Kanpandorreek gordetzen dutena

Larraitz Zeberio Lekuona 2024ko ots. 13a, 14:29

Antzuolako Errukizko Amaren parrokiako kanpandorrea.

Gaur egun, inor gutxi igotzen da kanpandorreetara. Zalantza barik, garai hobeak eta orain baino funtzio garrantzitsuagoak bizi izan dituzte bertan dauden kanpaiek eta ordulariek. Tamainarengatik zein antzinatasunarengatik, ordea, pieza baliotsuak dira eta berezitasun ugari ezkutatzen dituzte.

Puntua aldizkariaren 399. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Kanpaiak jartzeko eraiki zituzten kanpandorreak, eta esan behar da kanpaiek zeregin garrantzitsuak bete dituztela. Mendeetan zehar arautu dute herritarren bizimodua, arlo erlijiosoan ez ezik, baita arlo zibilean ere. Kanpandorreetatik jasotzen zen gaixotasunaren, heriotzaren, ekaitzaren, suaren, garaipenaren edo ospakizunaren berri. Komunikazio tresna ziren eta, batez ere, dei egiteko balio zuten. Funtzio sozial handia betetzen zuten bozgorailuak ziren. Horregatik da oso aberatsa kanpai hotsen inguruan gizakiak garatutako hizkuntza edo komunikazio-kodigoa. Galbidean da; izan ere, belaunaldi berriek gutxi erreparatzen diote eta nagusiagoek justu-justuan identifikatzen dituzte kodigo horietako gutxi batzuk. Hil-kanpaiak dira, seguruenik, ezagunenak gaur egun. Aspaldi ez dela, ordea, herritar guztiek bereizten zuten kodigoa zen.

Askotariko kanpandorreak eta kanpaiak Debagoienean

Kanpandorre bakoitza mundu bat da. Haren neurriak eta ezaugarriak ditu, eta, edozein pieza matxuratuta ere, neurrira egin behar da ordezkoa. Artisau-lana da. Bailarako herrietako eliza nagusietako kanpandorreak oinarri hartuta, hamabina kanpai dituzte Arrasateko San Juan Bataiatzailea eta Bergarako San Pedro elizek eta Arantzazuko santutegiak. Oñatiko San Migel elizan hamar dituzte, eta bederatzina Bergarako Santa Marinan eta Antzuolako Errukizko Amaren parrokian. Elgetako kanpandorreak zazpi kanpai ditu, Eskoriatzako San Pedro elizan sei daude eta Leintz Gatzagako San Millanen eta Aretxabaletako Andra Mariaren Jasokundearen elizan, bosna. Azkenik, Aramaioko San Martin parrokian hiru kanpai daude.

Forma, antzinatasun eta jatorri askotariko kanpaiak dira. Bergarako San Pedro elizan dago erromatar formako munduko handiena. Kontuan hartutakoen artean zaharrena, ziurrenik, Arrasateko kanpandorrean dago: 1530ekoa da.

Kanpandorre defentsiboa


Neoklasikoak edo gotikoak dira Debagoieneko kanpandorre garaienak. Elgetakoa, aldiz, antzinagoko defentsa egitura bateko kanpandorrea da –Arrasatekoa bezala–. 1936ko gerran ere defentsa funtzioa bete zuen kanpandorreak. Leihoetako bateko baranda kenduta dago, metrailadoreei lekua egiteko. Ordulariaren esferaren aurreko kokapena zien izan zen ere nabari da oraindik.

"Ez da hain aspaldikoa apaizak kanpandorreraino heltzen zen soka bati helduz kanpaiak saltoka jotzen zituzteneko garaia", azaldu du Jose Mari Velez de Mendizabalek. Gaur egun, ordea, elektrizatutako sistemak daude eta botoi bat sakatuta jo daitezke kanpaiak. Eliza gehienetan, gainera, automatizatuta daude joaldiak. Eskualdeko eliza nagusien artean, Aramaio da bailarako salbuespena. "Hemen ez dugu horrelako sistemarik. Meza hasi baino hamabost minutu lehenago, nik neuk eragiten diot kanpai txikiari sakristiara heltzen den sokari tira eginez. Kanpai handiak jo behar badira, dakien batek etorri behar du. Berriki egindako hileta batean gertatu da", azaldu du Aramaioko abade Enrique Vazquezek.

Kanpaien dilin-dalan bakoitzak esanahi bat

Debagoienean kanpai doinuetan aditurik bada, Areantzako kanpai- joleen taldeko kideak dira. Oraindik ere, egubakoitz oro elkartzen dira Areantzan saioa egiteko. "Gure txikitasunean, badugu mugimendu pixka bat. Iaz, hamabi lekutan izan ginen, baina egia da jende gutxi gogoratzen dela kanpaiekin. Galdu den gauza bat da", dio Julen Abasolok. "Garai batean, mundu guztiak ezagutzen zuen kanpai-hotsen esanahia. Urteetan eta urteetan funtzionatu duen kodigo bat izan da. Areantzan, esaterako, 1625 ingurukoa da dugun kanpairik zaharrena. Pentsatzen hasita, 300 urtetik gorako kanpaiak jotzen ari gara. Pentsatu zenbat belaunaldik jo eta entzun dituzten kanpai horiek".

Berrikuntzak


Suteak, oinaztarriak, bestelako eguneraketak... Kanpandoreetan ere berrikuntzak egin ohi dira, eta Antzuolan, esaterako, 2008an ipini zuten ordulari berria. Harekin batera heldu zen hirugarren esfera. Esfera hark kanpandorrearen eraikitze urtea jasotzen duen inskripzioa estaltzen du; Año 1866 irakurri beharrean Año 866 irakurtzen da. Gainean bistan da 1943an egindako agonia –edo hil– kanpaia.

Abasoloren esanetan, Areantzako taldean hamahiru doinu edo kodigo dituzte errepertorioan. "Biatikoa jotzen zen norbait gaixotu eta apaiza harengana joaten zenean azken jaunartzea ematera. Bateren bat hilzorian bazegoen, agonia jotzen zen; eta hildakoan, hil-kanpaiak. Bereizten zen, gainera, hildakoa emakumea edo gizonezkoa zen. Hildakoa umea bazen, berriz, aingeru-kanpaia jotzen zen. Egunaren osotasuna ere markatzen zuten kanpaiek: goizean argi-kanpaia izaten zen, eguerdian angelusa eta iluntzean abemariatakoa. Gogoan dut nola aitajaunak lana uzten zuen angelusa entzundakoan". Bestelako kanpai-hotsak ere bazeudela esan du Abasolok: "Auzo-kanpaia jotzen zen auzolanerako dei egiteko edo bilera bat deitu behar bazen. Elizkizunen bueltako kanpaiak ere egoten ziren: jaiegunetakoak, bezperatakoak, elizkizun aurrekoak eta elizkizun hasierakoak. Errogatibak ere egiten ziren, uzta jasotzeko orduan hodei beltzak agertzen baziren edo lehorte luzeak baziren".

Leku estrategikoa ordulariendako ere

Kanpaiak bezala, ordulari publiko gehienak ere kanpandorreetan daude. Ia inork erlojurik ez zuen garai batean kokatu ziren ordulariak haietan; urrutitik ikusteko eta kanpaiek markatutako denboraren joanak ahalik eta zabalkuntza handiena izateko.

Debagoieneko kanpandorre nagusienetan dauden ordulari ia guztiak publikoak dira, eta udalak arduratzen dira mantentzeaz eta konponketez. Arrasate da salbuespen bakanetako bat. "Gurea ez da publikoa. Bere garaian ez zuen Udalak jarriko", azaldu du Horacio Argarate parrokoak. Berezia da baita ere Aramaioren kasua. Elizan ez dago ordularirik. Sastiñan zegoen, eta, ordularia zegoen kanpandorreko materiala eliza berria eraikitzeko erabiltzea erabaki zutenean, udaletxean jarri zuten ordularia.

Mantentzea


Arrasaten eta Eskoriatzan badakite zer den kanpaietako mihietako bat airean irtetea. Ia hiru kiloko hori 2014an jausi zen Arrasaten. Zorionez, ez zuen inor harrapatu.

Deigarria da nola Gasteizko Murua etxekoak diren Debagoieneko ordulari publiko asko. Enpresa duela 16 bat urte desagertu zen, baina fabrikatzaile hark egindakoak dira Arantzazuko kanpandorreko, Oñatiko parrokiako eta Bergarako San Pedro eta Santa Marina elizetako ordulariak. San Pedro Ariznoako ordulariak, gainera, badu beste berezitasun bat: San Martin martxako zati bat jotzen du ordu osoak markatzen dituenean.

Ordulariak gaur egun automatizatuta daude eta satelite bidez jasotzen dute ordu zehatza. "Sistemak une oro doitzen du ordua, eta urteko bi ordu aldaketak ere automatikoki egiten dira", zehaztu du Argaratek.

Oso bestelako garaiak bizi izan zituzten aurreko ordulari- arduradunek. Liburua prestatzen ari da Jose Ramon Arrazola oñatiarra, eta Dionisio Mugarzaren jardunaren berri emango du han: "44 urtean zortzi egunean behin joaten zen harrizko kontrapisu handiak biradera batekin igotzera eta ordularia puntuan jartzera. Udalaren soldata jasotzen zuen".

Askotariko mekanismoak


Kanpaia handienak finkoak izan ohi dira; pisutsuenak dira, eta, gehienetan, antzinatasun handienekoak dira. bergarako San Pedro elizan dago, esaterako, erromatar formako munduko kanpairik handiena –2.859 kilo–. Arrasateko su-kanpaiak ere merezi du aipamena; 2.600 kilokoa da. Desberdindu behar dira, bestetik, mihia dutenak, mailu mekanikodunak zein iraulketakoak diren kanpaiak.

Automatizatuta egonda ere, gertatzen dira matxurak; Elgetako ordularia erdipurdi dabil aspaldian. Berriki automatizatua, ez ditu orduak behar den moduan jotzen. Bergaran, berriz, gogoan dute nola bolada batean –1997an– egunez jo beharrean gauez jotzen hasi zen San Pedroko ordularia.

Kanpoko enpresen menpe

Apenas dago kanpai eta ordulari horien mantentzeaz arduratzeko jakintzarik Debagoienean. Gasteizko Suescun anaiengana jotzen dute, esaterako, Elgetan, eta Donostiako Teknikronos enpresara Eskoriatzan eta Oñatin. Kanpaien estrukturarekin lotutako pieza berriren bat behar bada, berriz, Palentzia, Caceres, Valentzia edo Kantabriara jo behar da.

Ez da beti horrela izan. Sasoi batean, herriz herri ibiltzen ziren kanpai-egileak, eta Eskoriatzan daude Gipuzkoan agertu diren bost kanpai-tailerretako baten arrastoak; kanpaiak urtzeko labe baten arrastoak dira. Azpeitikoa bisita daiteke; besteak estalita daude, hobeto kontserbatzeko.

Kokapen bereziak


Sarri, teknikariek eskalada egin behar dute, eta pieza handiekin. Elgetako ordulariaren minutu-orratza 1,2 metroko luze da.

Ezbeharrik ez gertatzeko, berriz, garrantzitsua da aldizkako errebisioak egitea. "Batez ere, iraulketa-kanpaien errodamenduak, mihien euste-sistemak eta piezen koipeztatzea ziurtatzeko", esan du Felipe Pagaldai eskoriatzarrak.

Garai berriek ekarri duten beste aldaketa bat gauez kanpaiak isiltzea izan da. Atsedenerako denbora eskubide bat da, eta herri askotan Arartekoarengana jo izan dute herritarrek. Arrasate izan zen Arartekoaren esku-hartzea izan zuen lehen herrietako bat. "Gaueko kanpaikadarik ez dago 22:00etatik 08:00etara, eta eguneko danbatekoen dezibelioak ere neurtu zituzten", azaldu du Argaratek. Aspaldi amaitu ziren, beraz, Velez de Mendizabalek gogoan dituen albakoak. "Hiru danbateko lasai eta ondoren jarraian jotako 23 danbateko azkar ziren. Iratzargailurik ez zegoen garai batean, herritarrak iratzartzeko kanpaiak ziren. Jendea 05:30ean sartzen zen lanera, eta kanpaiek 05:00etan jotzen zuten albakoa".

Gaur egun, Debagoieneko herri gehienetan daude kanpaiak isilik gauez. Aretxabaletako parrokia nagusia da salbuespen bananetakoa. "24 orduak, erdiak, argi kanpaiak, angelusa eta abemariatakoa jotzen dira egunero", azaldu dute parrokiako ordezkariek.

Jaitsiera ikusgarria


Teilatuko eta kanpandorreko lanak baliatu zituzten Bergarako San Pedro elizan dituzten hamabi kanpaiak jaitsi eta Palentziako Campanas Quintana etxean eraberritu zitzaten. 2011ko urrian eraman zituzten kanpaiak, ikusgarria izan zen jaitsiera baten ostean. Bederatzi hilabete izan ziren kanpaiak kanpoan. San Martin jaietarako itzuli ziren. Arientzako kanpai-jole bikote batek jo zituen itzulera ospatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak