EHNE eta ENBAren "mobilizazioen egutegi propioko" lehen ekintza martxoaren 1ean egingo da. Jakinarazi dutenez, egun hori aprobetxatuko dute sektorearentzat ezinbestekoak diren neurriak edo politikak planteatzeko. Gainerako nekazal sindikatuei ere deial luzatuko dietela gehitu dute, "ondorengo egunetan Euskal Herri mailako egutegi adostu bat gehiagoren artean ere osatzeko".
Erakunde, instituzio nahiz alderdiekin, besteak beste, lanean jarduten dutela nabarmendu dute: "Gipuzkoako EHNE eta ENBA nekazal sindikatuok lanean jarduten dugu egunero aipatu aldarri horiei erantzuteko, instituzioekin, alderdiekin, distribuzio enpresekin, salmenta kooperatibekin eta beharrezkoa den edonorrekin. Askotan isilean, eta inor gutxik ikusten duen lan eskerga eginez, baina beti saiatzen gara arazoak seinalatzetik haratago soluzioak planteatzen eta adostasunak bilatzen. Ez dugu ipar hori alde batera utziko, oraingoan ordea ez da isilean izango.
Gipuzkoako errealitatera egokitu
EHNE eta ENBA sindikatuek "gertutik eta arretaz" jarraitu dituzte azken asteetan Europan, espainiar estatuan eta Euskal Herrian planteatu diren mobilizazioak. Azaldu dute hasieratik nekazaritzako mobilizazioen "estatuko dinamikatik" aldendu direla, "otsailaren 6rako deituriko mobilizazioen jatorria, mezuen edo aldarrien nahas-masa, eta nekazal sindikatuokiko urruntzea ikusita ustezko antolatzaileen aldetik".
Hori ikusita, ezinbestekoa ikusi dute Gipuzkoako baserritarren errealitatera egokitutako aldarriak egitea, sindikatuen esanetan, izaera eta izate bereiztua dutelako, familia ereduko baserriak direlako eurenak; lurralde menditsuan lan egiten dutenak eta tamaina txikikoak. Hala ere, ados daude Espainiako nahiz Europako nekazarien haserrearekin.