Europa iparraldeko hard-rocka dute gustuko Korda Rotako taldekideek: kuadrilla bereko hiru lagun entseguak egiteko elkartu ziren, eta Italia hegoaldetik etorritako Francesco Basile ezagutu zuten, gitarra-jole trebea. Sorpresa polita hartu zuen lehen aldiz lokalera gonbidatu zutenean: "Small Jackets taldearen posterra zegoen zintzilik, nire anaiak bateria jotzen zuen taldearena, txikia da-eta mundua!"
Egokitzeko gai
Sinergia bazegoela ikusita, laugarren hanka jarri zion mahaiari, sendotasuna eta oreka. "Hura batu aurretik, bi gitarra eta bateria ziren gure instrumentuak; beraz, baten batek baxua hartu behar... Soilik lau akorde jotzeko gai nintzenez, niri tokatu zitzaidan", azaldu du, umoretsu, Aitor Alegre Laje-k. Abeslariaren figura Basilek eta Laje-k berak konpartitzen dute, hizkuntzaren arabera. "Ingelesezko gehienak nire kontu, eta euskarazkoetan estribilloetan ere laguntzen dut", dio Antzuolan finkatuta dagoen italiarrak.
Gogoko dute bustitzea
Bailara inguruan eman izan dituzte kontzertuak; azkena, Antzuolako gaztetxean, diskoa kaleratu berri eta Santa Barbara taldearekin oholtza konpartituz. Hain justu, talde horrek irekiko du Arrasateko emanaldia ere, gaur zortzi, 22:00etan. Azkenaldian, gaztetxeko itoginek atseden eman dutela dirudi, baina, taldearen aurrekariak ikusita, ez dirudi gai horrek askorik kezkatzen dituenik. "Joan den udan, Elgetan, karpa txiki batean jotzeko gonbidatu gintuzten, erromeriaren ostean, ordu txikietan. Unea iritsita, sekulako euri-jasa eta haize-ufadak zirela, aurrera egitea erabaki genuen. Oholtza igerileku bihurtu zen eta gitarren pedalak izorratu zitzaizkigun. Arroz artean sikatuta konpondu genuen aberia", kontatu dute laurek.
"INOIZ GITARRAREN PEDALAK BUSTI ETA APURTZEN BAZAIZKIZUE, SIKATU ARROZ ARTEAN"
Gozamena oinarri
Errekurtsoak badituztela ezin uka. Musikazaleak berdina pentsa dezake euren abestiak entzunda bakarrik. Musikan zentratu dira, gehienbat, detailerik txikiena ere ondo zainduta. Hala, trinkoak dira konposizioak, eta freskoak hitzak. "Rocka kritika soziala egiteko leiho bat da, eta guk alienazioari, sare sozialei, pobreziari eta eutanasiari buruz hitz egiteko baliatu dugu. Baina azaleko gaiak ere aipatzen ditugu modu arduragabeagoan", azaldu du Raul Uriarte Rufo-k. Emaitza horretara heltzeko gakoa "egunerokotasunaz disfrutatzea" da, Rufo-ren ustez: "Astearte batean lokalera joatea plazer hutsa da, musika pasio bezala, zaletasun bezala, ikusten dugulako. Denbora dezente eskaintzen diogu, bai elkarrekin gaudenean eta baita etxean ere, bakoitzak bere kabuz egiten dituenean lanketak".
Bidelagun "aparta"
Hamar kantuak nahiko borobilduta zeuzkatenean joan ziren Aretxabaletako kuartelera, haien lagun Asel Errastirengan konfiantza osoa jarrita. Laje-rentzat, esaterako, lehen esperientzia izan da grabaketa estudio batean, "Asel alboan izanda, egunero" errepikatuko lukeen esperientzia. Rufo-k ere hitz ederrak besterik ez du musika-ekoizlearentzat: "Oso gustura egon gara Aselekin; hasieratik inplikatu zen. Entsegu batera etorri zen, zer egiten genuen entzutera, eta, antza, asko gustatu zitzaion. Sekulako lana egin du, abestiak grabatu ez ezik, nahastu eta masterizatu egin dituelako".
Urria eta azaroa arteko asteburu haiek gogoratzean, onartzen dute "energia handia" jarri zutela diskoan, baina merezi izan duela erabat: "Denok baikaude oso pozik".
Salmenta-puntuak
Panem et circenses lana fisikoan eskuratu nahi duenak Dat, Osorik eta Taupa tabernetan aurki dezake, baita Aretxabaletako Kixkorren eta Antzuolako Aitz Garbin ere. Gainera, sare sozialen bitartez ere entzun daiteke. Diskoaren diseinuari dagokionez, proposamen artistikoa Basileren lehengusu Antonio Bob Della Ragionek egin du. Gozatu ogiaz eta zirkuaz!