean, eta ibilbide bat aitortu dutela esango nuke. Munduari begiratzeko modu bat aitortu dute. Joera izan dut gatazka ahaztuei begiratzeko, eta nik uste dut Argia sariak hori aitortu duela.