Trantsizio energetikoaren bidean, ibarrean parke eolikoak eraikitzekotan

Idoia Aranbarri Arzuaga 2024ko ots. 23a, 17:02

Hiru enpresak Debagoienean parke eolikoak egiteko proiektuak aurkeztu dituzte: Itsaraz, Aramaion eta Eskoriatzan; Trekutz, Antzuolan; eta Miritxa, Leintz Gatzagan.

Trantsizio Energetikoaren Legearen 64. artikuluak jasotzen du energia berriztagarriak sustatzeko "lehentasunezko eta presazko" inbertsiotzat hartuko direla, besteak beste, parke eo- likoak berrindartzea aurreikusten duten ekintzak. Trantsizio energetiko horren baitan, Debagoienera etorrita, hiru parke eoliko eraikitzeko proiektuak aurkeztu dituzte hiru enpresak: Aramaion eta Eskoriatzan, Itsaraz; Antzuolan eta Urretxun, Trekutz; eta Leintz Gatzagaren nahiz Arabako Arratzua-Ubarrundia, Burgelu eta Barrundia udalerrien artean, Miritxa.

Aramaion eta Antzuolan, esaterako, herri plataformak euren herrietako proiektuen aurka agertu dira, energia berriztagarrien aldeko apustua egin arren, besteak beste, "onurak beste batzuendako" direla iritzita; herritarrei, fauna eta florari "kalte egiten" dielako eta "autokontsumoa" gehiago bultzatu behar delako. Herritarrek gaian esku-hartzea izan beharko luketela ere salatu dute. Udalek eta plataformek alegazioak aurkeztu dizkiete proiektuei, baina Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak dauka azken hitza.

Itsaraz: Aramaio eta Eskoriatza

2022ko irail erdialdean atera zen argitara energia berriztagarrien Europako ekoizle nagusia den Norvegiako Statkraft enpresak Aramaion eta Eskoriatzan eraikitzeko asmoa duen haize-erroten proiektua. 200 metroko zortzi haize-sorgailuko parkea izango litzateke –zazpi haize-errota Aramaion eta bat Eskoriatzan–, 60,4 megawatteko gaitasuna izango luke eta 44.250 etxe hornituko lituzke. Enpresak 60 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du, eta 2026-2027. urteen bitartean eraikitzea. Orain arte EAEn proiektatu den zentral eoliko handiena izango litzateke Itsarazkoa.

Aramaio, Eskoriatza eta Antzuolako Udalek alegazioak aurkeztu dizkiete proiektuei, baina Ingurumen Sailak dauka azken hitza

Bi hilabete geroago, 2022ko azaroan, egin zuten batzar irekia Aramaion Statkrafteko hiru ordezkarirekin. Bertan, Norvegiako enpresak zituen asmoen berri eman zuen herritarren aurrean; besteak beste, argindarraren faktura murrizteko modeloa dela azaldu zuten, eta interesatuak proiektuaren jabetzaren parte izan zitezkeela. Aramaio eta Eskoriatza artean eraikitzearen zergatia ere azal- du zuten: toki aproposa iruditzen zaie. "haizea dabilelako, Euskadin gaur egun ekoizten den energiaren erdia ekoiztuko lukeelako eta ezer ez egiteak ere kalteak izango lituzkeelako, hemendik urrun eta hemen ere".

Bertaratutako herritarrek ere izan zuten aukera galderak egiteko, eta haietako asko desados agertu ziren Norvegiako enpresaren asmoekin. Hori plazaratu zuten batzarrean bertan, baina baita hurrengo hilabeteetan ere Aramaixo Bizirik herri plataformak antolatutako elkarretaratze, hitzaldi eta bestelako ekintzetan ere. Aramaioko aurreko agintaldiko nahiz oraingo udal gobernuek ere gauza bera egin dute, aramaioarren iritzia jasotzearekin batera.

Aramaioko eta Eskoriatzako udalek alegazioak aurkeztu zituzten 2023ko uztailean, eta Aramaixo Bizirik herri plataformak ere Trantsizio Ekologikorako Ministerioari zuzendutako 400 bat alegazio aurkeztu zituen Gobernuaren Arabako Ordezkariordetzan.

2023ko urrian, Krean kooperatibak akordio bat sinatu zuen Statkraftekin, "Euskadin garatzen diren proiektu berriztagarriei ingurumen- eta gizarte-zentzua emateko", eta hilabete geroago batzartu ziren bi enpresekin Aramaioko udalbatzako bi alderdiak eta Aramaixo Bizirik taldeko ordezkariak. Han jakinarazi zuten Statkraftek eta Kreanek hurrengo pausoa izango dela proiektua sozializatzea.

Orain arte EAE-n proiektatu den zentral eoliko handiena izango litzateke Itsarazkoa

Aramaioko udalbatzak Itsarazen proiektuarekiko kezka eta desadostasuna jasotzen dituen Ez gaude ados adierazpena onartu zuen azaroko osoko bilkuran, eta 600 bat aramaioarrek babestu zuten adierazpena sinadurekin. Sinadura-bilketaren emaitzak joan den hilean aurkeztu zituzten oraingo eta aurreko udal gobernuek eta Aramaixo Bizirik plataformak.

Aramaioko Udalak GOIENA-ri jakinarazi dio egindako alegazioen ondorioz Statkraftetik "proiektu aldatua" bidali zutela: "San Kristobal ermita inguruko dorrea atzera mugituko dute, etxalde batetik gertu. Uste dugu ingurua eta animaliak kaltetuko dituela. Bigarren dorrea 100 metro mugituko dute Legutio aldera. Kruzetatik Legutiorako errepidean lanak egitea proposatu dute, garraioa errazteko. Sekulako txikizioa izango da. Alegazioak egiteko ingeniari teknikoa eta juridikoa kontratatu ditugu, eta 30 egun gehiago eskatu. Onartu egin digute, eta 60 eguneko marjina daukagu".

Trekutz, Antzuolan

Hiru proiektuetatik oihartzuna izan zuen lehena Trekutzeko parke eolikoarena izan zen. 2021eko azaroaren amaieran Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak jakinarazi zuen Trekutz parke eolikoa gauzatzeko hasierako administrazio-baimena eskatu zuela Cilda Energyk. 5 megawatteko potentzia unitarioa duten bi aerosorgailu izango lirateke: bat Antzuolako lurretan, Meaka inguruan, eta bestea Urretxuko lurretan jartzea, Irimo gainean. Aerosorgailuek 200 metrotik gorako altuera, 22 metroko diametroa eta 4 metroko sakonera izango lukete. Gainera, bi punten artean masta bat jarriko lukete, haizearen eta haize-erroten norabidea kontrolatzeko. Parke eolikoa egiteko 10.275.900,24 euroko aurrekontua zehaztu dute, eta ebakuazio linearako, berriz, 624.061,40 eurokoa. Proposamenari ezezkoa eman zioten aurreko agintaldian Antzuolako EH Bilduk eta EAJk.

Antzuolan 3.000 sinadura Bildu dituzte Trekutzen kontra; Aramaion, 600 Itsarazen aurka

Trekutz parke eolikoaren berri emateko, batzar irekia egin zuen 2023ko urrian Antzuolako Udalak, Cilda Energy enpresarekin batzartu baitzen zenbait aste lehenago. Proiektua gauzatzeak herrian eta ingurunean eragingo lituzkeen kalteak aurkeztu zituen. Han bertan aurreratu zuen Olatz Lezeta alkateak alegazioak jarriko zizkietela proiektuari eta helburua zela Urretxuko Udalarekin elkarlanean lan egitea, aurreko agintaldian mozio bidez onartu zelako alegazioak jarri behar izatekotan bi udalek batera jarriko zituztela. Batzar irekiaren ostean, 2023ko azaro hasieran sortu zen Meaka-Irimo herri plataforma, eta, ordutik, hainbat hitzaldi, batzar ireki eta bestelako ekintza antolatu dituzte; baita alegazioak aurkeztu ere.

Duela zenbait hilabete, proiektua gauzatzeko ingurumen inpaktu-baimena eskatu zuen Cilda Energy enpresak, eta eskabide hori argitaratu zuen Eusko Jaurlaritzak EAEko Aldizkari Ofizialean abenduaren 15ean. Hilabete geroago, Trekutz parke eolikoari egindako alegazio teknikoak aurkeztu zituen Antzuolako Udalak. Horrekin batera, Meaka-Irimo plataformak alegazioen txosten bat ondu zuen, herritarrek sina zezaten, eta 3.000 sinadura bildu zituzten Trekutz parke eolikoaren kontra. Olatz Lezetak Harira saioan adierazi zuen "akats mordoa" dituela proiektuak, eta ez dau- dela eolikoen kontra, baizik eta proiektuaren aurka. Beste aukera batzuen alde egin zuen: "Herrian eolikoak bideragarriak diren ikusi beharko da, eta, hala bada, non ipini behar diren. Energia sortu behar badugu, herriarendako izan dadila; ez beste edonora eramateko".

Miritza, Gatzagan

Gatzagako Udalak ez dauka Miritxa proiektuari buruzko "informazio berririk"

2022ko martxoan, Euskal Herriko Agintaritzaren aldizkarian Miritxa izeneko parke eoliko berri baterako administrazio-baimena eskatu zuten. Parke eolikoa Marietaren gainean kokatuko litzateke, Arabako Arratzua-Ubarrundia, Burgelu eta Barrundia udalerrien eta Gatzaga artean. Sei aerosorgailu jartzeko asmoa zuten –27 megawatteko potentzia izango lukete–. Hala ere, asmo berria lau jartzea dela adierazi zuten Grupo Capital Energykoek.

2023ko urtarrilean izapidetzen ari ziren proiektu berriztagarrien gaineko zerrenda aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta bertan agertzen zen Miritxako proiektua. Gatzagako Udalak GOIENAri jakinarazi dio ordutik ez direla jarri eurekin harremanetan eta ez dutela proiektuari buruzko "informazio berririk".

Trantsizio energetikoa industria ikuspuntutik

Aritz Otxandiano, Fagor Taldeko iraunkortasuneko arduraduna. (Argazkia: GOIENA).

Fagor Taldeko iraunkortasuneko arduradun Aritz Otxandianoren ustez, berandu dator Trantsizio Energetikoaren Legea, baina "ezinbestekoa" da klima larrialdiari aurre egin ahal izateko: "Iruditzen zait marko ona jartzen duela hurrengo hamarkadetan egin beharreko bidea egin ahal izateko". Legea hazkunde ekonomikoarekin lotuta dagoela dioenik bada, eta, Otxandianoren iritziz, baieztapenak ez du oinarririk Legeak energia kontsumoa murrizteko helburu zehatzak dituen bitartean: "Bizi dugun testuinguru konplexuaren inguruko irakurketa sinplistegiak egiten dira, eta hortik ez da soluziorik etorriko".

Autokontsumoa vs. azpiegitura handiak

Industriak hartu beharreko norabideaz galdetuta, industriak bere jarduera birmoldatu behar duela dio, gizarte iraunkor batek behar ez dituen produktuak ordezkatu eta ekonomia eredu lineal batetik zirkularrago batera igarotzeko. Gehitu du "beti" izango dela intentsiboa energia kontsumoa.

Herri plataformek edo ekologistek defendatzen duten puntu bat da autokontsumoarena, baina, Otxandianoren esanetan, industria deskarbonizatzeko eskala ertain eta handiko azpiegiturak behar dira, autokontsumoarekin nahikoa ez dela iritzita.

"Berandu datorren legea da, baina ezinbestekoa klima larrialdiari aurre egiteko"

Tokiak eta tokiak daude azpiegitura berriztagarriak jartzeko; batzuk egokiagoak dira beste batzuk baino. Zeintzuk diren toki egoki horiek dagokion administrazio publikoak ebatzi beharko du, dagokion prozedura administratiboa zorrotz eta garantia guztiekin betez", dio Otxandianok.

Herri plataformak sortu dira euren herrietan egiteko aurkeztu dituzten parke eolikoen proiektuen kontra. Horren harira, Otxandianok gogorarazi du industriatik bizi den eskualdea dela Debagoiena eta debagoiendarren gehiengoa. Horregatik, kontraesankorra iruditzen zaio industria horrek sortzen duen aberastasunaz herritarrak baliatzea, baina inpaktuen kargu egin nahi ez izatea.

Klima larrialdiak ez dauka soluziorik, Otxandianoren iritziz, lurralde eskala bakoitzak bere energia kontsumoaren eta CO2 isurien inguruko ardurarik hartzen ez badu, eta datuak eman ditu: "Debagoienak ere bere ardurak hartu behar ditu, egun kontsumitzen duen energiaren %90 fosila delako eta kanpotik datorrelako". Horregatik, hori aintzat hartuta, egin beharreko bidea elkarrekin irudikatu eta adostasun zabalak eraikitzeko ahalegina egin beharra dagoela irizten dio, "elkarren aurka aritu beharrean".

Herri plataformak, beste bide batzuk lehenesten trantsizio energetikorako

Aramaioko aurreko eta oraingo udal gobernuak eta Aramaixo Bizirik plataformako kideak 600 sinadurekin. (Argazkia: GOIENA).

Antzuolako Meaka-Irimo eta Aramaioko Aramaixo Bizirik herri plataformak euren herrietan egiteko aurkeztu dituzten Trekutz eta Itsaraz proiektuen aurka agertu dira. Antzuolarrendako gai "oso garrantzitsua" da trantsizio energetikoarena, eta helburu nagusitzat dute herritik eta herriarendako egitekoa herritarren behar energetikoak betez nahiz natura errespetatuz: "Uste dugu kontsumoa asko jaitsi beharko genukeela, politika publikoak horretara bideratuz. Autokontsumoa askoz gehiago bultzatu behar da, lehendik urbanizatuta ditugun guneak aprobetxatuz. Gero eta garbiago dago geratzen zaizkigun landa lurrak bereziki babestu beharko ditugula; ezin dugu jarraitu janaria milaka kilometrotatik ekartzen". Uste dute proiektu handietan sartu beharko luketela, aurreko bi bideak "ondo landu" eta energia gehiagoren beharra badute; betiere, modu planifikatuan, parte hartzearekin eta natura errespetatuta: "Industria eta garraioa energia kontsumitzaile handienak dira, eta aipatu ditugun irizpideetan oinarritu beharko du konponbideak. Krisi klimatiko eta energetikoarekin, gizarte bezala, sekulako erronkak ditugu aurrean, eta hobe dugu berandu baino lehen modu serioan hartzen baditugu".

Beste bide bat aurkitzearen alde

Aramaixo Bizirik plataformakoen hitzetan, klima aldaketa eragoztea da egin beharrekoa trantsizio energetikoa baino gehiago: "Trantsizio energetikoa kapitalistek era oso okerrean martxan jarri duten negozioa da; klima aldaketa eragozteko bide bakarra dela adierazi dute". Gehitu dute inguruko mendiak hondatu, natura eta hegaztiak arriskuan jarri, mendiak industrializatu eta "trantsizio energetikoan inongo eraginik izango ez duen" instalazio bat dela Itsaraz: "Horrek ez du klima aldaketa eragozten".

Erlazionatuak

Helburua, klima neutraltasuna

Miren Arregi Amasorrain ots 23 Debagoiena

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak