Garazi Iglesias eta Liher Eguren: "Denon eskura egongo den garraioa behar dugu"

Iñigo Barrena Kortabarria 2024ko ots. 16a, 15:17

Garazi Iglesias eta Liher Eguren. Argazkia: Debagoienako Ernai

Etzi Eskoriatzan egingo duten agerraldian, eskualdeko garraio publikoaren egoera "kaxkarra" sozializatu eta gazteak borroka horretara "batzera" gonbidatuko dituzte

Domekan (16:30), Eskoriatzan, Debagoieneko Ernaik Garraio publiko duina izeneko dinamika politikoari ekingo dio, gazteek dituzten aldarrikapenak eta kezkak plazaratzeko. Horren harira, Garazi Iglesias (Eskoriatza, 2001) eta Liher Eguren (Bergara, 2004) ibarreko Ernaiko kideekin izan da GOIENA.

Zein da gurean garraio publikoaren egoera? Ze kezka eta aldarri dituzue?

Egiten dugun diagnosia ez da positiboa. Eider Mendozak Goienan egindako adierazpenetan adierazi zuen Debagoienean garraioak zituen arazo guztiei aterabidea eman zaiela. Argi dago ez duela gure eskualdeko autobus zerbitzua erabiltzen; erabiltzaile orok daki konexio, irisgarritasun eta segurtasun arazoak gure egunerokoaren parte direla. Argi utzi nahi dugu gure kezkak garraio publikoa erabiltzen duen edozein gazteren kezkak direla, urteetan luzatzen eta areagotzen joan direnak. Gurea oso eskualde isolatua da Gipuzkoan, ez dauka burdin sarearekin lotura zuzenik eta bailara barneko garraioaren eskaintza ez da nahikoa. Alboko herrira joateko bi autobus hartu behar izatea da horren adibide. Horrek eramaten gaitu bailarako mugikortasuna auto pribatuen menpe egotera.

Nola eragiten die horrek gazteei?

Guri, zein astean zehar gurean ikasi edo lan egiten duen pertsonei, baina, batez ere, gazteoi, askok ez dugulako gidabaimenik, ezta autorik ere. Azken boladan bizitzaren garestitzeak ere arazoa sakondu egin du. Era berean, aipatu behar dugu autobusak zein autobus geltokiak ez direla gune seguruak neska* gazteontzat, eta gaueko zerbitzu mugatuek etxerako bidea luzatzen dutela.

Pertsona zaurgarriak ere badira...

Haiek ere modu berezituan kolpatzen ditu egoerak, sektore horretako askorentzat garraio publikoa delako mugitzeko duten modu bakarra. Uste dugu egun ezagutzen dugun sistema oso garestia dela eta doako bilakatzeko urratsak egin behar direla. Dena den, uste dugu garraio publikoa erabiltzeko kultura sustatu behar dela, klima aldaketak eta krisi sozioekologikoak ezinbestean behartuta, baina gurean dugun zerbitzuak ez du horretarako biderik ematen. Hori indartu eta prezioei mugak jarri beharra dago, trantsizio ekologiko justu baterantz.

Zer egin da eskualdean garraio publikoaren egoera hobetzeko?

Egoera hobetzeko egin diren ekintzak ontzat jotzen ditugu; Elorregiko autobus geltokiaren berritzea, esaterako. Dena den, ezin dugu ahaztu prozesua luzea bezain lotsagarria izan dela, eta egin diren aldaketak ez direla nahikoak.

Zer behar du eskualdeko garraio sistemak duina izateko?

Herritar ororen zerbitzura egongo den garraioa behar dugu. Denontzat segurua, irisgarria eta erabilgarria izango dena. Horrek guztiz publifikatua egotea eskatzen du, langileen zein erabiltzaileen mesedetarako, enpresa pribatuen interesetatik aldendu eta garraioa herritarron interesetara jartzeko. Herritarra erdigunean jartzeko. Garraio publikoak herri eta gizarte bezala ditugun beharrei erantzun behar die; inoiz baino garrantzitsuagoa da garraio duina izatea.

Zer da eta nola eramango duzue aurrera Garraio publiko duina di- namika?

Gure aldarriak eskualdeko garraioaren bueltako erabakiak hartzen diren guneetara eraman nahi ditugu, eskualdeko gazteon eskariak aplikatu eta garraio duina lortzeko helburuarekin. Datozen asteetan hainbat ekintzaren bidez aldarriak sozializatu eta herritarren aktibazioarekin urratsak egitea da asmoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak