Ainara Urrutiarendako (Aretxabaleta, 1981) iazko urtea "oso positiboa" izan da. "Azken bi urteak izan dira bereziki onak. Trail munduan hiru urte daramatzat serio, ez dut urte askotako ibilbiderik, eta denbora tarte laburrean asko ikasi dut. Iaz lasterketa askotan geratu nintzen pozik. Esaterako, Espainiako txapelketan [maratoi distantziako debutean] nazioarteko mailako korrikalariak egonda ere hirugarren egin izana ederra izan zen. Espainiako selekzioarekin Munduko Txapelketara joan izana, Skyrunning zirkuituan hamar onenen artean sailkatu izana... Niretako balio handiko lorpenak izan dira horiek, baina, bereziki, nabarmenduko nuke urtarriletik azarora arte izan dudan erregulartasuna eta selekzioak ordezkatzeak dakarren presioa ondo kudeatu dudala. Gainera, uste dut denboraldia luzea izan bada ere mentalki fresko egon naizela. Hori bai, atzean esfortzu eta sakrifizio handia egon da, eta momentu onak eta ez horren onak ere egon dira".
Ainara Urrutia: "Aurten inongo konpromiso barik egingo dut korrika, lasaitasuna ematen dit horrek"
Urrutiak onartzen du orain momentuan korrikalari moduan zalantza handiekin dagoela. Euskal selekzioko hautatzaile izatea onartu berri du, eta horrek badu albo-kalte bat; alegia, atleta moduan ezingo dela nazioartean euskal selekzioarekin lehiatu, baina garbi dauka korrika egiten jarraituko duela. "Denboraldia amaitu zenean hausnarketa apur bat eginda konturatu nintzen Skyrunning zirkuituan bi urte egin eta gero etapa hori amaitutzat emateko ordua dela eta ilusioa egiten didaten lasterketetan egon nahi dudala. Hori bai, ez daukat ideiarik ere ze lasterketatan izango naizen", dio, barrez. "Zorionez, lasterketa askotako gonbidapena daukat, eta, selekzioarekin edo talde bat ordezkatzen lehiatuko ez naizenez, erabateko askatasuna daukat inongo konpromisorik barik nik nahi dudana egiteko. Horrek izugarrizko askatasuna ematen dit. Hala ere, buruak gauzak lasai hartzeko eskatzen badit ere, ostera ere entrenamenduetara itzuli naizenean gorputzak oso ondo erantzun dit, eta konturatu orduko burua martxan hasten da ostera [Barre]. Aurrera dezakedana da Zegama-Aizkorrin egongo naizela lehenengoz; lasterketa hori behin, behintzat, probatu beharra dago".
Aretxabaletakoak, hori bai, lasterkari moduan izango dituen erronkak euskal selekzioko hautatzaile lanarekin tartekatu beharko ditu. "Ilusio handiz onartu dudan erronka da. Dagoeneko hasita gaude lanean, urtea planifikatu egin behar delako. Euskal selekzioan egoteko baldintzak zehaztuta daude, eta korrikalariei jarraipena egitea eta eurekin hartu-emanetan egotea izango da lanetako bat. Duela gutxira arte, selekzioko korrikalarietako bat izan naiz, eta hori abantaila da, badakizulako zer den eurek sentitzen dutena, badakizulako atletek zelan estutzen duten euren burua. Izan ere, gure lana ere bada korrikalarien ondoan egon eta eurak lasaitzea, emaitza edozein dela ere".
Oihana Kortazar, nekaezin
Oihana Kortazarrek (Elgeta, 1984) aparteko aipamena merezi du. Elgetarrak 40 urte beteko ditu aurten, 2008tik dabil trail munduan eta 2023an 35 lasterketa egin zituen. "Uste dut lasterketa gehien egin ditudan urtea izan dela", dio, barrez. Kortazarrek ez du askorik behar urtea gogoz hasteko, baina onartzen du iazko urtarrilean Teiden egin zuen errekorra Youtuben erakutsi izanak motibatu egin zuela. Berez, errekorra hilabete lehenago egin zuen, 2022ko abenduan, baina egindakoa isilpean gorde zuten, eta urtarrilean Salomoneko kanalean erakutsi zuten. El Socorro hondartzatik hasi eta Teideko tontorrerako (3.718 metro) joan-etorria 6.41.18ko denboran egin zuen (55 kilometro) elgetarrak, aurretik Ragna Debats-ek zeukan marka 20 minutu onduta. "Bideoa erakutsi genuenerako hiru aste neramatzan korrikarik egin gabe, denboraldia amaituta neukalako, baina egia da denboraldi berria gogoz hasteko baliagarria izan zitzaidala".
Aurretik zetorkion urte emankorraren hasiera baino ez zen hura. "Urte guztiak izaten dira intentsitate handikoak, baina bai, 35 lasterketa kopuru polita da. Noski, lasterketa horien artean daude nazioartean oihartzun handia daukaten probak, eta baita entrenamendu moduan baliagarriak egiten zaizkidan lasterketa txikiago eta herrikoiagoak ere. Horietan asko gozatzen dut, xarma berezia izaten dutelako". Eta bidean, nabarmentzeko moduko emaitzak egon dira. "Espainiako maratoi distantziako txapelketa seigarren aldiz irabaztea garrantzitsua izan zen, Espainiako atletismo selekzioarekin Munduko Txapelketara joan eta selekzioko ordezkari azkarrena izatea ere garrantzitsua izan zen [helmugan bederatzi- garren] eta Golden Trailen barruan Mont Blanc-eko maratoian podiumera igo izanari ere balioa ematen diot...".
Oihana Kortazar: "Talde baten egoteak baditu betebehar batzuk, hala da"
Lasterketak, baina, bestelako eginbeharrekin eta ardurekin bateragarri egin behar dira, eta Kortazarri bereziki udan gehiago kostatzen zaio hori. "Urteko bigarren zatiaren hasiera asko kostatzen zait beti", dio, umorez. "Baina dagoeneko ez naiz larritzen; badakit horrela izan behar duela, eta kitto. Uztailean eta abuztuan etxeko txikiak oporretan egoten dira, eskolako erritmoa apurtu egiten da, eta gehiago kostatzen zait entrenatzeko denbora hartzea, eurekin egon nahi izaten dudalako: hondartzara joan, bestelako planak egin... Horrek, noski, talka egiten du ondo entrenatu nahi izate horrekin, baina egoerara egokitzea tokatzen da".
Hala, aparteko ilusiorik egiten ez badio ere, denboraldiko bigarren zati horretan Ultra Trail du Mont Blanc (UTMB) barruko OCC lasterketa dauka Kortazarrek buruan –55 kilometro–. "Distantzia horretan lasterketa hori egiteke daukat oraindik, baina egia esango dizut, Chamonixen egoten den giroak ez nau askorik erakartzen, ezta lasterketak berak ere. Lehenago ere askotan egon izan naiz, eta ez nau askorik motibatzen. Iristen da momentu bat non lasterketa baten inguruan sentitzen duzun feeling edo sentsazioei garrantzia ematen diezula, baldintzatu egiten zaituztela, eta ez, lasterketa hori ez dago nire lehentasunen artean. Baina egia da Salomon etxearendako garrantzitsua dela proba hori, eta ulergarria da, oihartzun galanta daukalako. Alegia, talde bateko kide zaren neurrian, halakoak ere onartu egin behar dira. Niregatik balitz, Golden Traileko lasterketa bakarra ere ez nuke egingo, urteak egin ditudalako zirkuitu horretan, baina Salomon da babesle nagusia eta bertako kide naiz. Kontua da iaz azken orduko batzuengatik ezin izan nuela OCC proban egon, eta bai, aurten bertan izango naiz".
Ainara Uribarri, lesiotik bueltan
Ainara Uribarrirendako (Oñati, 1997) 2023ak asko izan du gazi-gozotik. Brooks taldeko atletak oso ondo hasi zuen urtea; besteak beste, Portugalen Goldenetako Louzango lasterketa irabazi zuen, Euskal Herriko txapelketan – Kilimon Trail– txapeldunorde izan zen, Zegama-Aizkorrin ere aurreikusitako denbora egin zuen (5.29.42)... baina ekainean Vall d'Arango lasterketan belaunak nahikoa zela esan zion. "Mugimendu txar bat egin nuen, eta min hartu nuen. Lehenagotik ere molestiekin nenbilen, ez zen lesio berria izan, baina fisioterapiarekin, errehabilitazioa eginda... aurrera egitea lortzen nuen. Ahal nuen moduan iritsi nintzen helmugara, eta han hasi zen urtea okertzen. Abuztuan Alpeetara joan nintzen Brookseko taldekideekin; Sierre Zenal lasterketa egin nahi nuen, baina belauna ez neukan ondo, eta UTMBko ETC lasterketa ere ezin izan nuen egin [16 kilometro]".
Oñatiarrak etxera itzuli eta belauneko erresonantzia eginda ikusi zuen uste baino lesio larriagoa zeukala. "Golden nazionaleko beste bi lasterketa egitea neukan buruan, finalean egon nahi nuelako, baina garbi neukan egoera hartan ezin nuela jarraitu". Eta ondoren etorri ziren belauneko tratamenduak: infiltrazioak, kartilagoan eta tendoian plasma jarri... Eta errehabilitazio lana. "Bi hilabetez geldi egon ondoren, igerilekuan eta bizikletan hasi nintzen. Eta duela gutxi hasi naiz korrika apur bat egiten. Lehenengo korrikaldia abendu amaieran egin nuen; ordu erdi egingo nuen. Eta 4-5 hilabetez korrika egin gabe egon ostean, onartu behar dut barruak mugitu egin zitzaizkidala".
Ainara Uribarri: "Iaz denboraldi erdia min hartuta egin nuen; poliki hasi nahi dut eta gauzak ondo egin"
Uribarrik aitortu du lesio horrek eman diola zer pentsatua: "Denok dakigu kirol jarduerak muturrera eramaten baditugu ez direla osasunerako onak. Hainbat medikurekin egin dut berba. Batzuek esaten dizute hobe duzula korrika egiteari uztea. Baina lasaitu nautenak ere egon dira, gauzak ondo eginez gero korrika egiten jarrai dezakedala. Lan-kargak zainduta, lasterketa kopurua eta distantziak neurtuta... Eta haiei egin diet kasu. Gaur egun niretako oso garrantzitsua da mendian korrika egiten jarraitzea, bizitzeko modu bat da, eta dena bertan behera uztea... Oso gogorra izango litzateke".
Oñatiarra baikorra da 2024ra begira: "Badakit orain ezin ditudala astean 8 ordu korrika egin, bestelako entrenamenduak egin behar ditudala, baina garbi daukat lehiakorra izaten jarrai dezakedala. Golden nazionaleko zirkuitua egin nahi dut, bospasei lasterketa, eta horien artean dago Aloñako Igoera. Gauza bat da, baina, egin nahi izatea eta beste bat da etxeko lasterketarako ondo prestatuta egotea; ea etxeko lasterketan egon dezakedan".
Malen Osa, arreta Goldenetan
Malen Osa (Oñati, 2002) da Salomon etxeak daukan beste erreferentziazko korrikalarietako bat. Oñatiarrak ere ez du 2023ko argi-ilunez zintzo berba egiteko arazorik. "Orokorrean, urte borobila izan da, baina pare bat estropezu izan ditut, eta une gogorrak bizi. Urtea oso indartsu hasi nuen; seguruenik, indartsuegi. Lehen zatian Innsbruck-eko Munduko Txapelketa neukan buruan, eta, harako sailkatzeko, otsailean nuen Espainiako txapelketan ondo egon behar nuen. Eta behin sasoi puntua hartuta zaila da buruari geratzeko esatea, momentua aprobetxatu nahi izaten dugulako, baina etorkizunerako ikasgai ona izan zen hura. Urte hasierako lasterketetan oso errendimendu ona lortu nuen, baina helburu nagusira ez nintzen ondo iritsi; fisikoki eta mentalki erreta iritsi nintzen. Gogoan dut egoera horri kosta egin zitzaidala buelta ematea, baina lortu nuen, eta urteko bigarren zatian Golden Trailetan buru-belarri ibili nahi nuen. Eta lasterketa batzuetara zalantza handiekin joan nintzen, lesioren bat tarteko, giharretako arazoak... Halakoetan, momentu garrantzitsu bat datorrela ikusten duzunean, eta gorputzak erantzuten ez duela ohartzen zarenean... Esaterako, Goldenerako finalean gertatu zitzaidan hori. Lasterketa aurreko bi egunak oso gogorrak izan ziren, nahiz eta kanpotik ez diren ikusten. Bai, emaitza aldetik oso urte polita izan da, baina egon dira halako momentuak, bai".
Malen Osa: "Aurten Zegamara joango naiz, baina presio barik, ez da helburu nagusia"
Osak dagoeneko planifikatu du 2024a, eta ilusio berrituekin dago. "Lasterketei dagokienez, urte oso polita diseinatu dugu- la iruditzen zait, eta garbi dau- kat ez ditudala iazko akatsak errepikatu nahi. Epe luzerako korrikalaria izan nahi dut, eta, horretarako, orain egin beha- rreko lasterketa kopurua neur- tu egin behar dut. Golden Trai- leko zirkuituari emango diot lehentasuna, Asiara joango naiz apirilean, Japonian eta Txinan lasterketa bana daudelako, eta han sailkapen orokorrera be- gira puntu kopuru polita batu nahiko nituzke. Eta gero, Zega- man ere debuta egin nahi dut, jakinda ez dela helburu nagusia. Berez goiz da Zegamara joateko, baina horri ezetz esatea... Pre- siorik gabe joango naiz; goza- tzera. Badakit ez dela nire Ze- gama onena izango, baina, etorkizunean lasterketa hori irabazi nahi badut, pausoak poliki eman behar ditut".
Hain justu, aurten Aloñako Igoera Golden Trail zirkuitu barruan sartu dute, baina oñatiarrak aurreratu du ez dela etxeko lasterketako irteera puntuan egongo. "Iaz hirugarren urtez Aloña irabazi nuenean pentsatu nuen 2024an ez nuela lehiatuko, stop egiteko ordua zela, baina pena ere ematen dit. Edozelan ere, egia da nazioarteko Goldenetan daukadala jarrita arreta, eta, hain justu ere, Aloñako Igoera jokatuko duten momentuan Asian egongo naiz lehiatzen. Ikusle moduan lasterketarekin gozatu gura nuen aurten, baina kanpoan izango naiz".