Eztabaidarako gaiak sortu nahi dituen liburua

Iñigo Barrena Kortabarria 2024ko ots. 16a, 11:38

Javier Retegi, liburua eskuan duela. Argazkia: Iñigo Barrena

Gaur aurkeztuko du 'Horizontes de esperanza' liburua Javier Retegi bergararrak, Mondragon unibertsitatearen Eskoriatzako Campusean, 15:30ean; esan duenez, gaur egungo gizarteak dituen hutsuneei nola aurre egin azaltzen du bertan

Jaiotzez bergararra da, baina Untzillara bidean bizi da Javier Retegi ingeniari teknikoa. Urteetan enpresen munduari eta hezkuntza munduari lotuta egon da; besteak beste, Eusko Ikas-kuntzako presidentea izan zen 2002. eta 2008. urte bitartean; egun, ohorezko presidente da. Haren esperientzia baliatu du Horizontes de esperanza liburua kaleratzeko, non gaur egungo gizarteari eztabaidarako gaiak planteatu nahi dizkion. "Ez da soilik irakurri eta hor uzteko liburu bat; nik eztabaidarako gaiak planteatu gura izan ditut lan horrekin", dio Retegik. Eztabaidarako gaiak planteatzeko haren usteak edo gizartea nola ikusten duen baliatu nahi izan ditu: "Gaur egungo gizarteak hutsune batzuk ditu, eta, hain zuzen ere etorkizunari begira horiek nola ikusten ditudan eta norantz joan behar dugun adierazi nahi izan dut".

Liburua, lau ataletan banatuta

Haren lanean, Euskal Herriak etorkizunera begiratzeko eman behar dituen pauso edo estrategiez mintzo da, eta lau ataletan banatu du liburua: lehenengoan, gaur egungo gizartea non oinarritzen den aipatzen du. Retegiren ustetan, indar politiko eta ekonomikoak euren aldetik doaz, eta hori ez da nahikoa gizarteak epe motzera dituen erronkei "aurre egiteko"; hutsune horiek "ekintza komunitarioek" betetzen dituztela dio, eta gizartean ekonomia eta politika "batzen" ez badira sistema berri bat ezingo dela "eraiki" gaineratu du.

Bigarren atalean, gizartea "desorekatuta" dagoela aipatzen du, geroz eta "beranduago" hasten delako jendea lanean eta geroz eta jubilatu gehiago daudelako. Etorkizunean hori ekiditeko, ikasketa zikloan, estruktura akademikoan eta estruktura laboralean eta proiekzio sozialean lan egin beharra dagoela azpimarratu du.

Hirugarrenean, pertsonari buruz dihardu: "Nolakoa den pertsona, halakoa da gizartea. Gaur egun ez dago erreferente etikorik, eta horrela ezin daiteke gizarte komunitario bat sortu. Horretarako, ezinbestekoa da gutxieneko etika komunitario bat lantzen hastea; izan ere, bestela, ezinezkoa izango da gizartea lantzea".

Hain zuzen ere, ekintza komunitarioen indarra azpimarratu du laugarren eta azken atalean. Dena den, kritika ere egiten du. Retegik uste du komunitate bakoitzak bere "ildoa" hartzen duela, "pertsona" oinarri moduan jarriz, baina ezin dituztela gizarteak dituen premiak puntu "bakar batetik" ikusi. Hori dela eta, dauden "txoko txiki" horietatik irten eta "txoko zabal" batean planteatu beharreko gaiak direla dio, ikuspegi zabalagotik. Indarrak "batu" behar dituztela ere gaineratu du; horrela, gizarteak "eraldatzeko" aukera izan dezakeela uste du.

Aurkezpena, gaur

Hiru aste dira liburua kaleratu zuela, eta aurkezpena gaur egingo dute, egubakoitza, Mondragon Unibertsitatearen Eskoriatzako Campusean, arratsaldeko hiru eta erdietan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak