Guztira, 109 jaiotza erregistratu ziren Debagoienean 2023ko hirugarren hiruhilekoan, Euskal Estatistika Erakundearen arabera (Eustat). Aurreko hiruhilekoak kontuan izanik, gora egin zuen kopuruak –lehenengo hiruhilekoan 93 jaiotza erregistratu ziren eta bigarrenean 79–. 2023an zehar, guztira, 281 haur jaio ziren bailaran, eta, hiruhilekoz hiruhileko, kopuruak gora egin zuen.
Arrasaten jaiotza gehien
Debagoiena osatzen duten bederatzi udalerrietatik jaiotza kopuru handiena izan zuen herria Arrasate izan zen; azkenengo hiruhilekoan 38 haur jaio ziren han, eta aurreko bi hiruhilekoetan 25; guztira, 88 haur. Bigarren jaiotza kopuru handiena izan zuen udalerria Bergara izan zen; azkenengo hiruhilekoan 24 haur jaio ziren han, eta aurreneko bietan 18 eta 25, hurrenez hurren; guztira, 67. Segida horretan, Oñati izan zen hirugarren jaiotza kopuru handiena izan zuen bailarako herria: azkenengo hiruhilekoan 15 jaiotza egon ziren, lehenengoan 19 eta bigarrenean 21; guztira, 55 jaiotza. Horretaz guztiaz gain, nabarmentzekoa da hiruhileko eta herri bakoitza kontuan hartuta 1.000 biztanleko jaiotza-tasa handiena izan zuen herria Eskoriatza izan zela, 2023ko hirugarren hiruhilekoan 3,34ko jaiotza-tasa izan baitzuen. Leintz Gatzaga izan zen 2023an zehar jaiotzarik izan ez zuen Debagoieneko udalerri bakarra.
EAEn ere handitu da
Iazko azkenengo hiruhilekoan 3.478 haur jaio ziren Euskal Autonomia Erkidegoan; horietatik 1.763 Bizkaian, 1.150 Gipuzkoan eta 565 Araban. Bigarren hiruhilekoarekin alderatuta, hirugarrenean EAEn 240 jaiotza gehiago egon ziren. Hala ere, 2022. urteko hirugarren hiruhileko datuekin konparatuz gero, EAEko jaiotza-tasak %1,6ko jaitsiera izan zutela ikusten da. Probintziaka aztertuta, jaitsiera handiena Gipuzkoan gertatu zen: %3. Bizkaian ere ehunekoak behera egin zuen, %1,2; eta Araban, berriz, igo egin zen; %0,2.