Otsaileko lehenengo astean hasi ziren protestak Europako zenbait herrialdetan, eta Espainiako hainbat autonomia erkidegotan ere hedatu ziren. Protesta horiek Euskal Herrian zehar ere zabaldu eta hiriburuetan batu ziren nekazariak eta baserritarrak, haien aldarriak egiteko. Era berean, egoera horrek guztiorrek Debagoienean izan du eragina, bailaran ere badaudelako lehenengo sektoretik bizi direnak; haietako asko ere batu dira egunotan egin diren protesta eta mobilizazioetara.
Andoainen eta Zarautzen elkartu ziren joan den astelehen goizean, hilaren 12an, eta Gipuzkoako hainbat nekazari eta baserritarrek Donostiarako bidea hartu zuten, han egoeraren gaineko protesta egin eta sektoreak bizi duen egoeraren larritasuna ikusarazteko. Egunotan egin diren protestetara batu diren baserritarren eta nekazarien artean daude Eider Murgoitio eta Ibai Alberdi debagoiendarrak, eta haiek ere lehen sektorea "kinka larrian" dagoela uste dute.
Egoera larria
Egunotan, "sektoreak bizi dituen larritasun eta nahasmenak" mahaigaineratu direla dio Murgoitiok. Izan ere, Donostian amaitu zen mobilizazioan zenbait gauza aldarrikatu nahi izan zituzten baserritarrek; Alberdik dioenez, "burokrazia maila altuagatik, baldintza duinen gabeziagatik, sektorearen ezegonkortasunagatik eta beste gauza askorengatik" egin zuten protesta. Murgoitiok gaineratu du lehen sektorearen errealitatea ez dela bera munduko toki guztietan, baina, era berean, guztiek ideia berbera partekatzen dutela dio: "Bizirauteko elikagaiak sortzen dituzten pertsonak lan-baldintza ez-duinetan bizi direla".
Hori dela eta, eta baserria maite duten arren, "itota" daudela aitortu du Alberdik: "Ez badigute laguntzen, gure produktuak zilegitasunez ordaintzen edo ez badugu errentagarritasunik lortzen, baserritar gazteok beste nonbait aurkitu beharko dugu jateko ogia".
Guztiaren gainetik, baserria
Alberdik nabarmendu nahi izan du "gazte baserritarrek hasitako ekintza bat dela eta garrantzitsua dela ikustea Gipuzkoan zenbat gazte gauden baserritik lan egin nahi dugunak eta baserria maite dugunak". Era berean, egindako mobilizazioak kontu politikoetatik kanpo daudela ere jakinarazi nahi izan du: "Guk gure egoerari erreparatzen diogu. Ohar bidez ere adierazi genuen mobilizazioetan ez goazela ez alderdi politikoekin ez sindikatuekin batera. Baserritar batzuk elkartu gara gure sektorearen barruan bizi dugun ezegonkortasun egoera salatzeko; guztiaren gainetik baserria jarrita ari gara borrokan".
Kontzientziazio beharra
Aldaketak maiz norbanakoaren ohitura aldaketetatik hasten direla dio Murgoitiok, eta, beraz, "kontzientziak astindu" egin behar direla aitortu du. Ereindajan proiektuko ekoizlea da hura, eta bertan, "tokiko garapena eta lehenengo sektoreko iraunkortasuna eta kontsumitzaileon arteko elkarlana" bultzatzen dute. Bertakoari garrantzia ematea da ekoizleek egiten duten eskaeretako bat, eta Alberdik ere ildo beretik jo du: "Asko dira azoketara joaten direnak, haiek ekoiztutako produktuak saltzera, eta eurek ere bultzada bat behar dute. Kontzientziaziotik abiatu behar da aldaketa bideratzeko".
Aurrerantzean, zer?
Egindako protestetan zenbait aldarri egin dituzte baserritarrek, eta egoera aldatzen ez den bitartean aldarrikapenak egiten eta kalera irteten jarraituko dutela aitortu dute Murgoitiok eta Alberdik; izan ere, "garrantzi handia izan zuen asteleheneko mobilizazioak".